Koronabirusa. Birusaren hedatzea

Kutsatze azkar baten kronika

Txinak hilabete behar izan du muturreko neurriekin koronabirusaren kutsatzea apaltzeko. Europan dago «pandemiaren epizentroa» orain. Europako herrialdeak aste honetan hasi dira neurri irmoagoak hartzen.

Kutsatze azkar baten kronika.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Txinak lehen kasuen berri eman zuenetik gaur arte, geroz eta gertuagoko kezka bihurtu da COVID-19 gaitza. Hasieran munduaren beste puntako kontua zena nazioartean zabaldu zen arazo arrotz bilakatu zen, eta, azken egunetan, eguneroko bizitzaren parte bihurtu da: lanean, eskoletan, ospitaleetan, zaharren egoitzetan, aisialdirako guneetan, kaleko elkarrizketetan eta etxe barruan. Munduaren beste puntan agertu zen koronabirusa, baina, bi hilabete eta erdiren ondoren, Europan dago gaitzaren epizentroa. Euskal Herrian, osasun publiko auzia da, herritar bakoitzaren ardura egoerari aurre egiteko ezinbesteko bihurtzeraino. Nola iritsi da egungo egoera? Hona koronabirusaren agertzetik gaur arte haren hedatzean izan diren hainbat mugarri.

Agerraldia, animalia basatien merkatuan

Txinak pneumonia ezohiko batek kutsatutako hainbat kasuren berri eman zion 2019ko abenduaren 31n OME Osasunaren Mundu Erakundeari. Abisuak kezka piztu zuen, birus ezezagun batek eragin zuelako gaixotasuna. Astebetera baieztatu zuten koronabirus multzoko birus berri batek eragindakoa zela gaitza. OMEkSARS-CoV-2 izena jarri zion. Multzo berekoa da gripe arrunta eragiten duen birusa, baita SARS arnas sindrome akutu larria eta MERS Ekialde Hurbileko arnas sindromea eragin zutenak ere.

Koronabirus berria Txinako Wuhanen agertu zen, Hubei probintziako hiriburuan; 11 milioi biztanle ditu. Txinako Gobernuak oraindik ez du baieztatu zero pazientea aurkitu duenik, baina South China Morning Post hedabideak asteon zabaldu du dagoeneko identifikatua dutela: 55 urteko gizon bat litzateke, Hubei probintziakoa, eta iragan azaroaren 17an kutsatu zela uste dute. Birusaren jatorria ez dago argi oraindik, baina lehenengo ikerketek diote saguzarra izan daitekeela sorburua; Wuhango itsaski eta animalia basatien merkatuan saltzen den animalietako bat da. Gobernuak Wuhango merkatua itxi zuen urtarrilaren 1ean.

Koronabirusaren agerraldiak auzitan jarri zuen animalia basatien salerosketa, eta Txinako Gobernuak behin-behinean debekatu zuen jardun hori. Animalia basatien salerosketa zabalduta dago Txinan. Hura da mundu mailako kontsumitzaile nagusia, legezko nahiz legez kanpoko merkatuetan. Erosleek jaki gisa edota medikuntza tradizionalerako erabili ohi dituzte animalia horiek. Ekologistek behin betiko debekua eskatu dute, animalia basatien merkatuak gizakien osasuna eta biodibertsitatea arriskuan jartzen dituela ohartarazita. Pekinek antzeko debeku bat ezarri zuen 2002an, SARS gaitza hedatu zenean, eta kendu egin zen hilabete batzuk geroago.

Lehenengo kutsatzeak eta lehen babes neurriak

Txinak urtarrilaren 11n eman zuen koronabirusak jotako gaixo baten lehen heriotzaren berri. Wuhango 61 urteko gizonezko bat zen, hiriko merkatuan erosketak egin zituena.

Bi egun geroago, Txinatik kanpo gaixo bat atzeman zutela eman zen ezagutzera. Thailandian izan zen. Wuhandik joandako emakume bat zen gaixotutakoa. Japoniak ere lehen koronabirus kasu bat atzeman zuen, urtarrilaren 13an. Egun gutxira egin zuten gauza bera Nepalek, Australiak, Malaysiak, Singapurrek, Hego Koreak, Vietnamek eta Taiwanek. Birusa Txina inguruko herrialdeetan hedatzen hasia zegoen, baina ez Asian bakarrik. Frantziak hiru kasu atzeman zituen urtarrilaren 24an; Europako lehenengoak. AEBek, berriz, urtarrilaren 21ean eman zuen lehen gaixoaren berri. Ordurako, 400 lagun baino gehiago zeuden kutsatuta Txinan, eta bederatzi hil ziren.

