AEBetako bozak. Alderdi Errepublikanoa

Errepublikanoak, are zatituago

Pence eta McConnell Trumpen estrategiatik aldendu dira, eta bozetan iruzurra egin denaren ideia baztertzeko eskatu dute. Hauteskundeen emaitzak aitortzearen kontrako jarrerari eutsi dio legegile talde batek, Cruz senataria buru

Mitch McConnell Alderdi Errepublikanoaren Senatuko burua eta Ted Cruz senatari errepublikanoa, iazko otsailean, elkarri eskua ematen. LEAH MILLIS /EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidentearekiko desadostasunak eta haren erabakien kontrako salaketak etxe barruan gorde ditu, ahal bezainbeste, Alderdi Errepublikanoak. Baina herenegun Trumpen ehunka jarraitzaile Kapitoliora sartu izanak eta Joe Biden presidente hautatuaren garaipena aitortzeko Ordezkarien Ganberak eta Senatuak egin zuten saio bateratua eten izanak azaleratu eta sakondu egin dute alderdi barruko zatiketa.

Argi gelditu zen hori Mike Pence jarduneko presidenteordearen adierazpenetan. Berak gidatu zuen bi ganberetako saio bateratua, eta aldendu egin zen Trumpen ildotik. «Kapitolioan nahasmena eragin duzuen horiei, ez duzue irabazi. Indarkeriak ez du sekula ere irabazten. Askatasunak irabazten du. Hau oraindik ere herritarren etxea da».

«Demokrazia iraultzen ahalegintzea» leporatu zien Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruak Kapitoliora indarrez sartu zirenei, eta «matxinadak porrot» egin zuela nabarmendu zuen. «Konspirazio teoriak» baztertzeko eskatu zuen, eta hauteskundeetako emaitzak onartzera deitu zituen bere taldeko senatariak. «Boto emaileek, auzitegiek eta estatuek hitz egin dute». McConnellen esanetan, AEBetako demokrazia «espiral hilgarri batean» sartuko litzateke, «hauteskundeak alderdi galtzailearen alegazioengatik irauliko balira».

Kapitolioan gertatutakoa, ordea, ez da nahikoa izan Trump bakartzeko, eta Alderdi Errepublikanoko ordezkari ugarik babestu zituzten herenegungo saioan Arizonako eta Pennsylvaniako emaitzen kontrako alegazioak. Baztertuak izan ziren bi ganberetan, baina Trumpen estrategiak babes zabalagoa izan zuen Ordezkarien Ganberan: 138 aldeko boto jaso zituen Pennsylvaniako emaitzen alegazioak —282 aurka— eta 121 Arizonakoak —303 aurka—. Senatuan, aldiz, zazpi errepublikanok babestu zuten Pennsylvaniako emaitzen alegazioa —92 boto jaso zituen kontra—, eta sei Arizonakoak —93 aurka—.

Saioaren aurretik, dozena bat senatari ziren Bidenen garaipena aitortzearen kontrakoak, Ted Cruz Texasko hautetsia buru. Trumpen ehunka jarraitzaile Kapitoliora sartu ostean, baina, jarrera aldatu zuten hainbat senatarik. Kelly Loeffler Georgiako bozetan kargua berritzea lortu ez duen ordezkaria izan zen horietako bat. «Gaurko gertakariek hausnartzera behartu naute, eta orain ezin dut, kontzientzia lasaiarekin, [hauteskundeetako emaitzen] aurka egin». Erabaki bera hartu zuten Cathy McMorris Washingtongo senatariak, Steve Daines Montanakoak eta James Lankford Oklahomakoak.

Azken bozetako emaitzak iruzurra diren mezua muturreraino eramateko erabakiari eutsi nahi izan dio Trumpek, eta, horregatik, asko izan dira hari leporatu diotenak Kapitolioko gertakarien ardura; baita Alderdi Errepublikanoaren barruan ere. Mitt Romney Utahko senataria izan da presidentearekin kritikoen agertu direnetako bat. «Hauxe da presidenteak eragin duena: matxinada». Ordezkarien Ganberako Liz Cheneyren iritziz —Kongresuko errepublikanoen artean ardura handieneko hirugarren postua da berea—, «ez dago zalantzarik» Trumpek «eratu» duela Kapitolioari «eraso» egin dion jendetza. «Berak piztu du sua». Presidentea demokrazia arriskuan jartzearen erruduntzat jotzen dutelako, zenbait hautetsi errepublikanok hura kargutik kentzeko eskatu dute, konstituzioaren 25. artikuluaren bidez.

Zenbaitek Trumpen kontrako ahotsa ozen altxatu duten arren, oraindik haren ondoan segitzen dute beste askok, hauteskunde emaitzen kontrako alegazioen bozketek islatzen dutenez. AEBetako hedabideetako iritzi emaile ugarik lotu dute Trumpen aldeko jarrera hori hauteskunde interesekin, zalantzarik ez baita Trump babestu duen oinarri sozialari esker lortu dutela Alderdi Errepublikanoko hainbat kidek Ordezkarien Ganberan edo Senatuan dituzten eserlekuak.

Oldarraldi justifikatua

Kapitolioko istiluei garrantzia kendu diete Trump babestu duten alderdikideek. Horien esanetan, atzoko gertakariak ziria sartu dieten herritarren haserrearen adierazpen dira, ordezkari politikoek bazterrean utzitakoena. Beste batzuek ziurtatu dute ezkerreko ekintzaile infiltratuak izan zirela liskarra piztu zutenak, Trumpen jarraitzaile gisa mozorrotuta. Izan dira demokratei hipokrisiaz jokatzea leporatu dietenak ere, Black Lives Matter mugimenduaren manifestazioetan gertatu diren liskarrak ez dituztelako salatu, eta atzokoak, aldiz, matxinadatzat jo dituztelako. Trumpen alde mintzatu denen artean da Sarah Palin, 2008an errepublikanoen presidenteordegai izan zena.

Kapitolioko anabasa ez da demokraziaren kontrako gertaera larri bat izan AEBetako boto emaileen bi herenen iritziz, YouGov enpresak egin duen inkestaren arabera. Are gehiago, %45ek «erabat edo hein batean» babesten du manifestariak eraikinera sartu izana. Ehuneko hori bat dator, gutxi gorabehera, hauteskundeetan iruzurra izan dela uste dutenekin: %40, beste zenbait inkesten arabera.

Alderdi Errepublikanoan bezala, Kapitolioko oldarraldiak zatiketa eragin du Etxe Zuriaren barruan ere, eta hainbat goi karguk dimisioa aurkeztu diote Trumpi. Horien artean da Matt Pottinger Segurtasun Nazionalerako kontseilari ondokoa. AEBetako hainbat hedabideren esanetan, neurri bera hartzea aztertzen ari da Robert O'Brien Segurtasun Nazionalerako kontseilaria, Penceren hurbilekoa dena.

Kargua utziko zutela jakinarazi zuten atzo Anna Cristina Niceta Etxe Zuriko idazkari sozialak, Stephanie Grisham Melania Trump AEBetako lehen damaren kabinete buruak, Sarah Matthews Etxe Zuriko prentsa idazkari ondokoak eta Mick Mulvaney Ipar Irlandarako ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.