Metin Cansiz. Sakine Cansiz PKK-ren sortzailearen neba

«Sakine, Fidan, eta Leylaren exekuzioak Turkiako Estatuak berak agindu zituen»

Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez gaurko egunez hil zituzten duela lau urte, Parisen. Cansizen nebak haren bizitzaz eta heriotzaz aritu da: «Emakume askea izan zen».

Sakine Cansiz, Abdullah Ocalan, eta Fatma, buruzagiaren emazte ohia, PKKren sorreran, Licen, Ipar Kurdistanen. BERRIA.
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Metin Cansizek 56 urte dauzka, eta Sakine Cansizen neba da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetako bat. Sakine gaurko egunez hil zuten, 2013ko urtarrilaren 9an, Parisen, beste bi emakume eta ekintzaile kurdurekin batera: Fidan Dogan eta Leyla Saylemez. Heriotzaren urtemuga egun tristea da beti Metinentzat. BERRIArekin luze aritu da arrebaren bizitzaz eta heriotzaz, kurdu izateaz eta bere herriaren borroka amaigabeaz.

Aurreneko galderari itxaron gabe hasi da hizketan. «2013ko udaberrian, elkar ikustekotan geratu ginen, mendian, baina hitzordu horretara bakarrik joan nintzen». Urtemuga hau, laugarrena, bereziki iluna dela dio: «Urte bukaera latza izan da, ez bakarrik lau urteren ondoren justiziaren bila ari garelako, baizik eta Eguberrien aurretik Frantziako agintariek jakinarazi zigutelako Omer Guney hil egin zela».

Guney zen hiru ekintzaile kurduak hiltzeaz akusatutako bakarra. Hilketen biharamunean bertan atxilotu zuten, segurtasun kamerek agerian utzi baitzuten nola sartu zen Parisko Kurdistango Informazio Bulegoan krimen hirukoitzaren aurretik, eta nola berehala alde egin zuen handik. Haren autoan odol arrastoak eta arma hiltzailea aurkitu zituzten.

Metin Cansizen hitzetan, «hiltzaile perfektua» zen, baina, dioenez, jakin badaki agindu bat baino ez zuela bete: «Hilketak aurrez pentsatu ziren, denbora luzez eta xehetasun osoz, eta benetako justizia egiteko beharrezkoa dugu jakitea nork agindu zituen exekuzio horiek, nork eman zuen agindua».

Heriotzen osteko hilabeteetan, komunitate kurdua, oraindik zur eta lur, atze-aurreak batu, eta hariak lotzeari ekin zion: Guney pixkanaka-pixkanaka diaspora kurduaren konfiantza irabazten joan zen; gizon diskretua zen, hitz gutxikoa, beti laguntzeko prest, frantsesa ere bazekien; gainera, gidatzeko baimena eta autoa zituen, eta bazekien nola mugitu burokrazia zahar frantsesean, zeina atzerritarrekin erabat obsesionatuta dagoen.

Konplizeak

Cansizek azaldu du Guney MIT Turkiako Zerbitzu Sekretuetarako lanean ari zela: «Interneten zabaldutako grabazio bati esker jakin dugu hori, eta ikerlari frantsesek egiaztatu egin dute; horregatik aldarrikatzen ditugu egia eta justizia, ez zelako otso bakarti baten ekintza izan, ezta eskuin muturreko turkiar batena. Turkiako Estatuko goi agintariek manatutako exekuzioak izan ziren».

Guneyren kontrako epaiketa publikoa orain zen abiatzekoa, atzerapen ugariren ostean, baina bat-bateko heriotzak prozesua linbo legal batean geratzea ekarri du.

Metinen arabera, iragarritako kronika baten heriotza izan zen hiru ekintzaileena, eta senideek eta lagunek galdera asko dituztela dio, erantzunak nahi dituztela: «Biktimen senideek uste dugu prozesuak aurrera egin behar duela, hiltzaile materiala ez badago ere. Turkiako Estatua seinalatzen dugu, baina baita ikerlari eta agintari frantsesak ere».

Konplizeak hartu ditu hizpide: «Bazekiten Guneyk osasun arazoak zituela, eta, hala ere, prozesua etengabe atzeratu dute. Horretaz ohartarazi genien behin baino gehiagotan, eta epaiketarik egin ezean egia eta justizia izango zirela hurrengo biktimak, Sakine, Fidan eta Leylaren senideen eta lagunen ostean».

Metinentzat, Sakine ez zen arreba zaharrena bakarrik izan: «Sakine nire borroka-laguna ere bazen; 50 urteko harreman estua izan dugu, eta familia partekatzeaz gain, ametsak, idealak eta borrokak partekatu ditugu».

Militantziaren hasiera

Cansiztarrak Dersimgoak dira sortzez. Turkiak Tunceli izenarekin izendatu zuen hiri kurdua, Burdinazko Ukabila, Dersim ezaguna baita erresistentziagatik eta matxinadengatik, bereziki errepublikaren lehen urteetan. Hirian urtero oroitzen dute 1938. urteko masakrea, agintari turkoek errebelde kurduak deuseztatzeko operazio ankerra.

