Albistea entzun

Euskal antzerkia, geure modura

2018an bidea egiten jarraitu dute ele bitan antzezten duten konpainiek. Euskara hutsez aritzen direnak, berriz, gero eta indartsuago ibili dira eta oso panorama aberasgarria osatu dute.
Ekainaren 16an egin zuten Eztena jaialdia, Errenterian.
Ekainaren 16an egin zuten Eztena jaialdia, Errenterian. EZTENA Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2019ko urtarrilak 6

Ttak! Atx huts, hots, axut! Euskal antzerki talde batzuen izenekin esaldi esanguratsuak eta guzti sor daitezke, onomatopeia, interjekzio eta bestelako izen eta izenondoak elkartuta. Haien bidez saiatuko gara euskal antzerkiak 2018an eman duena laburbiltzen.

Ttak!

Aiztoaren hotsa. Agian, aizkora baten epaia egurraren kontra. Hemen dugu 2019a, ttak! Eta hara non 2018ak ekarri ziguna gogoratzean Ttak! konpainiaren izena datorkigun lehenik eta behin. Bitxia da gero, konpainia guztiz ezezaguna delako ikusle askorentzat, baina seguru Agur eta Dolore ikusi dutenek aizkorakada indartsuaren kolpea sentitu dutela, aurreko guztia bukatzen, kate astunak ebakitzen, geroa askatasun osoz bilatzen duen lan labur horrekin. Emakume-ikuspegitik egina, zalantzak eta kontraesanak leku zentralean jarrita, umore basatia eta kemen izugarria lagun… Argi dago zergatik hartzen duen lehen postua iazko antzezlanen errepasoa egitean.

Eta antzerki militante eta, zoritxarrez, minoritariotik joan gaitezen antzoki handiak betetzeko jaioa zen beste batera, euskarazko emanaldien paisaia askotarikoa baita. Eskerrak! Izan ere, zer aproposagoa egun hauetarako Dublindarrak lana baino? Arriaga antzokian estreinatu zen duela urtebete, eta taula gainean zortzi aktore ezagun bildu ziren irlandar sendi bateko Errege Gauaren afaria irudikatuz eta James Joyceren Dubliners liburuko hamabost kontakizun elkarlotuz. Estreinaldiaren emaitza bikaina izan zen, eta gero gaztelaniazko bertsioarekin egin du bere bidea, baina antzerkizale askoren kezka da lan bikoitz horrek antzezleengan sortzen duen presio negatiboa, eta beren buruari galdetzen diote ea bide onetik ote goazen hizkuntza menderatzailea eta hizkuntza menderatua plano berean jarrita.

Gurean hainbat lan eskaintzen dira oraindik bi bertsioetan, eta haien artean Erlauntza, Txarriboda eta Txaloren ildoko Zoaz pake santuan eta Etxeko saltsak daude 2018ko muntaia arrakastatsuen artean. Guztiak entretenimendu arloan kokatzen dira argi eta garbi, eta kutsu zilegi horretatik irten nahi izan duten beste lan batzuek —Hiru emakume, Izoztutako haizea bezala...— nolabaiteko transzendentziara heldu nahi bai, baina ezin izan dute ikusleen bihotza arras konkistatu, haien planteamenduetan eremu errazegietatik ibili edo bide erdian geratu izanaren sentsazioa utzi dutelako. Hala ere, ele bitan ematen den antzerkiak Garai zekenak izeneko harribitxia ekarri digu joan den urtea amaitzeko eta honen hasierarako. Ibsenen Hedda Gabler obran oinarrituta, inoiz baino artegagarriagoa egin zaizkigu Heddaren pertsonaia —Miren Gaztañaga— eta haren inguruan mugitzen dena, eta planteamendu eszenikoak ere asko lagundu du, ikusleak antzezleen artean dabiltzalako Arriaga antzokiko zenbait leku eta gelatatik.

