BIZIRIK SENTITZEA BERA

11.000 eztarrik arima urratu arte oihukatu dituzte Berri Txarrak-en abestiak, hirukoteak Nafarroa Arenan eman dituen bi agur kontzertuetako lehenengoan, ostiralean. Askok taldea zuzenean ikusiko duten azken aldia izan dute, eta hustu arte gozatu dute.
Ostiraleko kontzertuan ere azkena balitz bezala aritu ziren Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre.
Ostiraleko kontzertuan ere azkena balitz bezala aritu ziren Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Lasa Etura -

2019ko azaroak 24
«Eta zaila da esplikatzen guztia eman ondoren geratzen den sentimendu hori». Berri Txarrak-en Gelaneuria abestiko hitzek inoiz baino hobeto azaltzen dute herenegun Nafarroa Arenan bizi izandakoa. Zinez zaila baita deskribatzen hirukotearen kontzertu amaieran uholdeka ateratzen ari zirenen aldartea. Sentimendu zirimola batean murgilduta, asimilatzen ari ziren oraindik bi ordu eta erdiz bizi izandako irri, negar, kirio, salto, bultzada, besarkada, oihu, txalo eta izerdia. Ekaitzaren osteko barealdian bezala, arima hustuta eta bihotza beteta ziren denak.

11.000 lagun bildu ziren Nafarroa Arenan (Iruñea), lepo ziren harmailak eta pista, eta horietako gehienentzat Berri Txarrak taldearen azken kontzertua zen ostiralekoa. Bi hamarkada eta erdiz bidaide izan duten taldeari agur esateko tenorea iritsi zitzaien. Eta ez oholtza gainekoek, ezta ikusleek ere, inork ez zuen gogoan izan larunbatean beste kontzertu bat zegoenik. Pasioa baita exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Benetan azken kontzertua balitz bezala bizi izan zuten, akorde bakoitza eta estrofa bakoitza azkenekoa balitz bezala. Bizirik sentitzea bera, finean.

Letragile trebea izateaz gain, unean sentitzen duena definitzen ere abila da Gorka Urbizu. Kontzertu amaiera iristear zenean, esaldi batekin definitu zuen hirukoteak «geldialdi mugagabea» iragarri zuenetik bizi izan duten guztia. «Eskerrik asko. Benetan geratuko den hutsunea zuek guri utziko diguzuena da». Hala bizi baitute agurra zale askok, umezurtz geratzearen sentsazio batekin: «Eta min eman arte, zure falta izan». Baina, herenegun, konplizitatea gailendu zen, komunitate sentimendua. 1994. urtean elkartu ziren lehen aldiz Lekunberriko (Nafarroa) lau gazte Berri Txarrak izenarekin musika jotzeko gogoz, eta, 25 urte pasatu eta gero, milaka pertsonak osatzen dute Berri Txarrak unibertsoa. Bihotzak josita, komunitate horren erakusle zen Nafarroa Arena: nerabeak, gazte kuadrillak, bikoteak, gurasoak seme-alabekin... Batzuk hastapeneko Berri Txarrak diskotik izango dira zaleak; beste batzuek, ordea, Infrasoinuak-ekin ezagutu dute taldea. Denek egin zuten bat, lehen kontzertua zutenetik hogei alditik gora ikusi dutenetara.

Gelaneuria aukeratu zuten Ikusi arte agur birako azken bi kontzertuetako lehenengoari hasiera emateko. «Betiko zirudien, betirako amaitu da» hitzekin hasten dena, hain zuzen ere. Ezer ez da kasualitatea Gorka Urbizurekin, David Gonzalezekin eta Galder Izagirrerekin. Mende laurdeneko ibilbidea bi ordu eta erdian laburtzeko gai izan ziren, disko guztietako abestiak aukeratuta: Jaio.Musika.Hil-eko sei abesti, Libre-ren bost, Infrasoinuak, Denbora da poligrafo bakarra eta Eskuak/Ukabilak lanetako lau; Ikasten-eko hiru, Haria eta Payola diskoetako bi, maketatik eta Berri Txarrak albumetik berreskuratutako Tortura nonahi; 18/98ko makrosumarioko auzipetuei babesa emateko grabatutako Min hau eta KOP taldearekin sinatu zuten Sols el poble salva al poble.

Ohi duten bezala, El Columpio Asesino taldearen Toro abestia egokitu zuten Oreka abestiaren erdian, eta Irrien Lagunak gogoan izan zituzten, zale guztiak Riki Riki kantatzen eta dantzatzen jarrita. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen aurka Enrique Maia Iruñeko alkateak egindako zentsura salatu zuen Urbizuk: «Hemen gara Irrien Lagunak, eta baita adierazpen askatasunaren lagunak». Ez ziren izan abeslariak gogora ekarri zituen bakarrak. Elkartasuna adierazi zien Altsasuko gazte presoen gurasoei ere —etengabe entzun ziren Altsasukoen aldeko aldarriak—, eta haiei eskaini zien Zerbait asmatuko dugu abestia.

