Albistea entzun

ANALISIA

Bazen behin Arralden...

Ginaren hilketaren susmagarriak. ETB1 <em>Goenkale</em> telesaila ematen hasi da astegun arratsaldeetan.
Ginaren hilketaren susmagarriak. ETB1 Goenkale telesaila ematen hasi da astegun arratsaldeetan. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko irailak 17

Denetarik izan da iraileko lehen bi asteetan: muturreko beroa, txingorra, ekaitzak... Eta ETBko albistegietan sakontasunez landu dituzte fenomeno meteorologiko horiek. Beste gertakari batzuk, aldiz, ez dituzte aipatu ere egin: esate baterako, irailaren 9an agerraldi bat izan zen Gasteizen, Aldatu gidoia euskararen alde kanpainari hasiera emateko. Herrigintzako, sindikalismoko, hezkuntza arloko, kulturgintzako eta euskalgintzako 31 eragilek egin dute bat, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «duina» aldarrikatzeko. Eusko Jaurlaritzari eta EITBri proposamen zehatzak egin dizkiete, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, eguneratua eta erakargarria» osa dadin. Ba ez da haien albisterik agertu EITBn.

Aldiz, Aldatu gidoia kanpainaren sustatzaileek ontzat jo dute aste honetan bertan Primeran plataforma sortu izana. Mezu hau zabaldu dute: «Ongi etorria jaioko denari. Izan bedi #Primeran #EITBren norabidetzearen lehen zantzua. Gainerako plataformen gainetik, euskarazko eskaintza oparo eta kalitatezkoa bermatzeko gai den leiho eguneratua; euskarazko puntako serie eta filmekin jendartea euskaran murgiltzeko gai dena». Pantailak Euskaraz mugimenduak ere hitz onak zabaldu ditu plataformaren jaiotza dela eta.

Izan ere, Euskal Herriko herritarrentzat eta atzerrian bizi diren euskaldunentzat aurrerapauso garrantzitsua izango da Primeran plataforma. Ez du erraza izango Primeranek plataforma handien artean toki bat egiten. Baina tresna baliotsua izan daiteke edukiak euskaraz gehiago kontsumi daitezen. Beste kontu bat da etorkizunean filmen eskubideak lortzeko Primeran-ek izan ditzakeen arazoak —Irati, esate baterako, Amazon Prime Videon dago, eta ez da Primeran-era iritsiko 2024aren amaierara arte—.

Primeran apustu bat da euskarazko eskaintzaren alde. Telebista konbentzionalaren apustuetan, ordea, ezin esan euskarazkoak gaztelaniazkoei gailentzen zaizkienik. Gasteizko FesTVal jaialdian La Caza izeneko ETB2ko reality-ak izan zuen aurkezpen propioa —euskarazko saioek ez zuten egun propiorik izan, eta berrikuntza guztiak gaztelaniazkoekin batera aurkeztu zituzten, kale gorrian—.

Bestalde, aste hasieran pozgarritzat jo zuten askok ETB1ek aspaldiko partez zinemari eskainitako euskarazko saio bat estreinatzea: Zinea Zetaz. ETB2k asteartero ematen duen La noche de... programak 25 minutu inguru irauten du, eta Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoik egingo dituzten tarte bakoitzak bost minutu iraungo dute. Euskarazkoa halako bost da, beraz, gaztelaniazkoa. Baina are sumindura handiagoa eragin du ETB1eko saioari hasiera emateko pelikula gaztelaniazko audioarekin eman izanak —euskarazko azpidatziekin izan zen ikusgai—. Erasé una vez Euskadi zen filma, nahiz eta Bazen behin Euskadin gisa iragarri zuten aurreko egunetan. Kontua da Primeran plataforman jarri dutela film hori, eta audioa euskaraz aukeratuta ere gaztelaniaz baino ezin dela ikusi filma.

Telebista konbentzionalarekin jarraituz, aztoramendu gutxiago baina azkura apur bat ere eragin du ETB1 arratsaldean Goenkale telesaila hasieratik ematen hasi izanak. 1994ko atalak dira, noski. Ez baita 2023an helduentzako telesailik grabatu —Itxaso iaz grabatua da—. 16:35etik 18:00etara, arratsaldero Goenkale-ren hiru atal zahar, eta, ordutegi horretan, ETB2 kateak bi lehiaketa ematen ditu. Dirua zakukadaka erdaraz, aukerarik utzi gabe Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrei edo euskaraz bizi nahi dutenei.

ETB1en errepikapenak ematea ez da kontu berria. Telebista kate txiki batek zail izaten baitu eguneko ordu guztiak saio berriekin osatzea. Baina badirudi hori errazagoa dela ETB2n, 07:00etan hasita. Ordu horretan hasten da gaztelaniazko katea Radio Euskadiko Boulevard zuzenean ematen. Eta hori izan da, gainera, EITBko irratietako langileek hiru greba egunera deitzeko arrazoietako bat; lan hitzarmena hamahiru urtean ez dute berritu.

Iraila bero hasi da. Primeran iritsi izana pauso bat da, euskararentzat garrantzitsua. Baina gauza asko gertatu beharko dira gidoia euskararen alde aldatu dezaten. Ez da berehala gertatuko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...