Haritz Azurmendi-Arrue. Ikerlaria

«Ezagutzan baino gehiago, ezagutza hedatzeko aukeran jarriko nuke arreta»

Joxe Azurmendi euskal filosofoaren pentsamenduari buruzko lehen tesiaren egilea da Haritz Azurmendi-Arrue; buru-belarri dabil lanean haren gogoetak ezagutarazteko.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko abuztuak 11
Haritz Azurmendi-Arruek (Albiztur, Gipuzkoa, 1991) dio kasualitatez egin zuela topo Joxe Azurmendi pentsalariarekin. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofia ikasketak egiten ari zela, bere abizen bera zeraman irakasle bat bazegoela ikusi zuen irakasle bulegoen korridoreetan. «Etxekoei aipatu nien, eta haren libururen bat bazutela esan zidaten». Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1992) saiakerarekin ezagutu zuen pentsalaria. «Ikasketetan aurrera egin ahala, konturatu nintzen ia gai guztietarako bazuela zerbait landua». Hala aritu da orduz geroztik, Azurmendiren idazkiak irakurtzen eta aztertzen.

Urrunago ere joan da, baina: euskal filosofoari buruzko lehen tesia ondu baitu ikerlariak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateko Filosofia Saileko arduradunak. Joan den uztailaren 9an aurkeztu zuen Joxe Azurmendiren nazioa Nazionalismo Ikerketen argitan. Abertzaletasun kulturalaren defentsa Euskal Herri garaikidean ikerketa, eta buru-belarri ari da lanean EHUk eta Jakin Fundazioak zegamarraren pentsamendua landu eta hedatu asmoz abenduan egingo duten Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur jauzia kongresuaren antolaketan ere.

Joxe Azurmendik landutakoen artetik, naziogintzaren adarrari heldu diozu. Zergatik?

Azurmendiren obra guztia aintzat hartuta, aukeraketa bat egin behar nuen ikerkuntzan murgiltzeko. Euskal nazionalismoa XXI. mendean masterra egin nuen Leioan [EHU], eta han ikusi nuen Azurmendik erantzun egiten ziela akademian azaltzen ziren proposamen teoriko hainbati. Modernismoarekin eta paradigma modernoekin, kasurako, nahiko kritikoa da, eta hipotesi horretatik abiatu nintzen; aztertu nahi nuen ea konparagarriak diren Azurmendiren idatziak eta guk masterrean landutako teoriak: [Ernest] Gellner eta [Eric] Hobsbawnenak, kasurako. Ikertzen hasi nintzenean aurkitu nuen John Hutchinson pentsalariaren nazionalismo kulturalaren kontzeptua. Azurmendik defendatzen duen nazio kontzeptuarekin antzekotasuna duela frogatu nahi nuen lanean.

Zein da, bada, nazio kontzeptu hori?

Akademian, nazio estatua eraikitzera doan mugimendu gisa definitzen da nazionalismoa. Nazionalismo kulturalak, aldiz, ez luke helburu izango estatua sortzea, baizik eta komunitate kulturala berregitea, berriz interpretatzea eta bizia ematea: erreferentzia kulturalak lantzen ditu, eta elementu zaharkituak gaurkotu. Fokua hor jartzen du, nolabait. Azurmendiren jarrera ildo horretatik joan da beti, nahiz eta estatugintza ere aintzat hartzen duen, estatu tresnak izatearen garrantzia behin eta berriz azpimarratzen baitu.

Parekotasunak antzeman dituzu?

Neurri handi batean parekoak dira, eta nazionalismo kulturalarekin bat dator. Normalean esaten da nazionalismo kulturala intelektualek eta kulturgileek babesten dutela, eta batzuetan gorabeherak izaten dituztela nazionalismo politikoagoa edo nazio estatuaren eraikuntza bultzatzen duten horiekin. Azurmendiren kasuan, bien arteko zubi bat igarri dut. Era berean, ikusi dut Azurmendik halako jarrera bat hartu baldin badu, ez dela izan nazionalismoaren ikerketa eta teoriei jarraitu dielako. Beste bide batzuetatik iristen da antzeko bideetara. Hau da, Euskal Herrian dagoen testuinguru zehatzetik iristen da eztabaida berberetara; kulturaren eta euskararen eremuan dauden gogoetetatik, kasurako. Horregatik bereizi ditut Hutchinsonek teorizatzen duen nazio kulturalaren kontzeptua eta Azurmendiren abertzaletasun kulturalarena. Antzekoak dira, baina Azurmendiren pentsamendua beste bide batzuetatik ibili da; hori da ondorio nagusia.

Praxitik abiatutako teoria garatzen du.

Azurmendiren ezaugarrietako bat da, nazioaren teoriari dagokionez behintzat, berak ez duela teoria hutsa egiten. Oso problema praktikoak aurkitzen ditu: gaztaroan literatura berritu nahian hasten da, euskara batuaren erronka eta kezka horietan guztietan murgilduz. Bizi duen errealitateari erantzunez hasten da gogoetak egiten eta erreferentziak bilatzen, eta horri eskaintzen dio bere pentsamendua. Beraz, nire tesiaren ardatzetako bat 60ko eta 70eko hamarkadetatik gaur egunera bitarteko testuingurua ezagutzea izan da.

