Etxegabeak. Aterpeak

Ez baita zenbaki kontu hutsa

Bilboko aterpeetan inoiz baino leku gehiago dago aurten. Beste Bi plataformak uste du etxegabeek eskatzen dutena eta eskaintzen zaiena ez dagoela «oso orekatuta».

Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bilboko aterpeetan inoiz ez da aurten bezainbeste toki egon gaua pasatzeko. Datuak joan den urtarrilaren 5ean plazaratu zituen udalak; hain zuzen, gau hotzetarako dispositiboa aktibatu eta biharamunean. Urte osorako 204 leku daude; beste 55 gehitu zituzten azaro erdialdean indarrean sartutako neguko dispositiboaren bidez, 290 COVID-19ak eragindako krisiarengatik —ekainaren 30era arte, udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta—; eta 75 plaza gehiago egon dira hilaren 4a eta 12a bitartean. «Baina jendeak eskatzen duena eta eskaintzen zaiona, agian, ez dago oso orekatuta; ez da zenbaki kontu hutsa», nabarmendu du Joseba Gayak, Beste Bi etxegabeen alde lan egiten duen plataformako kideak.

Kalean lo egiten duen gero eta jende gehiago dago Bilbon. Gayaren esanetan, aterpeen bidez eskainitako baliabideak gorabehera, hirian 300 bat pertsonak jarraitzen dute kalean, udalak Gabonen aurretik egindako zenbaketa bat aintzat hartuta. Halere, aterpeetan, batzuetan, leku libreak egoten dira; baita hotz handiko egunetan ere, orduan horietara sartzeko eskakizunak malgutzen dituzten arren. Tokien «egokitasunean» jarri du arreta Beste Bikoak. «Pertsonaren araberakoa da, baina batzuentzat urrun daude, beste batzuentzat ez dute edukitzen beraiek nahiko luketena, eta badira pertsona jakin batzuekin egon nahi ez dutenak... Hainbat arazo azaleratzen dira». Gayak uste du auzia kudeatzeko «beste eredu bat» jarri beharko litzatekeela mahai gainean.

Eta «beste «arazo bat» plazaratu du: «Bilbok jasaten du besteek egiten ez dutenaren ondorioa. Hiri edo herri handi guztietan erantzungo baliote auziari, Bilbok ez lituzke jasango, agian, hainbeste eskari». Beraz, «erantzun bateratu bat» eskatu du.

Informazio gehiago: 'Kalea hotzegi dagoenean'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.