Atentatuak Katalunian. Manifestazioa

Ez beldurrik, ez erregerik

Atentatuen kontra eta bakearen alde jendetza bildu da Bartzelonako kaleetan. Espainiako erregeari txistu ozenak egin dizkiote, armen salmentak babesteagatik. Askok, berriz, mossoak laudatu dituzte

Felipe VI.a eta Espainiako Gobernua armen salerosketaren konplizeak dioen pankarta handi bat, jendetzaren erdian, Bartzelonan, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Jon Fernandez.
Bartzelona
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Baietz, beldur dela aitortu zuen Kamrulek, atzo, Bartzelonako manifestazioan. Bangladeshtarra da, musulmana, eta bartzelonarra duela 15 urtetatik. No tinc por (Ez dut beldurrik) lelodun protesta jendetsuan parte hartu zuen, duela astebete Bartzelonan eta Cambrilsen izandako atentatuak salatzeko. Baina hamabost heriotzek, egiaz, izutu egin dute: «Orain ez naiz metroan joaten, erasoak egon daitezkeelakoan». Halere, ez direla beldur oihukatu zutenmilaka lagunek kalean; baina sentimendutik ez eze, arrazoimenetik ere erantzun nahi izan du Kamrulek eskuan zeraman kartelarekin —Rajoy: zure gerrak, gure hildakoak-, beste milaka katalanek bezala. Erasoen atzeko katramilak mabarmendu gura izan zituzten, erantzuleak bilatu. Espainiako erregearen kontrako mezu ugari ikusi ziren Gracia pasealekuan, Felipe VI. ari leporatuz Saudi Arabiarekin armen negozioa babestea eta bultzatzea.

«Bi gauza salatzera etorri gara», zioen Tarrassako Perek. «Batetik, terroristak,islamista faltsuak direnak; eta bestetik, haiei armak saltzen dizkietenak». Graciako lorategietatik Katalunia Plazara jendetza bildu zen —milioi erdi pertsona, Udaltzaingoaren arabera-, eta ordu eta erdi eskas iraun zuen manifestazioan txalo zaparradak eta txistu ozenak tartekatu ziren aldian-aldian.

Txaloak, bereziki, manifestazioaren buruan joan zirenentzat: osasun zerbitzuak, Mossos d'Esquadra, Bartzelonako Udaltzaingoa, suhiltzaileak, medikuak, Rambletako auzotarrak... Martxa hasi aurretik eta ondoren, herritarrek heroiak balira bezala oihukatu eta txalotu zituzten mossoak eta suhiltzaileak ondotik oinez pasatzean.

Poliziaren furgoneta bat baino gehiagotan jarri zituzten loreak kristalean, eta «Mossoak! Mossoak!», laudatu zituzten. Une horretan, mutiko batek aitari galdetu zion ea zergatik ziren txaloak, eta hura ahalegindu zen esplikatzen erasotzaileak harrapatzeagatik zela. «Baina ez dute dena ondo egin. Burura egin zieten tiro, hankara egin beharrean». Eta semeak ulergaitz begiratu zion aitari.

Olatu urdina

Eta txaloak eta No tinc por! garrasien errenkadan sortzen ziren txistu ozenak ere, agintariak eta, bereziki, Felipe VI.a pantaila erraldoiko irudian agertzen zen bakoitzean. «Borboiak kanpora!», bihurtu zen lelorik entzunenetako bat.

Monarka arbuiatu zuten asko eta asko urdinez jantzita zihoazen, eta manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago kontzentrazio alternatibo bat egin zuten Gracia pasealekuaren ondoan, Zuen politikak, gure hildakoak lelopean. Urdin kolorez jantzi ziren Mediterraneoa irudikatu nahi izan zutelako: batzen duen itsasoa. Urdinez, baita ere, itsasoa gurutzatzen duten errefuxiatuak gogoan. Espainiako erregea eta Gobernua manifestazioan egotearen zentzugabekeria salatu zuten, haien arma eta gerra politika eginez erasoen erantzule.

