Joe Bidenen lehen urtea. Patricia Sosa. Abokatua eta analista politikoa

«Bidenek narratibaren kontrola galdu du»

Presidenteak itxura ahula ematen duela uste du Sosak, ez duela Obamak zuen indarrik, eta horrek errepublikanoei egiten diela mesede. Haren ustez, inflazioa kontrolatzea da orain gakoa, eta ekonomia aurrera doan itxura ematea.

URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Patricia Sosak eskarmentu luzea dauka AEBko erakundeetan. Abokatua da, eta Latinoamerikako gaietan dihardu osasun publikoaren gaietan. Aurretik, Bill Clintonen administrazioan lan egin zuen, eta PBS telebista publikoan analisi eta eztabaida politikoko To The Contrary emakumeek gidatutako saioan ibili zen. Egun ere hainbat hedabidetan egiten ditu kolaborazioak, herrialdeko egoera politikoa aztertuz.

Urtebete da Joe Biden presidente izendatu zutenetik. Hamabi hilotako baloraziorik egiterik?

Erabat zatitutako herrialde bat daukagu. Ondo hasi zen gobernua, promesa handiak egin zituen, pandemiari aurre egiteko legeak onartu zituen, eta horretarako aurrekontu garrantzitsua lortu zuen. Baina, gero, maldan behera hasi ziren, ekonomiagatik batez ere. Ez da izan errepublikanoek marraztu duten desastrea inondik inora; inflazioan bai, eta horrek nabarmen baldintzatzen du analisia, baina ekonomikoki herrialdea ez dago txarto. Pandemiarekin etengabeko gorabeherak izan dira; kontrolatze bidean zegoela zirudienean, delta aldaera heldu zen, eta hura kontrolatzerako, omikron sartu da. Hori gutxi ez balitz, prozesu politiko oro suntsitzea erabaki duen oposizio politiko bat dago. Esanguratsua da alderdiari [errepublikanoa] batuta eusteko gai izan direla, eta, horrela, egunik egun zilegitasuna kentzen ari dira herrialde honetako oinarrizko adostasun eremuei: Kongresuari eta justiziari, esaterako.

Urtarrilaren 6ko erasoa da horren adibide. Eta gerora gertatu den prozesua.

Sedizio ekintza kriminala izan zen: nahi adina froga daude, iazko otsaileko impeachment-ean bertan entzun genituen lekukotzak; ikusi genituen bideoetan indarkeria izugarria ageri da, eta horiek guztiek Donald Trumpen izenean ziharduten. Horri ez ikusiarena egiteak, zalantzan jartzeak, erabat dokumentatuta egonik,estatubatuar gisa, erabat izutzen zaitu, egia esan behar badut.

Eta, horrekin batera, estatuz estatu dauden prozesuak daude, alderdi errepublikanoaren monopolioa sortzeko helburuz. Ez boto gehiago lortuko dituztelako, hauteskunde prozesua kontrolatzen dutelako baizik. Sistema judizialak hala jokatzen uzten die, eta ez dut itxaropenik Gorenak geldiaraziko duenik: tamalez, ez dirudi herritarren boto eskubidea defendatuko dutenik.

Demokrata ezkertiarrek legealdia zailduko zutela uste zuten batzuek, baina Joe Manchin, Kyrsten Sinema eta beste ordezkari eskuindarrenek oztopatu dute lana etengabe.

Herrialde honetan alderdi bakarra dago, errepublikanoa. Alderdi Demokrata interesen koalizio bat da, eta oso zaila da hark diziplinaz edo gutxienez erantzukizunez jokatzea, alderdiaren edo herrialdearen hobe beharrez aritzea eta bozkatzea, uneren batean ados egon arren, lekuan lekuko interes jakinei begiratu gabe. Nagusiki errepublikanoak diren estatuetako senatariak dira Manchin eta Sinema, eta, batzuetan, errepublikanoek baino errepublikanoago jokatzen dute. Baina hainbeste egonik jokoan, oso larria da oinarrizko neurriei ere uko egitea. Ez dut uste Manchinek berriz aukeratua izatea lortuko duenik, baina berak hori du buruan, eta, horretarako, erabakita dauka Bideni babesik ez ematea. Gogoan izan oso gehiengo txikia dagoela: Senatuan, Kamala Harris presidenteordearen botoak erabakitzen du berdinketa dagoenean. Errepublikanoek badakite hori, seguru daude Kongresuaren kontrola eskuratuko dutela berriz azaroko hauteskundeetan; horregatik uko egiten diote urtarrilaren 6ko batzordearen eskariak erantzuteari ere.