«Zortzi anai-arreba gara», dio Metinek. «1960ko urteetan, aita Alemaniara joan zen lanera, eta, 1974an, ama harekin joan zen. Orduan, Sakine arduratu zen gutaz. Den-dena egiten zuen, etxea txukundu, bazkaria prestatu, erosketak egin... Eskolara eramaten gintuen, eta berak ere eskolara joateko tartea hartzen zuen». Garai horretan hasi zuen bukaerarik izango ez zuen erresistentziaren bidea: «Dersimgo beste emakume batzuekin elkartzen hasi zen, gazteekin eta ez horren gazteekin. Asko irakurtzen zuen, eta, klandestinitatean zebilen jendearen kontaktuak bilatzen hasi zen, ezkerreko militante kurduenak».

Ama etxera itzuli zenean, urtebete geroago, egoera ez zen samurra izan. Sakine jada ez zen lehengo pertsona bera, eta amari aurre egiten zion: «Ama emakume zorrotza zen, eta ez zuen gustuko alabaren izateko modua. Asko kritikatzen zuen».

1977an Izmirrera joan zen Sakine, Ipar Kurdistanetik Turkiako mendebaldera, eta handik gutxira anaia ere hara joan zen. «Lantegi batean hasi zen lanean, eta, noski, langileak antolatzen hasi zen, eskubideak aldarrikatzeko. Ondo gogoan ditut aurreneko greba eta manifestazio haiek, jende gutxi elkartzen ginen, baina burrunba ikaragarria zen». Sakinek ordurako oso barneratua zuen ikuspegi sozialista, eta hari kurduen askapen mugimenduaren beharra txertatu zion.

Sakine Cansizen zeharkaldiak bere etorkizuna guztiz baldintzatuko zuen pertsonarengana eraman zuen. Izmirretik Ankarara joan zen, eta han Abdullah Ocalan ezagutu zuen. Beste hogei ekintzailerekin batera, 1978ko azaroan, Lice herrian, PKK Kurdistango Langileen Alderdia sortukozuten. Sakinek 20 urte baino ez zituen, eta Fatmarekin batera, Ocalanen emazte ohia, taldeko emakume bakarra zen.

Metinek arrebaren urratsei jarraitzea erabaki zuen. PKKrekin bat egin zuen harik eta atxilotu zuten arte. 1979an Diyarbakirgo kartzela beltzean sartu zuten preso. Metinek iltzatuak ditu garai horiek: «Sakine handik aste batzuetara atxilotu zuten, eta kartzela berera ekarri, torturengatik horren ezaguna zen kartzelara». Garai gogor asko pasatu izan zituzten elkarrekin Sakinek eta Metinek: «Denetarik bizi izan dugu... 1980ko irailaren 12ko kolpean kartzelan ginen, eta oso garai gogorrak izan ziren; etengabeko torturak eta ezin aipatuzko sufrimendua. Ez genuen uste bizirik aterako ginenik. Ziegetako lagun batzuek, protesta moduan, beren buruari su eman zioten». Sakine maiz torturatu bazuten ere, sekula ez zuela amore eman gogoratzen du nebak: «Bular bat moztu zioten, eta negar ere ez zuen egin, torturatzaileei listua botatzeko adorea izan zuen beti». Apalago hitz egiten ari da Metin.

Ocalanen gertukoa

PKK-k 1984an ekin zion borroka armatuari, eta kartzelan zeuden militanteek itxaropenez jaso zuten albistea. Metin 1987an atera zen kartzelatik. Arrebak, baina, beste lau urtez itxaron behar izan zuen, 1991ra arte. Askatu ostean, biek borrokari ekin zioten berriz.

Ocalanen agindu bat jaso zuen orduan Sakinek. Istanbulen zegoen orduan, eta Europara bidali zuen aurrenik, borroka politikoa sustatzera. Ondoren, Irakeko Kurdistanera bidali zuen, Kandil mendietara, PKK-ko gerrillariak trebatzen diren kanpalekuetara.

Sakineren ibilbidearen kontakizuna egiten jarraitu du nebak, zegoen lekuan zegoela beti emakumeen askatasun borroka aldarrikatzen zuela gogoratuz: «Kandilgo Emakumeen Akademia sortu zuen, eta ekarpen handia egin zuen PKKren ideologian genero ikuspegia txertatzeko; erakundearen programa politikoetan eta sozialetan emakumeak rol protagonista bat du, leku berezi bat, eta hori oso adierazgarria da gurea bezalako eskualde batean, gurea bezalako kulturan eta erlijioan». Ocalanek berak egindako adierazpenak dira, ekintzaile kurduaren hitzetan, eman diren aurrerapausoen adibidea: «Ocalanek esan zuen kurduen askatasunak ezinbestean bere barnean hartu behar duela emakumeen askatasuna».

Metinek badaki bere arrebak ale bat jarri zuela bide horretan, eta horren lekuko da zenbat eta zenbat emakumerentzat den inspirazio iturri gaur egun, ez bakarrik Kurdistanen: «Eredugarria zen, hitzez eta ekintzez, eta haren sendotasunak eta duintasunak aztarna utzi dute».

Fidan Doganekin eta Leyla Saylemezekin batera odol hotzez hil zuten gaurko egun batez Sakine Cansiz. Metinen solasaldian nekez aurki daiteke kontsolamendua, ez bada nebaren izaera sendoari erreparatzen dionean: «Galera handia izan da, eta tristuran adorea ematen didan gauza bakarra da pentsatzea bizitza bete-betea izan zuela, nahi izan zuen bezala bizi izan zela, sekula ez baitzuen onartu injustizia, injustizia hori bera aldatzen saiatzeko ezer egin gabe. Beti izan da emakume aske bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.