Gaixotasuna hedatzeko arriskuaren kezka handitu egin zen, urtarrilaren 20an, Txinako Osasun Batzordeak birusa gizakitik gizakira kutsatzen hasia zela baieztatu zuenean. Txinan urteberri eguna ospatzear ziren —urtarrilaren 25ean ospatzen dute—, eta milioika herritar egun horretarako etxera itzuli ohi denez, lekualdatzeek birusaren hedatzea areagotu zezaketen herrialde osoan. Gobernuak bidaiarien sukarra kontrolatzeko neurriak hartu zituen tren eta autobus geltokietan eta aireportuetan.

Asiako eta Europako hainbat herrialdek eta AEBek ere neurri bera hartu zuten beren aireportuetan, Txinako arrisku eremuetatik aireratutako hegaldientzat.

Muturreko erabakien beharra

Koronabirusak kutsatutako gehienak eta hark hildako guztiak Wuhan hiriburu duen Hubei probintziakoak ziren oraindik urtarrilaren 22an, eta Txinako Gobernuak neurri gogorrak hartu zituen, birusa eremu horretatik kanpora zabaldu ez zedin. Agintariek hiritik ez ateratzeko agindu zieten herritarrei. Garraio publikoa eten eta aireportua itxi zuten. Halaber, hirira ez bidaiatzeko eskatu zieten handik kanpo zeudenei. Muga horiek Hubeiko beste hiru hiritara zabaldu zituen. Hogei milioi herritarri ezarri zieten berrogeialdia.

Txinan egoera muturrekoa izan arren, OMEk baztertu egin zuen «nazioarteko larrialdi publikoa» ezartzea, urtarrilaren 23an. Argudiatu zuen ez zegoela nahikoa ebidentzia Txinatik kanpora birusa gizakien artean kutsatzen ari zela baieztatzeko.

Astebete geroago deklaratu zuen larrialdia osasun erakundeak. Hiru baldintzak betetzen zirela adierazi zuen: aparteko jazoera bat izatea, beste herrialdeetara azkar hedatzeko arriskua egotea, eta egoerak nazioarteko erantzun koordinatu baten beharra izatea. Ordurako hasiak ziren gaitzaren kontrako txertoa bilatzen, nahiz eta birusari buruzko ezagutza mugatua oztopo handia izan. Urtarrilaren 27an jakin zen birusa kutsakorra dela gaixoak sintomarik agertzen ez duenean ere.

Agintariak, adituak eta herritarrak egoera berrira egokitu bitartean, birusak munduan hedatzen jarraitzen zuen. Otsaila hasi zenerako, lehen gaixoak atzeman zituzten Espainian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Suedian, Finlandian, Errusian, Kanadan, Arabiar Emirerri Batuetan, Indian eta Vietnamen. Txinatik kanpoko lehen heriotzaren berri eman zuen Filipinak otsailaren 2an. Orotara, koronabirusak kutsatutako 360 lagunen heriotza zenbatu zituzten egun horretarako.

Berrogeialdiaren arrakasta Hubein

Hubein berrogeialdian jarri ondoren, birusari aurre egiteko behar beste baliabide jarri zituen Txinak. 6.000 mediku eta erizain bidali zituen Wuhanera, 5.000 ohe gehiago jarri zituen ospitaleetan, eta mila oheko bi erietxe eraiki zituen hamar eguneko epean.

Pekinen erreakzioa berandu iritsi zen herritar askoren iritzirako, eta krisia kudeatzeko garaian «hutsuneak eta akatsak» izan zirela onartu zuen gobernuak berak ere. Kritikoek gobernuari egotzi diote krisiaren lehen egunetan «informazioa ezkutatu» eta egoeraren larria «gutxietsi» izana. Hubei berrogeialdian jarri zutenerako urtarrilaren 22a zen, eta epe horretan hiritik irtendakoek birusa hedatu zutela salatu dute.