Trump hedabideetatik desagertu da neurri handi batean, baina haren itzala oso luzea da.

Eta, era berean, hainbat estatutan ustelkeria prozesuak bultzatzen dituzte. Garrantzitsuena alderdi barruan jarraitzea da errepublikanoentzat; demokratek, berriz, beren barrutiei eta estatuei begiratzen diete. Mitch McConelli berari [Senatuko errepublikanoen buruari] jo diote erronka, oso era argian, horrenbesterainokoa da Trumpen indarra. Mundu guztia berak nahi duen lekuan kokatu du.

Nondik du indar hori?

Fox eta beste bizpahiru kate baino ez dira, baina beren balio eta sinesmenak ezartzen dituzte, sare sozialekin batera, Facebookekin batez ere, eta konspirazio teoriak zabaltzen. Fox katea oso txertatuta dago oinarri errepublikanoan, eta mezu iraunkor bati eutsi dio: demokratekiko gorrotoari. Euren ikuskera inposatzen dute: alde batetik gobernurik edo zergarik nahi ez dutela esaten dute; baina, bestetik, euren agenda soziala inposatzen diete besteei, «nire dirua nahi dut, baina zure gorputzarekin zer egin inposatzen dizut»; abortuaren kasuan, adibidez.

Herrialdearen zatiketa erabatekoa da.

Bestela iruditu arren, gutxiengoa dira errepublikanoak. Baina gutxiengorik diziplinatuena dira, eta bozkatu egiten dute. Gogoan duzu txertoaren harira gertatutakoa? Trumpek txertatzeko esan zien jarraitzaileei; txertoak sortzearen domina beretzat nahi zuen, eta hor arrazoi du: haren agintaldian egin ziren ikerketak, eta orduantxe garatu ziren txertoak. Baina berak sortutako zurrunbiloaren biktima bihurtu zen, eta txistu egin zioten. Orduan, ederto ulertzen baitu jendearen aldartea, berak sortu duen kultura bat baita, txertoaz hitz egiteari utzi zion. Ez ahaztu Trump demokrata ere izan zela, abortuaren aldekoa eta gero kontrakoa, eta, ezeren gainetik, botere politikoa nahi du.

Demokraten artean, etsipen giroa da nagusi, boterean egon arren.

Aldartea oso ezkorra da, eta Manchin eta Sinemaren ildoko senatariek nabari dute hori; egoera honen analisia egiten dute, eta horregatik lerratzen dira tesi errepublikanoekin. Biden eskola zaharrekoa da, eta pentsatu zuen errepublikanoekin elkarrizketa egon ahalko zela Kongresuan, baina erabat gotortuta daude. Bestalde, irudia, narratiba duzu, zer transmititzen duzun. Gobernatzeak indarra eskatzen du, denbora eta energia behar dituzu; Bidenekin ez duzu sentitzen [presidente ohi Barack] Obamarekin sentitzen zenuena, egoeraren kontrola zeukala; ez duzu sentitzen administrazio honek egoera kontrolpean duenik: egun batean gauza bat eta biharamunean kontrakoa esaten dizu.

Lotu horri ekonomia. Herrialde honen politika fiskala inflazioa eragozteko pentsatuta dago; horregatik, estatubatuarrak izututa daude nola garestitu den dena; guztia galduko duten beldur dira. Horren aurrean, ez da izan analisi argirik, nola irtengo garen egoera honetatik. Errepublikanoek hori baliatu dute, COVID-19rako neurrien paketearekin lotu dute, eta narratibaren kontrola kendu diete demokratei. Ekonomia egonkortzen ari da, lehen baino hobeto dago, baina inflazioaren argudiotik tiraka ari dira errepublikanoak. 40 urtean ez da halakorik izan, eta narratiba errepublikanoen esku dago.

Zer leku du irudi eta narratiba horretan presidenteordeak?

Kamala Harris erabat galduta dago. Obamarekin, Bidenek babesa, alternatiba, indarra ere ematen zion, zutabea zen. Orain ez dugu halakorik ikusten. Zer gertatu da: ez du talde ona bilatu, Bidenek berak baztertu du? Misterioa da. Egia da esker txarreko kargua dela; presidenteorde izan eta gero presidentegai izatea salbuespena izan ohi da. Baina, dena batuta, indarrik gabe ageri da presidentetza. Bidenek ere hainbeste akats egiten ditu hitz egiterakoan... Ez da larria, adina da, baina konfiantza falta transmititzen du, eta ez du laguntzen, batez ere beste aldean etengabeko erasoak dauden honetan presidentearen irudia eta ekonomia jomugan hartuta.

Oraindik ez dago argi 2024an Biden eta Trump berriz aurkeztuko diren.

Hasi dira lehen artikuluak, Biden ez bada nor izango ote den hautagai. Berak dio ez dagoela presarik. Demokrata baten ikuspegitik, aurkari onena Trump da, oso zatikatzailea delako. Ikusi beharko da. Ulertzen dut Europatik begira une interesgarria dela, baina, estatubatuar gisa, 1930eko hamarkadako Europan bezala sentitzen dut neure burua: honi ezin zaiola eutsi, eta demokrazia galtzen ari zaigula, erabat bidegabeak diren neurriak ere babesten dituzten erabaki judizialekin.

Urtearen lehen erdi arrakastatsu samarraren ostean, Afganistango irudiak gainbehera markatu zuen.

Afganistanen arazoa zen nola landu zen gaia. Egunero ari zen esaten egoera kontrolpean zegoela, eta aurkakoa gertatzen zen. Baina hor bai, pentsatu nuen denborak arrazoi eman eta ez ziola ondorio politiko larririk ekarriko, besteak beste herritarren gehiengoa erretiratzearen alde zegoelako, inolako onurarik ez zekarren gerra amaigabea baino ez zuten ikusten eta.

Europarako hurbilketa eta Errusia eta Txina estu hartzea izan dira nazioarteko beste ardatzak.

Bai, luzaroan ezagutu ditugun AEB horiek dira. Ez da sekula inor Errusiara Trump beste hurbildu; Bidenek, berriz, estu hartu du. Eta Txinarekikoa lehendik ere bazetorren. Ekialde Hurbila neurri handi batean agendetatik desagertu da. Nazioarteko erronka da gainerako herrialdeek ere irakurtzen dutela etxean zer gertatzen den; presidentetza ahula ikusten dute. Jende ona dauka Bidenek inguruan, hor dago [John] Kerry klima aldaketaren aurkako borrokan, baina, hala ere, hauskortasuna transmititzen du presidentetzak.

Bidenenak ia egin duela dirudi, eta demokratek Kongresuaren nagusitasuna galduko dutela esan liteke, baina azaroko hauteskundeak, berez, urrun daude.

AEBetako politikan ez dago ezinbesteko ezer: oso zaurgarria da. Trumpek garaiezina zirudien, baina koronabirusa iritsi zen, eta kanpaina amaitu zitzaion. Orain, Bidenek foku handia dauka, eta oso itxura ahula ematen du: ez dizu helarazten aldaketarik irits daitekeenik, eta estatubatuarrak patrikarekin bozkatzen du. Inflazioa kontrolatuko balute, eta ekonomia aurrera doan itxura eman, gerta liteke. Pandemiak ere lagundu dezake, noski, eta estu lotuta dago ekonomiarekin. Baina orain bertan ez dago horretarako itxurarik, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.