Atxikimendu ugari jaso dituzte Bilboko eta Baionako manifestazioek

gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Euskal presoen giza eskubideen alde Bilboko eta Baionako kaleak zeharkatuko dituzten manifestazioek atxikimendu ugari jaso dituzte azken orduetan. Elkarrekin Podemosek, esaterako, adierazi du Bilboko manifestazioarekin bat egiteko «baldintzak» betetzen direla, balioetsi egin dituantolatzaileek «aurreko urteetako inertziak alde batera uzteko egindako ahaleginak», eta iragarri du koalizioko Josetxo Arrieta, Eneritz Madariaga eta Andeka Larrea han egongo direla. CCOOk ere iragarri du Bilboko manifestazioan egongo dela, «espetxe arloko legeriaren aplikazioa eta biktimen erreparazioa» eskatzeko.

Lehenago, EH Bilduk, Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek CCOOz gain, ELA, LAB, UGT, Steilas, Hiru, EHNE, ESK eta CNT, Bilgune Feministak eta beste zenbait eragilek adierazia zuten manifestazioan parte hartzeko asmoa. Kataluniako ERC, JxCat eta CUP alderdiek ere ordezkariak bidaliko dituzte.

Sare sozialetan, berriz, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohi eta Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzibidean zigortuak eta beste zenbait ezagunek adierazi diote sostengua Bilboko protestari.

Baionakoari, berriz, EH Baik, EAJk, ELB eta CFDT sindikatuek, Bizik, Aitzinak, Industria eta Komertzio Ganberak, Laborantza Ganberak eta beste zenbait eragilek eta instituziok eman diote babesa. Baionan, 15:00etan abiatuko da manifestazioa, Laugatik; eta Bilbon, 17:00etan, La Casilla plazatik.

Voxen eskaera

Voxek salaketa jarri du epaitegian Bilboko manifestazioa antolatzen dutenen kontra, eta hura debekatzeko eskatu du. Haien ustez, «terrorismoari gorazarre egitea, gorroto delitua eta biktimen kontrako umiliazioa» da deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.