TURISMOA KANTU ETA ERRIMA BIDEZ

Dozenaka bertsozale elkartu dira Aramaion, Bertso Egunaren aitzakian. Herria ezagutzeko bisita gidatua egin dute bertsoekin lagunduta, eta bisita turistikoa bertso saio ibiltari bat bilakatu da. Bakarra egin beharrean, bost bazkari egin dituzte, festa herriko gainerako txokoetara ere zabaltzeko.

Hiru geldialdi egin zituzten bertsozaleek goizeko saio ibiltarian; Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Ane Zuazubiskar aritu ziren horietako batean kantuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Aramaio
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ongi etorri Aramaiora». Libe Ramila Amillena Turismo Elkarteko kideak hasi du herriko kontu argigarriei buruzko bisita gidatua. Herriko plazan dute jarria ordua, eguerdian, eta haren bueltan dozenaka lagun batu dira ordurako. «Araban gaude», zehaztapena gidariak berehala. «Eta ez gara Arabako herri euskaldun bakarra». Barrez erantzun diote bertaratutakoek. Izan ere, askok Gipuzkoarekin edo Bizkairekin lotzen dute herria, euskarak bertan duen presentzia nabarmenagatik, batez ere, baina baita kokapen geografikoagatik ere. Bisita gidatu berezia da, ordea. Azalpenak, tarteka, bertsotan ere eman dituztelako, eta turistarena egiten ari direnak, bisitari atzerritarrak izan beharrean, bertsozaleak direlako. Bisita gidatu turistikoa bertso saio ibiltari bat bilakatu zen, atzo, 2020ko Bertso Egunean.

Bertsozaleen urteroko zita izan zuten atzokoa. Hirugarren urtea da topaketa Donostiatik kanpo egiten dutela. Mungian (Bizkaian) eta Barañainen (Nafarroa) egin ondoren, Aramaio izan dute elkargune oraingoan. Herria ez ezik, formatua ere urtez urte aldatu dute, tokian tokiko errealitatera egokitzeko. Eta Aramaio herri txikia izanik, bertso saio nagusia kalera ateratzea erabaki dute antolatzaileek, eta, bide batez, herria ezagutzera emateko aukera baliatzea, bertsoa eta turismoa elkar lotuz.

Hiru geldiune izan zituzten bisitan zehar, eta toki bakoitzean hiruna bertsolari. Sasiña ermita izan zuten aurreneko arretagune nagusia. Toki berezia da aramaioarrentzat. Azalpena eman zuen Ramilak: «Antzinako usadio batek dio herrira bizitzera etortzen zen orok odol garbia zuela adierazi behar zuela bertan: zin egin behar zuen». Ohitura hori aitzakia hartuta, herritar izateko aukera eskaini zitzaien Xabi Igoa, Irati Majuelo eta Jokin Uranga bertsolariei. Igoa bera aramaioarra izanik, odol kontuak izan zituen hizpide: «Aramaioko biztanle izan/ nahi ea hori helburu/ ta ea herriak halako baten/ hartuko ote gaitu gu/ odol garbirik ez dago hemen/ horretaz nago seguru/ eta bizitzen geratuz gero/ gehio zikinduko dugu». San Sebastiani eskainitakoa izan zen hasiera batean ermita, Ramilak kontatu zuenez, baina izena aldatu zioten herritarrek gerora. Urangak santua gogora ekartzeagatik kargu hartu zion gidariari: «Gure sagarrak aberiarik/ ez du egingo saskian/ ni Azpeitian bizi izan naiz/ ia bizitza guztian/ Aramaiora etorri eta/ gaur nago mala hostian/ San Sebastiani ihesi etorri/ eta bertan San Sebastian».

