AEBetako hauteskundeak. Biden garaile

Maizter aldaketa Etxe Zurian

Joe Biden izango da AEBetako 46. presidentea. Lehen aldiz, emakume afro-amerikar bat, Kamala Harris, izango da presidenteorde karguan. Donald Trumpek auzitara joko duela iragarri du

arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bozketa egunetik lau egunera, garaipena ziurtatu du Joe Biden Alderdi Demokratako presidentegaiak. AEBetako hedabide nagusiek jakitera eman dutenez, Biden nagusitu egin da, Pennsylvanian lehenik eta Nevadan jarraian, eta, hurrenez hurren, estatu horiei dagozkien hogei eta sei ordezkariekin -279 eskuratuko lituzke guztira-, ziurtatua du Etxe Zuriko giltza.

Posta bidezko botoei esker lortu du Pennsylvaniako emaitzak iraultzea. Han, botoen %75 zenbatuta zegoenean, 11,5 punturen aldea zuen Donald Trump AEBetako presidente eta hautagai errepublikanoak, baina, azkenean 0,5 punturen eta 34.400 botoren aldea atera dio Bidenek. Buruzagi demokratak atzo arratsaldean bertan aldarrikatu zuen garaipena, zenbait saretan zabaldutako ohar baten bidez: «Oztopo ikaragarriak egon arren, inoiz baino amerikar gehiago joan zen bozkatzera, eta frogatu zuten beste behin demokrazia Amerikaren bihotzean dela. Kanpaina amaituta, garaia da haserrea eta hitz gogorrak alde batera uzteko, eta nazio baten gisa elkarrekin aurrera egiteko».

Bozak irabazi dituela jakin eta gutxira hasi da Biden legealdi berria prestatzen, eta iragarri du bihar osatuko duela COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeaz arduratuko den taldea. Orotara, hamabi pertsona izango dira. Aldiz,AEBetako Gobernua osatuko dutenen izenak jakiteko aste batzuk itxaron beharko dira oraindik.

Erreakzioak

Lehen aldiz, AEBek emakumezko afro-amerikar bat izango dute presidenteorde karguan, Kamala Harris, eta bera izan da Biden zoriontzen lehena ere: «Hauteskundeak ez dira soilik Joe Bideni edo niri buruz ari. Hori baino gehiago dira. Amerikaren arimaz eta haren alde borrokatzeko grinaz ari dira. Lan asko dugu egiteko. Has gaitezen».

Aldiz, Trumpek ez du oraingoz hitzik egin, eta, haren gertukoek zabaldu dutenez, ez du agerraldirik egiteko asmorik ere. Duela lau urte, Hillary Clintoni ere kosta egin zitzaion porrota onartzea. Harik eta, zenbait iturriren arabera, Barack Obama presidenteak deitu, eta Trumpen garaipena onartzeko eskatu zion arte. Ordu hartan, egun gutxiren buruan AEBetako presidente kargua hartuko zuenak txio bat idatzi zuen bere Twitterreko kontuan. Hala zioen: «Vladimir Putinek hauxe esan du gaur Hillaryri eta demokratei buruz: 'Nire iritziz, umilgarria da. Norberak jakin beharko luke duintasunez galtzen'. Egia da!». Lau urte igaro dira, eta 2016an Clinton zegoen tokian dago orain Trump, eta ez dirudi Putinen aholkua betetzeko asmoa duenik. Alderantziz, azken egunotako agerraldietan argi utzi du ez duela amore emango. Hala, garaipena aldarrikatu duenean, Bidenek «gezurra» esan duela salatu, eta prozesua «amaitzetik urrun» dagoela ohartarazi zuen atzo: «Astelehenetik aurrera, gure kanpainako kideek auzitegiko prozesua hasiko dute, ziurtatzeko arauak bete direla eta benetako garailea aldarrikatzen dutela. Estatubatuarrek hauteskunde zintzoak merezi dituzte: horrek esan nahi du legezko boto guztiak zenbatzea, eta ez legez kanpokoak».

Bestelakoa zen giroa Etxe Zuriaren kanpoaldean, non milaka lagun batu ziren Bidenen garaipena ospatzera. Baina ez Washingtonen bakarrik, AEBetako hiri nagusietan jendea multzoka irten zen kalera, asko Trump kanpora zioten kartelekin, eta Bidenen alde oihuka. Miamin bertan hainbat lagun elkartu ziren Little Havanako Versailles jatetxearen atarian, demokraten garaipena ospatzera. Chicagon, berriz, xanpain botilak ere zabaldu zituzten Etxe Zuriko maizter aldaketa ospatzeko.

AEBetan Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi demokrata izan zen Biden zoriontzen lehenengotakoa. «Gaurkoan egunsenti berri bat hasi du Amerikak». Barack Obama presidente ohiak ere txalotu zuen Biden eta Harrisen garaipena, baita Hillary Clintonek ere.

Nazioarteko buruzagi ugarik zoriondu zuten gobernuburu berria izango dena: besteak beste, Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek, Norvegiako lehen ministro Erna Solbergek,eta Kanadako Justin Trudeauk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.