Herriko bozak Frantzian

Korsikako nazionalistek Bastiari eutsi eta Porto-Vecchion irabazi nahi dute

ander perez zala
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Datorren urteko eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeei begira, gaurko herriko bozen bigarren itzulia garrantzitsua da Korsikako nazionalistentzat. Besteak beste, bi helburu dituzte: iparraldeko Bastian 2014ko garaipen historikoa errepikatzea, eta hegoaldeko Porto-Vecchio hiriaren alkatetza eskuratzea.

Gilles Simeoni Korsikako presidentearen duela sei urteko emaitza berdintzekotan da Pierre Savelli alkategai nazionalista eta Femu a Corsicako alderdikidea; lehen aldiz lehiatzen ari da, Simeoniren dimisioaren ostean iritsi baitzen kargura, 2016an. Hura izan zen iragan martxoko lehen itzulian boto gehien jaso zuena (%30,43), eta, gaur, bi zerrenda ezkertiarren aurka lehiatu beharko du.

Bastiaz gain, nazionalistek itxaropen handiak dituzte jarriak Porto-Vecchion. Korsikako hiririk garrantzitsuenetan hirugarrena da, eta lehen itzuliko emaitzetan Korsikako Nazioaren Alderdiarenidazkari nagusi Jean-Christophe Angelinirena izan zen boz gehien bildu zuen zerrenda (%44,49), egungo alkate Georges Melarenaren aurretik (%40,09); hortaz, boto emaileek bi hautagai horien artean hautatu beharko dute gaur. Bien arteko tartea boto gutxirena izan zen, baina iragan martxoko lehen itzulian lehiatu zen hirugarren zerrenda nazionalistena izateak nabarmen handitu du Angeliniren arrakastarako aukera.

Perpinyako lehia

Perpinyan, Ipar Kataluniako hiriburuan, Marine Le Penen Batasun Nazionala da faboritoa alkatetza eskuratzeko. 2014an bezala, aurten ere Louis Aliotek lortu du boto gehien lehen itzulian, Jean-Marc Pujol auzapez eskuindarrarekiko tartea nabarmen handituta: Aliotek babesen %35,66 jaso zituen iragan martxoan, eta Pujolek, %18,44.

Gainontzeko alkategaiak lehiatik atera dira, eta hautagai eskuindarraren alde bozkatzera deitu dute, duela sei urte egin bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.