joxerra senar
GEURE KONTU

Inflazioa, berriro ate joka

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Eta inork espero ez zuenean, inflazioa ate joka dago. Edo hori dirudi. 2008ko finantza krisian, aditu askok iragarri zuten goizago edo beranduago prezioek gora egingo zutela, eta banku zentralak behartuko zituela interes tasak igotzera; baina, haien harridurarako, ez zen halakorik gertatu. Guztiz alderantziz, deflazio arriskuari, atzeraldiari eta gerora zor publikoaren krisiari aurre egiteko, banku zentralek interes tasak %0raino jaitsi zituzten, eta diru politika oldarkorrak erabili. Horrek, baina, ez zituen igo prezioak. Eta gaitz erdi.

Oraindik ere, Atlantikoaren bi aldeetan, interes tasek oso apal jarraitzen dute, baina inflazioaren tenperatura igotzen hasi ote den lehen zantzuak ageri dira. Hego Euskal Herrian, urte arteko KPIa %2,5era heldu zen apirilean, eta eurogunean, %1,9ra. Aurretik ere, iragan hamarkadako garai jakin batzuetan, inflazioak islatu ditu halako igoerak Europan eta Euskal Herrian.

Oraingoz, kezka batik bat AEB Ameriketako Estatu Batuetatik dator. Han, apirilean %4,2raino heldu zen inflazioa, eta berehala sortu dira zalantzak. Zenbat denbora iraungo du goranzko joerak? Hasiko ote da Erreserba Federala interes tasak igotzen? Pandemia osteko suspertzean, nola eragin dezake horrek?

Prezioen goranzko joera mundu mailakoa da, eta, atzean, faktore nagusi moduan, lehengaien salneurrien igoera dago. Nabarmenetakoa petrolioa da. Brent upela 69,5 dolarrera heldu zen asteazkenean, eta urtea 51 dolarrean hasi zuen iazko konfinamendu garaian, 25 dolarreraino jaitsi zen-. Gorakada handiagoa erdietsi dute beste lehengai batzuek, hala nola kobreak eta burdinak. Txinako ekonomia abiada betean hazten ari da berriro, eta nazioarteko lehengai merkatuak astindu ditu berriro.

Hegoaldean, bada faktore bereizgarri bat: argindarra. KPIa kalkulatzeko, familiek egunerokoan gastatu ohi dituzten 500 produktu eta zerbitzuren prezioak hartzen ditu aintzat INE estatistika erakundeak, eta saski horretan %3ko pisua du elektrizitateak. Alabaina, apirilean KPIak izandako igoeraren erdia baino gehiago argindar fakturari zor zaio.

«Hain azkar eta hainbeste»

Beste arrazoi batzuk gaineratzen dira AEBetan. Alde batetik, semieroaleen hornidura arazoek bigarren eskuko autoak erostera bultzatu dituzte estatubatuar asko, eta, merkatu horretan, prezioak %10 igo dira batez beste. Bestetik, Amazon, McDonald's eta beste enpresa handi batzuek soldatak igo dizkiete beren langileei, pandemian egindako ahalegina saritzeko. Ondorioa? Apirilean prezioak %0,8 igo zirela eta urte arteko tasa, berriz, %4,2ra.

Larry Summers Barack Obamaren ekonomia aholkulari izandakoak piztu zuen alarmaren botoia Twitterren: «Inflazioarekin kezkatuta zeudenen taldean nengoen, baina ez nuen uste hain azkar eta hainbeste igoko zenik».

Haatik, urrats oro oso ondo neurtzeko garai berezia da oraingoa. Izan ere, pandemiak gogor jo du ekonomia, eta, burua altxatzen hasteko garaia heldu denean, tasak azkarregi igotzeak ekonomiari onura baino min handiagoa eragin diezaioke. Horregatik, ondo neurtu behar da goranzko joera hori behin-behinekoa den alasakona. Oraingoz, Erreserba Federalak uste du aldi baterako baino ez dela, eta iritzi hori bera azaldu zuen atzo Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. «Datorren urtean berriro jaitsiko da».

Banku zentral ororen xedea prezioen egonkortasuna zaintzea bada ere, AEBetakoak adi erreparatzen dio ekonomia hazkundeari ere. Inflazioa zaintzeko lan horretan, inflazioa %2an izateko helburu klasikoari, malgutasun dosiak aplikatu dizkio azken urteetan: epe luzerako, %2 jarri du xede gisa, baina, epe motzera, %3tik gora joateko lizentzia eman dio bere buruari.

Europan, zailagoa da hori. Beti daude erne Alemaniako belatzak EBZ urrunegi joan ez dadin errealitateren interpretazio malguan. Urteak daramatzate agertzen ez den inflazio baten arriskuaz ohartarazten. Goiz da benetan otsoa etorri ote den jakiteko; are gehiago pandemiaren garai nahasian. Baina komeni da ez ahanztea inflazioa ez dela asmakizun huts bat, eta arazoak sortzen dituela, gutxien dutenei batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.