Indarkeria matxista

Hitzetatik hasten dira erasoak

Emakumeek festa giroan entzuten dituzten irainez josi ditu herriko kaleak Altzoko (B)eroak talde feministak. Ahozko erasoez sentsibilizatzeko ekinaldi horrek zeresan handia eman du.

Janzkerari loturiko komentarioak dira ugarienak. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Festak izan dituzte aste honetan Altzon (Gipuzkoa), eta, jaiek ez ezik, aldarrikapenek ere hartu dituzte kaleak. Jaien aurreko egunetan, hainbat pankarta jarri zituzten herri osoan; bi egunetik behin kendu, eta berriak ipintzen zituzten. Hamar pankarta izan dira guztira, eta eduki argia du bakoitzak: Altzon eta inguruko herrietan emakumeek jasandako irainak. Altzoko (B)eroak talde feministaren ekinaldia izan da, eta emakumeek jasaten dituzten ahozko erasoen inguruan sentsibilizatzea izan dute helburua. Espero zuten baino oihartzun handiagoa izan du ekintza horrek.



Herrian dagoen «kontzientziazio faltatik» irten zen ideia, taldeko kideek azaldu dutenez. Festetarako eraso matxisten aurkako protokolo bat jarri dute martxan aurten lehen aldiz, eta herrian errezeloz hartu dute egitasmoa. Talde feministak adierazi duenez, jaietan ez da eraso fisikorik gertatu orain arte, eta, beraz, jendeak ez du protokoloa beharrezko ikusten. Haiek, ordea, argi dute: «Altzon beharrezkoa da protokoloa, entzuten ditugun komentarioak ere erasoak baitira». Irainak hitzez irudikatzea izan da herritarrak ohartarazteko modua, eta, besteak beste, emakumeen janzkerarekin, jarrerarekin eta hilekoarekin lotutako esaldiak jaso dituzte. 2015etik gaur egun arte entzun dituzten irainak dira, Altzon ez ezik inguruko herrietan ere; esaterako, Tolosan, Alegian (Gipuzkoa), eta Lesakan (Nafarroa).



Espero ez zuten oihartzuna

Ekinaldiak erreakzio ugari ekarri ditu, Altzon eta inguruko herrietan, eta sare sozialetan asko zabaldu da: «Guk espero ez genuen dimentsio bat hartu du kontuak. Ez genuen uste ekintza handi bat egitera gindoazenik». Herrian, bai, espero zituzten erreakzioak. Bazekiten hain ohikoak diren esaldiak eraso moduan ikusarazteak hautsak harrotuko zituela, eta asko identifikaturik sentituko zirela: «Gertukoa zitzaien gauza bat egin nahi genuen, jendearengan eragina izateko. Horregatik, oso normalizatuak dauden esaldiak jarri genituen pankartetan».

Hasiera batean, asteartean egin zuten ekitaldia zen ekintza nagusia. Plaza jendez lepo zegoela, udaletxera igo, eta haien mezua helaraztearekin batera, azken pankarta zabaldu zuten: «Hau ez bada erasoa, hori da arazoa». Erantzuna bat-batekoa izan zen; plazatik garrasika hasi zitzaizkien hainbat pertsona. Hala ere, esker oneko hitzak eta babesa ere jaso dituzte, herriko emakume ugari identifikaturik sentitu baitira.

Talde feministako kideak «pozik» daude ekinaldiak zeresan handia eman duelako. Nabarmendu dute lorpen handia izan dela herri txiki bateko talde batentzat. Azaldu dute joera dela «arlo pertsonalera» jotzea, eta gatazka norbanakoan kokatu ohi dela. Oraingoan, hori aldatu egin da: «Ez da hainbeste pertsonalizatu, eta dimentsio ideologikoa hartu du. Oso zaila da halako herri txiki batean eztabaida politiko gisa ulertzea». Hain zuzen, testuingurua izan da giltza: «Oso kontuan hartzen dugu Altzon ari garela, eta zer jende dagoen bertan. Beste herri batzuetarako agian ez dira gauza indartsuak, baina Altzorako, bai». Hausnarketarako bidea ireki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.