San Martin eliza nagusian egin zuten goizeko bigarren geldiunea. Eta berriz ere ohartarazpena Ramilak: «Aramaioarrak tranpati hutsak dira». Izan ere, herriko festak uztailean ospatzen dituzte herrian, baina azaroan ospatu beharko lituzkete herriko zaindariaren egunaren arabera. Gidariak kondaira zaharrei heldu zien jarraian: «Elezahar baten arabera, aramaioarrek tranpa egin zuten herriaren mugak zehaztu zituztenean. Istorioak kontatzen duenez, mugakide zituzten herri bakoitzetik lasterkari bana atera zen Aramaiorantz egunsentiarekin batera, eta alderantziz: elkartzen ziren tokian ezarriko zuten muga. Aramaioarrak, baina, behar baino lehenago atera ziren».

Korrikalari horien paperean sartu ziren, bada, Peru Abarrategi, Sustrai Colina eta Amaia Iturriotz. Iturriotzek, esaterako, Arrasatekoak ere tranpatiak direla jarri zuen aitzakia modura: «Guretzako deus ez da/ euri eta behe laino/ ni errez joango naiz/ Arrasateraino/ baina Mondra aldekoek hainbeste engaino/ tranposoagoak dira agian gu baino». Abarrategik, aldiz, gogora ekarri zuen iruzur haren ondorioz, egunOtxandioko (Bizkaia) udal instalazio batzuk Aramaioko lurretan daudela. «Mondran tranposo asko badira jakina/eta hori lortzeko ez egin ahalegina/ni Otxandiora noa arineketan grina/ eta nigatik dugu pistina».

Trikitilarien laguntzarekin egin zuten kalejiran hirugarren geltokira arteko bidea. Bainuontzi parkea zuten ibilbideko azken topalekua. Egun, haur parkea da, baina baita eskolako jolastokia ere, eta bertan dago «herriko arretagunerik ezagunena»: txirrista erraldoia. Parkeari izena, ordea, izkina batean dagoen harrizko bainuontzi batek ematen dio. Izan ere, garai batean, bainuetxe bat zegoen toki berean. Osasungarria omen den «ur sulfuroso» hura probatu zezan gonbidatu zuen Oihana Iguaranek Andoni Egaña: «Ur sulforosoena egin zuten promes/ oso onak dira edaten onez/ ta probatu edo ez behin hemen gaudenez/ hau ezin kabituta lehendikan dagonez/ probatu ikusteko guk edo ez». Ezezkoa eman zion hark, ordea: «Balnearioan gero zer-nolako festa/ ekarri omen dute kristoren orkestra/ ta ura probatzeak sortzen didan kezka/ ezezkoa emanda banoa iheska/ sulfuroso edo ez ur onik ez da». Ane Zuazubiskarrek, aldiz, bisitari esker ikasitakoa azpimarratu zuen: «Ondo aprobatuta gaurko azterketa/ historia pixka bat behar da tarteka/ nik buruan badaukat nahiko txiste buelta/ baina ixilik herritik botako naute ta».

Bost bazkari

Aramaioko udalerria bederatzi herri edo elizatek osatzen dute, eta horietako bakoitzean dute gastronomia elkarte bana, Igoak azpimarratu zuenez. Berezitasun hori baliatu zuten antolatzaileek bazkari bakarra egin ordez,bost bertso bazkari egin, etafesta herriko gainerako txokoetara zabaltzeko. Iparra-Hegoako lagunek prestatu zuten bazkaria. Erramun Amundarain aritu zen sukaldari lanetan: «Guztira,300 lagunentzako bazkaria prestatu dugu. Urtero aritzen gara Bertsozale Elkartearekin lankidetzan».

Festak bazkalostean jarraitu zuen. Nerea Elustondo, Unai Iturriaga, Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Ane Labaka, Iñaki Viñaspre, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria izan ziren bertsotan. Bina bertsolari elkarte bakoitzean. Umorez eta lagun giroan aritu ziren denak. Iluntzerako, ordea, bertsozale guztiak elkartu ziren berriz ere. Urola erdialdeko trikitilariek eman zioten amaiera festari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.