Esan izan da azken hamarkadan zalantzan jarri dela nazio kulturalaren egokitasuna.

Ematen du gero eta gehiago jartzen dela zalantzan, bai. Baina 60ko hamarkadan ere antzeko kezkak zeuden. Horregatik uste dut interesgarria dela, ez Azurmendiren lana bakarrik, baizik eta garai hartako pentsalarien lan osoa ondo ezagutzea. Gaur egungo egoerekiko antzekotasun dezente aurki daitezke, nahiz eta mundua asko aldatu den azken 50 urteetan. Sorpresa bat izan da hori niretzat: nabaritzea orduko eztabaiden parekoak ditugula gaur egun ere. Gogora datorkit, kasurako, 1967ko Jakin aldizkarian Zergatik eta zertarako euskaldun? galdetu zuela artikulu batean Joxek [Azurmendik]. Gaur egun ere pareko galderekin gabiltza.

Azurmendiren pentsamendua zuzenean aztertzen duen lehen tesia da zurea.

Aurretik ere badaude haren pentsamendua aztertu dutenak: Alaitz Aizpuru eta Andoni Olariaga, kasurako. Nolanahi ere, lehen tesia egin izana bada zerbaiten seinale, bai. Ez da naturalki atera den zerbait: hautu zehatz bat izan da, bai gaiari dagokionez, bai ikuspegiari dagokionez. Joxe Azurmendiren izena titulura eramatea eta akademian salgarriagoa den eta nazionalismo ikerketari erreferentzia hutsa egiten dion beste bat jarri ez izana ez da ausazko kontu bat. Karanbola bat izan zen tesia egiteko beka jaso izana, Euskara errektoreordetzak berak erabaki baitzuen zein proiektu saritu. Oro har, euskal gaiak lantzea, teoria politikoari eta filosofiari dagokionez, nahiko zaila da.

1960ko hamarkadako belaunaldikoen gogoetak ezagutu beharra aipatu duzu. Eten bat nabari da transmisioan?

Ezkortasunean erortzeko arriskua du horrek [irriak]. Inoiz entzun izan dut Azurmendiren eta Txillardegiren [Jose Luis Alvarez Enparantza] argazki bat erakutsiko bagenu, askok ez luketela jakingo esaten zeintzuk diren. Nik bi gauza ikusten ditut hor. Beste herri eta kulturetan ere antzeko gertatzen da intelektualen ezagutzarekin, gaur egun garai zailak baitira pentsamenduaren eta filosofiaren alorretarako. Ikerkuntza ez da batere saritzen. Bestetik, esango nuke, ditugun tresnak edukita, hainbat lan egin direla; unibertsitatean zein unibertsitatetik kanpo. Gai hauekin guztiekin arduratuta dagoen masa kritiko bat egon badago, ondu dudan tesia eta bestelako erreferentziak jasotzeko prest dagoena. Beraz, ezagutzan baino gehiago, ezagutza hedatzeko aukeran jarriko nuke fokua. Horretarako ari gara, besteak beste, akademian, eta ildo horretan kokatzen da abenduan egingo dugun Azurmendiri buruzko kongresua ere.

Nondik nora sortzen da Azurmendiren pentsamenduari buruzko kongresua egiteko beharra?

Zientzia politikoen fakultatean egin dut tesia, baina, bien bitartean, Donostiako fakultatean aritu naiz lanean [Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean]. Hango irakasle batzuekin hizketan nabaritzen zen ondorengo kezka: badugu Azurmendiren tamainako filosofo bat hemen, eta irakasle askok ez dute lantzen; eta, ondorioz, ikasleek ere ez dute ezagutzen. Oinarri horretatik hasi ginen lanean duela bi urte, zerbait antolatzeko gogoz.

Sei adar bereizi dituzue.

Ikerketa egiteko, Azurmendiren pentsamenduaren mapa bat behar nuen, eta hortik etorri da. Haren lana ezagutzen zuten beste hainbatekin elkartu, eta sei gidalerro bereizi ditugu [Hizkuntzaren eta kulturaren filosofia; Gizaberea; Naziogintza eta estatugintza; Gogoeta etikoak; Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa; eta Euskal pentsamenduaren transmisioa]. Ziurrenik, hemendik 50 urtera haren pentsamendua ikertzen jarraitzen badugu, aldatu egingo dira. Baina baliagarria iruditu zitzaigun zorua mugatzeko.

Norentzat dago pentsatuta?

Edozein etor liteke. Arreta berezia jarri diogu hori adierazteari, gainera: ez da beharrezkoa ikerlaria izatea edo ikasketa akademikoak edukitzea parte hartzeko. Azurmendiren pentsamenduaren ur jauziak mugitzen dituen errota guztiak batera jarri nahi ditugu martxan abenduko biltzarrean, eta, horretarako, gaiekiko interesa duen edonor hartu nahi dugu. Helburua ez da duela 50 urteko pentsamenduaren historiari buruzko kongresu bat egitea. Gaur egun Azurmendiren lanak irakurtzeak zer iradokitzen duen aztertzea da gure xedea, eta mundu guztiak du lekua horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna