'NI'-A, GERO ETA PRESENTEAGO

Mundu osoan zabaldutako joerari jarraituz, euskal literaturan gero eta kasu gehiagotan agertzen da idazlea bere liburuan; lan autobiografikoetan batzuetan, fikzioko parte bihurtuz besteetan. Idazle eta kritikari batzuek aurrerapausotzat dute hori, baina bada mesfidantza sentiarazten dionik ere.

Juan Luis Zabala
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Dela kontaketa autobiografikoen bidez, dela autofikzioaren bidez, dela disimulu gutxiko alter ego aise identifikagarrien bidez, azken urteetan idazlea liburuan sartzen ari dela esan daiteke, eta inoiz baino presenteago dagoela euskal literaturako obretan. «Eslogan ponposo bat erabiltzeko, 'ni-aren aroa hasi dela' euskal literaturan aldarrikatuko nuke», adierazi du oraindik orain Joseba Gabilondo idazle eta literatur ikerlariak El Diario Vasco egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean. «Hemendik aurrera autobiografiak, sasi-biografiak eta bestelako saio erdi nartzisista erdi (post)traumatiko ugari irakurriko ditugu». Ez du, berez, kalte larri tamalgarritzat jotzen hori, saio horien artean «denetik» izango dela uste baitu, «onak eta txarrak».

«Nazioarteko literaturan zabaltzen ari diren joerei erantzuten die boom txiki horrek, halakotzat hartzea zilegi bada», Iban Zaldua idazlearen ustez. Gizarte joerekin zerikusia ere izan dezakeela ere uste du, «niaren sublimazio edo goititze orokor eta neurrigabearekin» zehazki, eta litekeena dela «zirkunstantzia partikularragoek» lagundu izana, «euskal gatazka delakoaren baretzea bezalakoek» batez ere.

Postmodernitatearekin lotzen du idazlearen nia liburuan sartzeko joera Jon Kortazar literatur irakasle eta kritikariak. «Postmodernitateak eskatzen du hurbileko gauzak kontatzea, eta zer hurbilago norberaren nia baino?».

Idazleak liburuetan gehiago agertzeko joera «gure garaiko artearen sinesgarritasun faltaren sintoma bat» dela uste du Kirmen Uribe idazleak. «Gero eta gehiago dira nobelak, filmak, artelanak benetakotasuna oinarri dutenak. Benetakotasuna bilatze horrek sinesgarritasuna berreskuratzea du helburu, batetik; baina, bestetik, kritika zuzena egitea, gizartearen kritika, giza harremanena eta baita egile-irakurle harreman horrena ere, non autorea metro batzuk gorago zegoela zirudien».

Niaren aldeko joera hori indartzea «urrats bat» da euskal literaturarentzat, Miren Agur Meabe idazlearen ustez. «Adierazten du, batetik, genero autobiografikoak pizten duela interes literariorik gaur egun, tradizioz menostua izan bada ere; bestetik, erakusten du bizitza pribatuari edo intimitateari buruzko aurrejuzku sozial eta moralak gainditzen ari garela, etxeko sua etxeko hautsez estali behar dela dioen esaera zaharraren filosofiak indarra galdu duela».

Kortazarren ustez, heldutasun zantzutzat ere jo daiteke autobiografia eta autofikzioen azken urteetako gorakada, «lasaitasun bat» adierazten duen neurrian.

Heldutasunarena ukatu gabe, Zalduak ikuspegi ezkorragoa ematen du, ironiaz: «Inguruko sistema literarioetatik datozkigun joera edo modei jarraitzeari heldutasuna deitzen badiogu, ba agian bai, heldutasun zantzu bat da. Dena den, hau heldutasuna baldin bada, ez dut pentsatu nahi zahartzaroa zer izan litekeen...».

Zalduaren ustez, «egotismoa» sustatzen duen gizarte «turbokapitalista» baten premiei erantzuten die autobiografia eta autofikzioen gorakadak. «'Egiaren sentsazioa' hobeto transmititzeko premiari» ere erantzun diezaiokeela uste du, «fikzioaz neurri batean nekatuta dirudien irakurleria baten aurrean, batzuek dioten bezala». Baina ez du bat egiten fikzioaz nekatutako irakurleria batez mintzo den ikuspegi horrekin, uste baitu ikuspegi hori «idazle batzuen keria» dela «irakurleena baino» gehiago.

Autofikzioaren auzia

Autofikzioaren praktikatzaile ezagunena ez ezik, arlo teorikoan autofikzioaren defendatzaile nagusia ere bada Uribe euskal idazleen artean. Autofikzioa zer den zehaztu beharra dagoela dio, autobiografiatik bereizteko: «Batzuek denari deitzen diote autofikzio, eta Bernat Etxepareren poemak ere autofikziotzat jo ditzakete. Baina autofikzioa kontzeptu gisa XX. mende bukaeran eta XXI.aren hasieran gertatzen da. Eta ez da soilik autorea liburuan azaltzea. Autofikzioa egiteko, egileak kontziente izan behar du autofikzioa egiten duela; bere izena liburuan sartzen du, baina fikzioaren mesederako, eta ez memoria eginez edo bere bizitzako gauzak kontatuz».

Uriberen ustez, autofikzioa «fikzio hutsarekiko» erreakzio bat da, «sinesgarritasuna galdu duen literatura konbentzionalarekiko» erreakzio bat. «Autofikzioan, idazlea ez da testutik kanpo geratzen, berak ezerekin zerikusirik ez balu bezala. Parez pareko harremana bilatzen du horrela irakurlearekin, irakurlearen eta pertsonaien maila berean baitago, eta ez den-dena gidatzen duen zuzendari ezkutuaren paperean. Autofikzioak nozio autoriala bera zalantzan jartzen du, eta baita egiletasun klasikoa bera ere. Egilea ez da jainko txiki bat. Maskara kentzen du, eta bera ere 'busti' egiten da, kanpoan geratu gabe».

Autofikzioarekiko mesfidatia da, aldiz, Zaldua, Autofikzioaren aurkako manifestua idaztean erakutsi zuenez (Oharrak & Hondarrak blogean): «Aldeak alde, esan daiteke autofikzioa dela, literaturarekiko, reality-ak telebistarako direna», Zalduaren ustez. Hiru arrisku nagusi ikusten dizkio autofikzioari: «Batetik, 'kanpoko mundua' islatzeko literaturak duen funtzioari uko egitearena, neurri batean bederen; bestetik, fikziozko itunaren eta itun biografikoaren artean sortzen den nahasmendu interesatua; eta, azkenik, 'egiaren sentsazio'-aren izenean, paradoxikoki, egiatik (egia literariotik) urruntzearena».

«Garai batean ildo autobiografikoari ekitea izan zen, akaso, esklusiboki gizartea islatzera zuzendutako narratiba baten mekanizismoaren aurkako antidoto bat, baina ez dakit ez ote den pendulua beste alderantz gehiegi makurtu», azaldu du Zalduak. Horrez gain, autofikzioan idazleak «tranpa» egiten duela uste du, «kode ezberdinak dituzten baliabideak» nahasten dituelako, «irakurketa ezberdinak» eskatzen dituztenak: egia eta egiantzekotasuna.

Arriskuak eta abantailak

Salbuespenak izan daitezkeela onarturik, giza arimaren alde ilunenak islatzeko tresna kamutsa iruditzen zaio Zalduari autofikzioa. «Konparatu bestela Ramon Saizarbitoriaren Martutene-ko Martin idazlearen pertsonaiaren eraikuntza konplexu eta sinesgarria, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat-ek edo Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao-k eskaintzen dituztenekin… Egiarik gordinenak esateko ziurrenik hobe da fikziozko pertsonaia batean zentratzea, geure buruetan baino; geure buruez, ziurrenik, sinesgarriak izateko direnak baino irudi xaloagoak, positiboagoak edo interesgarriagoak eskainiko baititugu».

Uriberen ustez, ordea, «autofikzioa kritikatzea besterik gabe» zentzugabekeria da. «Estilo indirekto librea kritikatzea bezala, nahiz eta bere garaian polemikoa izan zen hori ere. Autofikzioa idazleak darabilen baliabide bat da, narraziorako aukera bat. Baina benetan inportanteena da autofikzioaren erabilerak zentzua izatea nobelan, oreka bat egotea formaren eta edukiaren artean».

Autofikzioaren aldezle eta praktikatzailea izanagatik ere, autofikzioaren arriskuez kontziente da Meabe. «Protagonista-egile-narratzaile identifikazioren ondorioz, izenaren kointzidentziak pentsaraz dezake kontatzen den guztia egia dela, egiantza sendotzen duelako. Horren aurrean irakurlea ezeroso senti daiteke, eta pentsatu: 'Nora zatoz inori interesatzen ez zaizkion zure zerak kontatzera? Emadazu benetako istorio bat. Asmatu, ez aitortu'. Irakurle horrek ez du onartzen autofikzioaren itun inplizitoa; hau da, egileak estrategia bat kalkulatu duela bere burua anbiguotasunez aurkezteko. Autofikzioa ez da gardentasuna, gardentasun itxura baino».

Autofikzioaren arriskuei «alderdi autobiografikoak nobelatuz» egin dakieke aurre, «ortopedia bat fabrikatuz», Meaberen ustez. «Nire kasuan, uste dut ondo ulertzen dela hori [Kristalezko begi bat nobelako] kristalezko begia protesi metaforikoa dela azaldu izan dudanean». Niaren literatura «sorkuntzaren aldaera legitimo bat» dela dio Meabek, «lotura zuzena daukana egileak bere esperientziak lehengai narratibo gisa erabiltzeko duen gaitasunarekin eta motibazioarekin».

«Norberaren bizitzan oinarritutako kontakizun bat sortzea abentura erakargarria da», Meaberen ustez, «nora eroango zaituen ez dakizuna, aurkikuntza pertsonal batzuk gogoratu-irudikatu-asmatu ahala egiten baitira. Konparazio bat eginda, esan liteke antzera egiten genuela umetan istorioak asmatzen genituenean, norbera edota lagunak protagonistatzat jarrita. Ahoz, bertatik bertara, jolasean egiten genuen 'niaren literatura'; alegia, irudimena lehen pertsonan —eta lehen pertsonaren gusturako— garatu».

Autofikzioak ez du aitzakiarik, Kortazarren ustez ere, ondo egiten bada: «Nitasuna graziarik gabe kontatzen denean, izango du arazorik autofikzioak, baina gauzak ondo egiten badira, planteamendu estetiko indartsuekin, ez du zertan arazorik izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.