Akatsak akats, urtarrilaren erdialdetik aurrera hartutako neurriak birusaren zabaltzea mugatzen hasi ziren hilabete geroago. Otsailaren 3tik 9rako astean 22.900 gaixo berri atzeman zituzten; 17tik 23rakoan, 8.500; eta martxoaren 2tik 9rakoan, 891.

Halere, koronabirusaren datuek aurrekorik gabeko egoera islatzen zuten. Otsail erdialderako, SARSek eragindako hildako kopurua gainditu zuen. SARS gaitza zuten 774 pertsona hil ziren 2002an eta 2003an mundu osoan, eta, otsailaren 10ean, 908 pertsona ziren koronabirusarekin hildakoak, soilik Txinako datuak aintzat hartuta. Bost egun geroago, 1.500 baino gehiago ziren.

Gaitzaren epizentroa, Txinatik Europara

Pekin kutsatze kopurua apaltzea lortzen ari zen, baina, aldi berean, gaitza azkar ari zen hedatzen neurri esanguratsurik hartu ez zuten herrialdeetan. Otsailaren 25ean, lehen aldiz, kasu berri gehiago atzeman ziren Txinatik kanpo Txinan baino.

Gaitza azkar hedatu da azken asteetan 123 bat estatura, eta OMEk iragan asteazkenean pandemia izendatu zuen; gerora, ohartarazi zuen Europan dagoela epizentroa, beste edozein lekutan baino jende gehiago ari delako kutsatzen bertan. «Txinako epidemiaren unerik gorenean baino kasu gehiago daude eguneko», esan zuen Tedros Adhanom OMEren idazkari nagusiak herenegun.

Italia (17.660), Iran (11.364), eta Hego Korea (8.086) dira kutsatu gehien dituzten herrialdeak. Horien atzetik daude Espainia (4.231), Frantzia (3.640), Alemania (3.062) eta AEBak (1.678). Egoerarik larriena, ordea, Italiak du: azken datuen arabera, 1.440 lagun baino gehiago hil dira —kasuen %5,8—. Egoera larria ikusita, herritarren mugikortasuna mugatzeko muturreko neurriak ezarri ditu herrialde osoan. Iragan astelehenetik, herritarrak soilik lan, osasun edo ezinbesteko arrazoiengatik irten daitezke kalera. Dendak itxi dituzte, janari saltokiak, botikak, bankuak eta kioskoak izan ezik. Ikastetxe eta unibertsitateak ere itxita daude.

Beste batzuek antzeko neurriak hartu dituzte. Portugalek, esaterako, ikastetxeak eta dantzalekuak ixteko agindu zuen ostegunean, eta jatetxeen edukiera mugatzea erabaki zuen; Austriak, berriz, saltoki guztiak itxi zituen ostiralean. Neurri horretatik salbu utzi zituen elikagai saltokiak, farmaziak, gasolindegiak eta bankuak. Egun berean, ikastetxeak, jatetxeak eta tabernak ixtea erabaki zuen Belgikak —Galiziak bezala—, eta bertan behera utzi zituen kirol eta kultur jarduerak ere. Kataluniak bere mugak ixteko erabakia hartu zuen, eta horretan laguntzeko eskatu dio Madrili. Espainiak eta AEBek larrialdi egoera deklaratu zuten egun berean.

Euskal Herrian, orain bi aste atzeman zuten lehen aldiz birusa, otsailaren 28an; bost egun geroago, lehen hildakoa baieztatu zuten. Salbuespen neurriak asteon iritsi dira: astelehenean, Gasteizko hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki zuen Jaurlaritzak, eta ostegunean neurri hori Euskal Herri osora zabaldu zuten agintariek. Mila pertsonatik gorako ekitaldiak debekatu dituzte, eta zahar etxeetako eta ospitaletako bisitak mugatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak antzeko mugak ezartzea gomendatu die zahar etxeei.

Agintariek nabarmendu dute oraindik ez dela okerrena iritsi. Jaurlaritzak larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean, eta horrek eskumen bereziak eman dizkio, tartean herritarrak bakartzea eta zerbitzu publikoen zein pribatuen erabilera mugatu edo baldintzatzea. Atzo, neurri gehiago irakarri zituen: adinekoentzako eguneko zentroak ixtea, eta edozein motatako jarduerak bertan behera uztea erabaki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.