Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Talentuz betetako patrikak

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Topikoak astunak dira, gorrotagarriak eta alferrak. Ados, hori guztia badira, baina sarri egiaren parte bat ere bai. Eta topikoen artean bada azken egunotan entzun den bat: «Bankak beti irabazten du». 2008an hasi zen finantza krisiak erakusten du salbuespenak badituela arau horrek, baina 2022an bankuek izandako emaitza ikusgarriek indartu egiten dute. Gerra Ukrainan? Inflazio handia? Energia krisia? Horiek guztiek herritarren patrikak astindu dituzte, baina ez bankuetakoak.

Euskal Herriko bankuek beren emaitzak argitaratzearen bezperan, haien lehiakideen irabaziek marka guztiak hautsi dituzte. Espainiako finantza sistemako sei banku nagusiek 20.849 milioi euro irabazi zituzten iaz. Horietatik, 9.605 milioi dagozkio Santanderri, 6.420 milioi BBVAri, eta 3.145 milioi Caixabanki. Egia da lehen bi kasuetan mozkinen zati handi bat kanpoan egin dutela, baina Espainiako adarren irabaziak ere ez dira nolanahikoak; Santanderrenak 1.560 milioi irabazi zituen, eta BBVArenak, berriz, 1.678 milioi. Nola? Zero intereseko urte zailagoetan makina findu dute, eta jarduera ekonomikoa berpiztu eta interesak gora egin dutenean —«normaldu», haien hitzetan—, haien irabazi marjinak puztu egin dira.

Baina bankuak baino gehiago, bankariak dira beti irabazten dutenak; urtea txarra, erdipurdikoa ala ona izan, dirutza patrikaratzen dute bankuetako goi buruzagiek. «Talentua saritzea» deitzen diote horri, hainbeste merezi duen talentu hori zehazki zertan datzan ikusarazteko zailtasunak dituzten arren. Hainbeste bereizten al da banku bat bestearengandik? Zein da bankarien Messi, zein Mbappe eta zein harrobiko gazte ezezagun bat?

Bada, talentua bada saritzen dena, talentuz josita daude Espainiako bankuak, eurogune osoan haiek ordaintzen baitiete gehien bere arduradunei: EBA Europako Banku Agintaritzaren arabera, 2021ean, 221 goi buruzagik irabazi zuten milioi bat euro baino gehiago; eta hamar milioi eurotik gora irabazi zituzten sei lagunetik hiru Espainian zeuden.

Milioidunen taldetik gertu ibili izan da Gregorio Billelabeitia: Kutxabankeko aurreko presidenteak ia 900.000 euro patrikaratu zituen 2020an, eta beste 600.000 Francisco Javier Garcia Lurueña kontseilari ordezkariak.

EBAk berak dio Espainiako bankuak beste gauza batzuetan ere nabarmentzen direla. Batetik, haiek dute eurogune osoan kapital gutxien. Ostegunean zabaldu zituen EBZk azken datuak, eta horietan azken putz dira, %12,8ko kapitalarekin; euroguneko bankuek %15 dute —eta dena esan beharra badago, hortik gora daude Kutxabank eta Laboral Kutxa zuhurragoak—.

Bestetik, bezeroak haien gordailuengatik gutxien ordaintzen dutenen artean ere nabarmentzen dira Espainiako sistemakoak: batez beste %0,7ko interesa ordaintzen dute epe finkoko gordailuen truke; eurogunean, berriz, %1,2. Eta ez dirudi azkar aldatuko denik kopuru hori, likidezia sobran dutenez, ez dutelako motiborik aurrezkia ehizatzeko. Ondorioa azken astean ikusi dugu Espainiako Bankuaren egoitzetan: diru pixka bat aurreztua duten herritarren ilarak, zor publikoa erosteko, errentagarriagoa delako.

Zergak eta dibidenduak

Hain irabazi handiak izanda, horien diru zati bat gizarteari zerga berriaren bitartez itzultzeko arazo berezirik ez dutela izango pentsatuko luke batek baino gehiagok. Inoiz ez baitago sobran gogoratzea erreskatearen faktura 73.261 milioi eurorena dela. Bada, ez. Hurrengo asteotan pagatuko dute zergaren lehen zatia, baina hori egin bezain laster helegitea jarriko dutela iragarri dute erakunde batzuek.

Talentuak beste lehentasun batzuk ditu: akziodunak saritzea. Pattal ibili dira bankuen akzioak azken urteetan —BBVAren akzioak 17,6 euro balio zuen 2007an, eta 6,8an dago orain—, eta dibidenduen bitartez susperraldi bat ematea erabaki dute bankuek. EBZren zuhurtzia deiei arreta gutxi eginez, Ibex 35ean kotizatzen duten sei bankuek iragarri dute 9.340 milioi banatuko dizkietela beren 5,6 milioi akziodunei, irabazitakoaren ia erdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.