Kolore urdinarekin batera, Kataluniako bandera independentistak izan ziren nagusi 18:00etako manifestazioan. Halaber, baziren Espainiako banderak ere. «Lurpeko korronte ugari daude gaur hemen», zioen Celsok. Galiziarra bezain katalana dela zioen, eta biktimei elkartasuna erakusteko eguna zela atzokoa; baina gaineratu zuen seinalatu egin behar direla erasoen erantzule politikoak,eta ezin dela ukatu naziotasun talkak ere hor daudela. Banderen gerra lekuko.

«Gaur hemen gaude, irailaren 11n ere egongo gara, eta urriaren 1ean independentziaren alde bozkatuko dugu», adierazi zuen Celsok. Espainiako bandera zeramaten batzuk amorruz begiratzen zituzten senyeradunak, bereziki Felipe VI.aren kontrako oihuak egiten zituztenean. «Nazka ematen du herrialde honek», zioen batek herraz; «Ze pena, herrialde hau», beste batek, etsita.

Manifestazio buruan elkarren ondoan izan ziren Carles Puigdemont Generalitateko burua, erregea eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea, noiz eta dozena bat egun falta direnean Kataluniako Parlamentuakdeskonexio legea onartzeko. Lurpeko korronteak eta lurpeko tentsioa, manifestazio buruan ere.

Loreen pasealekua

Gasteizko eta Iruñeko gobernuburuak eta euskal alderdietako ordezkariak ere izan ziren Katalunia plazan amaitu zen protestan. Haatik, agintarien ordez, eragile zibilen izenean hartu zuten hitza, amaiera ekitaldian, Rosa Maria Sardak eta Miriam Hatibik. Funtsean , beldurrik ezaren, bizitzaren, elkartasunaren eta askatasunaren aldarria egin zuten.

Eta behin hitzaldia amaituta, Katalunia Plazatik behera, Rambletan behera jarraitu zuen jendetzak. Izan ere, sabairik gabeko tenplu bihurtuta daude Bartzelonako Ramblak joan den asteaz geroztik. Liceu teatroaren aurreko espaloi zabala lorez eta kandelaz osatutako alfonbra erraldoi batek estaltzen zuen atzo. Herritarrek eta turistek ehunka lore, panpina, kandela eta mezu pilatu dituzte abuztuaren 17an sarraskiaren furgoneta geratu zen tokian.

Eta han, Liceu parean, baina manifestazioa baino zazpi ordu lehenago, neska gazte bat belauniko zegoen lurrean iltzatuta, negar zotinka, lore artean lagatako larrosaren aurrean. «Nire alaba da. Apurtuta dago», azaldu zuen bere amak. Bera ere hautsita zegoen, baina «No tinc por» esaten zuen, kontatu eta gero pasa den astean Cambrilseko itsas pasealekuan zeudela erasoaren unean.

«Bizirik atera ginen Cambrilsen, eta gaur [atzo] Bartzelonara etorri gara». Manifestazioaren egunean bertan egon nahi zuten, baina goizean oraindik ez zuten argi arratsaldean protestarekin bat egingo ote zuten. «Ikusiko dugu ea indarrik badaukagun».

Aurrera egin behar dela zioen emakumeak, kazetariari baino gehiago, bere buruari hitz eginez. Gizon nagusi bat jarri zen orduan, belaunikatuta, alabaren ondoan. Hizketan hasi ziren, besarkatu ziren, eta eskuak oratuta jarraitu zuten solasean, negarrari, tarteka, irribarreak ere gehituz.

Hamar metrora, irribarrez zegoen Cesar, Rambletako lore saltzaile bat. Lorontzi txiki batzuk doan banatzen zebilen, nahi zuenak oroitzapen mezuak utz zitzan. Jendeak, hitz batzuk idatzi eta ondoko farolapean pilatzen zituen oroigarriak. Rambletako lore eta egunkari saltzaileek zalantza zuten goizean: manifestaziora joan gura zuten, baina ez zitutzen dendak itxi nahi. «Bizitza eman behar diogu kale honi», zioen Cesarrek. Ia bederatzi ordu geroago, jendetza Rambletan behera zihoanean, bizirik zegoen kalea, baina lore denda dezente, itxita. Manifestazioan haiek ere; eta haien loreak. Izan ere, Bartzelonako saltzaileek milaka lore banatu zizkieten, doan, manifestariei, Ramblen ikur direlako loreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.