Koronabirusa

Datuen goraldia apaltzen ahalegintzeko jarraibideak onartuko ditu gaur Labik

Osasun larrialdia berriz ezarri du Urkulluk, pandemia hasi zenetik hirugarren aldiz. 16:30erako deitu du Labi bilerara

Urkullu Labiren bilera batera sartzen, artxiboko irudi batean. J.FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Asteartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri zuen COVID-19aren datuen eboluzio «txarra» zela-eta berriz ezarriko zuela Iñigo Urkullu lehendakariak osasun larrialdia; atzo arratsaldean, Lehendakaritzak jakinarazi zuen atzo bertan izenpetu zuela osasun larrialdia ezartzeko dekretua lehendakariak, eta, ondorioz, gaur indarrean sartuko dela. Halaber, gaur arratsalderako Urkulluk bilerara deitu zuen Labi, izurria kontrolpean hartzen ahalegintzeko neurriak ezartzen dituen batzordea. 16:30ean izango da. Ondoren emango dute ezarriko dituzten jarraibideen berri. Atzo,Urkulluk esan zuen «neurrizkoak» izango direla. Pandemien aurkako legea onetsi zuten Eusko Legebiltzarrean, eta gogoratu zuen han ezarritako irizpideen araberako neurriak izango direla.

Urkulluk osasun larrialdia ezartzen duen hirugarren aldia izango da hau. 2020ko martxoan ezarri zuen lehenengo, hilak 14 zituela, COVID-19aren lehen olatuaren hasieran. Handik hilabete batzuetara, maiatzaren 18an, bertan behera utzi zuen; «zaintza eta kontrolerako» fase batera igaro nahi izan zuen. Baina abuztuan ezarri egin behar izan zuen berriro, datuek okerrera egin zutela eta. Osasun larrialdi hura indarrean egon zen orain bi hilabete arte; urriaren 5ean, datuak apalduta zeudela ikusita, bertan behera utzi zuen berriro. Baina ez du luze iraun.

Osasun ziurtagiria

Neurriak espero dira aurki osasun ziurtagiriari dagokionez ere. Espainiako Auzitegi Gorenak baimena emana dio Jaurlaritzari 50 bezero baino gehiagoko jatetxeetan eta gaueko aisialdian ziurtagiria eskatzen hasteko, eta auzitegiaren ebazpen ofiziala eskura izan orduko indarrean jarriko dutela esaten ari dira Jaurlaritzako iturriak. Are gehiago, atzo Iñigo Urkulluk iragarri zuen aztertzen ari direla ziurtagiri hori beste alor batzuetara ere zabaltzen hastea. Onartu zuen, hala ere, ez dela egun batetik besterako kontua izango: auzitegien babesa beharko lukete berriz.

Nafarroako Gobernuan ere ziurtagiriaren erabilera hedatzeko asmotan dabiltza; Maria Txibite lehendakariak atzo iragarri zuen zahar etxeetan eskatzen hastea aztertzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.