Belaunaldi berriei keinu

11.000 arima zutik haiei so zeudela taularatu ziren Berri Txarrak-eko hiru taldekideak, beltzez jantzita. Ordurako mukuru bete zen Nafarroa Arena, baina ez zen pilaketa handiegirik egon, oso goiz ireki baitzituzten ateak, nafarren kontzertua hasi baino hiru ordu eta erdi lehenago. Goiztiarrak izan ziren kontzertua lehen ilaretatik ikusi nahi zutenak, baina Nizuri Tazuneriren kontzertu hasieran ere erraz samarra zen pribilegiozko lekuren bat aurkitzea, harmailak pixkanaka betetzen ziren bitartean.

Plaza zaila zen herenegungoa trap bikotearentzat, zale guztiak hurrengo kontzertuaren zain zeudelako, eta gutxik ezagutuko zituztelako ziurrenik. Baina errealitate horren gainetik, aukera bikaina zuten rocketik urrun dagoen musika jendaurrean aurkezteko. Norzzone eta Fani zeuden oholtza gainean, Zazpi eta Musika ala hil diskoetan bildutako abestiak kantatzen, baina izan zitekeen euskaraz rap edo trap musika jorratzen duen beste edonor. Horren jabe izanik, haiei gorazarre egin zieten kontzertuaren erdian. Berriro ere, ezer ez da kasualitatea Berri Txarrak-ek hartutako erabakietan. Nizuri Tazuneri aukeratuta, keinu nabarmena egin zioten indarrean datozen belaunaldi berriei. Rockaren adar oparoak nagusi izan dira Euskal Herrian hamarkada luzez, baina zeinek daki zer ekarriko duen etorkizunak. Atzoko kontzerturako, ordea, urte mordoa kontzertuak ematen ibili den taldea gurtzeko baliatu zuten: Leihotikan-ek jo zuen hirukotearen aurretik.

Gelaneuria-rekin hasi zuen kontzertua Berri Txarrak-ek. Konturatzerako, ordubete igaro zen, eta jada hamazazpi abesti jo zituzten. Zale bati baino gehiagori irudituko zitzaion emanaldia, harea eskuen artetik bezala, ihes egiten ari zitzaiola. Energia handiarekin jo zuen hirukoteak, barrenak husteko asmoz. Horren adierazle David Gonzalezek agertoki erraldoiaren iskina batetik bestera egin zituen saio guztiak. Zenbat kilometro egingo zituen orotara? Edo Galder Izagirrek atabalei emandako kolpe bakoitza, edo Gorka Urbizuren akordeak eta melodiak.

Doinu gogorrenak, bisean

Zaleek lehen abestitik azkenera arte gozatu zuten, norberak bere erara. Izan zen kontzertua sakelakora iltzatuta egon zenik, argazki eta bideo bitartez une magiko hori betiereko bihurtu asmoz; izan zen gertukoei besarkada estuak emanez emozioak baretzen saiatu zenik; edo barruan zuen guztia, eztanda batean, pogo basatien bidez salto eta bultza askatu zuenik. Baina den-denek kantatu zuten uneren batean, altxa zituen besoak edo txaloka jarri, oholtza gaineko argibideei jarraituta. Une hunkigarriak ere izan ziren, Zertarako amestu? abestian oholtza izarrez bete zenean bezala, edo Maravillas-en izarpe hori areto osora hedatu zenean, sakelakoen argiari esker. 11.000 pertsonak arima bakarra ere osa dezakete une batzuetan.

Ordu eta erdiko emanaldiaren ondoren, atseden txiki bat hartu, eta indarberrituta taularatu zen taldea. Orduan jo zituzten doinurik gogorrenak, errenkadan, ekaitzari ekaitza eransten: Tortura nonnahi, Stereo, Betiko leloaren betiko leloa, Sols el poble salva al poble eta Ikusi arte. Urbizuk irribarrez azaldu zuen nola birako kontzertu gehienetan izan duten lagun talde bat Tortura nonnahi abestia eskatzeko afixa handi batekin. Ez zeuden, baina, kantua jotzeko erabakia hartu zuten kontzertuan. «Agian bihar [atzo] etorriko dira».

Bigarren atsedenaldiaren ondotik iritsi ziren azken abestiak. «Azken bi-hiru kantak geratzen dira. Gozatu», azaldu zuen Urbizuk. Hala egin zuten zaleek, arima urratu arte. Lau abestik itxi zuten emanaldia: Maravillas, Urbizurekin soilik, emozioz beteta; Ikasten, guztiak zutik jarrita; Katedral bat, unea definitzeko paregabeko letra duen kantua, eta Oihu, Berri Txarrak-en ereserki nagusia. Isiltasuna ozen entzun zitekeen kontzertu ostean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna