ERCk aurreratu du berea «negoziazioaren gobernua» izango dela

En Comu-Podemekin bildu da PSC balizko koalizio baterako aukerak aztertzeko. CUPek Barne kontseilariaren dimisioa eskatu du

Pere Aragones, joan den astelehenean, Bartzelonan egindako agerraldi batean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ez daukate testuinguru erraza ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoko kideek. Izan ere, hauteskundeak sozialistek irabazi bazituzten ere, eurak dira koalizio gobernu bat osatzeko aukera duten bakarrak, eta, beraz, Generalitateko presidentetza lortzekoa. Baina halako negoziazioak ez dira sekula errazak izaten, eta bozetatik astebete pasatu denean, ERCkoei ere ez zaizkie baldintzak hobetu. Pere Aragones presidentegaiak atzo esan zuenez, «negoziazioaren gobernua» izango da eurena, eta ez «aldebakarreko erabakiak» hartzen dituena Carles Puigdemontek Generalitateko presidente zenean egindako independentzia aldarrikapenari erreferentzia eginez.

«Gobernu zabala» nahi du Aragonesek, eta ezkerreko alderdiak eta independentistak sartu, hau da, ECP En Comu-Podem, JxC Junts per Catalunya eta CUP. Comukoek eta JxCkoek, ordea, ez dute elkarrekin koaliziorik osatu nahi: ezkerreko gobernua nahi dute lehenek, eta soilik independentistaz osatua egongo dena bigarrenek. CUP, zeinak kideetan baino gehiago helburuetan jarri duen fokua, beste hesi bat jarri dio ERCri: JxCrekin negoziaziorik izango bada, Barne kontseilaria aldatu beharko dute. Izan ere, Pablo Hasel rap abeslariaren atxiloketaren osteko protestetan mossoek gogor jo dute manifestarien aurka, eta haietako batek begia galdu du foam jaurtigai batek jota. «Segurtasun politiketan aldaketa sakonak» eskatu dituzte antikapitalistek, eta ohartarazi ez dela nahikoa esatea foam jaurtigaien erabileran mossoak «gardentasunez» jokatuko dutela.

Lehen bilera

Kidetzat nahi dituen bi alderdien oztopoek ez diote ERCri atzera eginarazi. Aragonesek argi utzi du aurreko legealdian izandako ezin ulertuek ez dutela zertan errepikatu, ez bakarrik lidergoa «desberdina» izango delako, baita «oinarri berriak» adostuko dituztelako ere. «Gure helburua da gobernu sendoa, egonkorra eta plurala osatzea, bizi ditugun garai konplexu hauek kudeatu ahal izateko», adierazi zuen ERCko kideak.

Hauteskundeen osteko elkarrizketen barruan, JxCkoak atzo bildu ziren lehen aldiz Esquerra Republicanarekin. ERCk ontzat eman zuen lehen bilera: «Balio izan du independentisten garaipena nabarmentzeko, eta haiek instituzioetatik baztertu nahi zituztenen porrotaren garrantziaz ohartzeko».

Esquerrakoak ez dira, ordea, elkarrizketak hasi dituzten bakarrak. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako hautagai Salvador Illa ere hasia da alderdiekin hitz egiten. Hala, Comukoekin bildu ziren atzo sozialistak. Horien arabera, Comukoak prest agertu ziren Illaren hautagaitza babesteko. ECPk, ordea, ez zuen halakorik esan, eta soilik aurreratu zuen «gobernu aurrerakoi bat» lortzea dela haien helburua, haren buru Illa edo Aragones izango litzatekeen zehaztu gabe.

Comukoak datorren astean bilduko dira berriz sozialistekin. Baina ez da hori izango datozen egunetarako duten hitzordu bakarra; izan ere, alderdiko iturriek iragarri dute Esquerrakoekin eta CUPekin ere biltzekoak direla datorren astean. Ez, hala, JxCkin, zeinak argi utzi duen alderdi independentsitekin soilik hitzartuko duela koalizio gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.