Atx huts

Bitartean atx huts bihurtu zaigu euskaraz soilik egindako antzerkia, hau da, Espainian arrakasta lortzea helburu ez duen antzerkia. Atx egiten du euskara egoera diglosikotik atera nahian, eta iaz ere ez du huts egin zeregin horretan. Antzerki hutsa bilatzen du, ez antzerki hutsala, haitza bezain sendoa baizik, bizkaieraz atx esaten baitzaio haitzari. Horretan ibili dira iaz ere Atx teatroa, Huts teatroa eta beste hainbeste talde, kolektibo eta konpainia. Zerrenda luzea da zorionez, horrek esan nahi duelako zerbait ari dela gertatzen euskarazko antzerkian. Iaz bakarrik hogei bat areto-estreinaldi elebakar izan ziren, gehi ume-antzerki arloko beste lauzpabost. Agur eta Dolore aipatu dugu hasieran, baina iaz Heriotza bikoitza-k oso aztarna sakona utzi zuen lan hura ikusi zutenengan. Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoi ziren protagonistak, biak ala biak jakituria eszeniko gorenaren jabe eta heriotzaren gaiari ganoraz eta umorez —zelan bestela?— helduz. Esan bezala, ezin iazko obra guztiak aipatu, baina haietariko batzuk bai: Atx teatroko Iñaki Ziarrustaren Tomiris antimatxista eta zorrotza, Mikel Martinezen Tabernaria malenkoniatsua —Patxo Telleria gidoilari—, Gilkitxaro taldearen Morbus operandi —Galder Perezena, Aiora Sedano eta Ane Zabala antzezle—, Dxusturi taldeko Eneritz Artetxeren Karramarroa —Pablo Ibarluzea zuzendari—, Miren Tirapuk Irurtzunen estreinatu berri duen Manifestu bat —Gaizka Sarasola egile— eta, aipamen berezian, Itziar Elias, Maddi Irazoki eta Dani Irazokiren Bizimiñak, gure gatazka armatuak utzitako zauriez trebe eta gogoz hausnartzeagatik.

Badira, dena den, agertokiak antzezlez bete dituzten ele bakarreko ekoizpenak, eta haietan lehena Artedramaren Martin Zalakain dugu: Pio Barojaren eleberria, Harkaitz Canoren moldaketa, Ander Lipus Barojaren rolean, Euskal Herri osoko zazpi dantza-talde elkartuta eta, beste ezeren gainetik, Juan Antonio Urbeltzen agintea. Beste plano batera joanda, ikusleen gogoan geratu da Eako Poesia Egunetan eman zen Zanbuia! Horrela ospatu zuen Metrokoadroka Sormen-Kolektiboak bere 10. urtemuga, Ean itsasotik oinez sartuta eta hango hondartza, erreka, etxeak, zubiak eta bihotzak ekintza eta testu poetikoz betez. Eta urteko beste ekitaldi gogoangarri bat kolektibo berak sustaturiko Eztena jaialdia izan da: Niessen aretoan izandako jai berezian Hollywoodeko izarrak balira bezala omendu zituzten urteotan jaialditik igaro diren guztiak eta Geure modura abesten amaitu zen ekitaldia, geure antolamendua eta gaitasuna harro aldarrikatuta.

Axut!

Axut! esaten da Iparraldean erronka edo arbuioa adierazteko, eta Axut! formazioaren Zazpi senideko izan da iazko lan sendoenetariko bat. Euskara hutsez aritzeko erronkarekin jaio da Fuchs anaien elkartea, eta onarpen ezin hobea jaso du ikusleen aldetik. Iparraldean jarraituz gero, 2018ak emandako lan ederra izan zen Lapurdiko Hecho en Casa konpainiaren Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen izenburu luzeko ikuskizuna. Haur-antzerki bezala sailkatuta jaio arren, Japoniako No teatroan ditu erroak eta, Rebecca Doutremer ilustratzaile paregabearen estetika lagun, edertasunaren gailurrera heldu zen, Txomin Urriza Luroren euskaratzearen laguntzaz.

Laburpen-kronika hau amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi iaz izandako hiru gertakizun. Doluzkoa lehena, Joxe Martin Urrutia Txotxe otsailean zendu zelako, Durangoko Karrika antzerki taldea umezurtz utzita. Bigarrena zorionak ematekoa da, iaz Txomin Hegi Chimeres konpainiako antzerkilari eta euskaltzale militanteak erretiroa hartu zuelako —euskarazko antzerkigintzak eskerrak eman beharko dizkio noizbait—, eta hirugarrena ospatzeko modukoa da, EHAZEk Ekin eta joka liburua aurkeztu zuelako Durangoko Azokan, XX. mendearen hasieratik hona gure antzerkian izan diren egile eta joera nagusiak aztertuta, Iparraldeko zein Hegoaldeko zortzi ikerlariren elkarlanari esker.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Iñigo Astiz

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

Durangoko Azokako lehen eguna, azoka digitala. ©Andoni Canellada

Hasi da azoka digitala

Berria

Dagoeneko salgai daude azokaren 56. aldian egongo diren 990 nobedadeak: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu. Bihar hasiko da azoka presentziala, 10:00etan.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Gorka Arrese

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen

<b><em>Aztarnak <em>proiektuko kide batzuk. Eramailea Marina Beheretxe da —bigarrena ezkerretik—.</em> </em></b> ©BRUNO LUCAS

Marina Beheretxe biolinistak 'Aztarnak' proiektua muntatu du eta gaur estreinatuko du

Ainize Madariaga

Marina Beheretxe biolinistak 'Aztarnak' proiektua muntatu du, hainbat estilo lantzen dituzten artistekin elkarlanean. Tresna klasiko eta tradizionalak uztartuz, euskal musika jotzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.