Gipuzkoan IATa egiteko bi gune berri irekitzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Gainezka daude Irungo, Urnietako eta Bergarako zentroak, auto gehiago daudelako eta azterketa luzeagoak egin behar dituztelako

Urnietako IAT gunea, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Eskariari aurre egin ezinda daude Gipuzkoan Ibilgailuen Azterketa Teknikoak egiteko guneak. Eta gipuzkoarrak Nafarroara joaten ari direnez azterketa egitera hori egiteko epea agortu aurretik, gainezka egiteko arriskuan daude Iruñekoa, Arbizukoa eta Doneztebekoa ere. Lau bezeroetatik bat jada gipuzkoarra da Nafarroako iparraldeko IATetan. Egoerari irtenbide bat eman nahian, Gipuzkoan beste bi gune irekitzeko aukera «oso serioski» aztertzen ari direla iragarri du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Ez du azaldu non jarriko lituzketen edo noizko egingo duten.

Zerbitzu arautua da IATena. Enpresa pribatuek ematen dute, baina administrazioaren baimenarekin eta hark ezarritako arauekin. Gipuzkoan hiru azterketa gune daude: Irunen, Urnietan eta Bergaran. Lehen biak TUV Rheinland enpresak kudeatzen ditu, eta Asuak Bergarakoa.

Nafarroan ez bezala, hitzordua eskatu behar izaten da Gipuzkoako IATetan azterketa egiteko. Telefonoz edo Internetez eska daiteke ordua. Bada, badira egun batzuk Urnietan eta Irunen Internet bidez eskatzerik ez dagoela, eta Bergaran ekainaren 11rako ematen zuten ordua atzo arratsaldean. Telefonoz harremanetan jartzea lortuz gero, bizpahiru hilabete barrurako lortzen da hitzordua.

Auto gehiago, eta zaharrak

Egoera «larria eta onartezina» salatu zuen asteazkenean Hego Euskal Herriko Automobil Klubak, RACVNk, azterketa garaiz ez gainditzeagatik 200 euroko isuna jaso ahal dutelako gidariek. Zentroak «berehala» irekitzeko eskatu zion Jaurlaritzari.

RACVNk azaldu duenez, bi dira Gipuzkoan zerbitzuak gainezka egitearen arrazoiak: batetik, iazko udazkenean azterketak zorroztu zituzten Europako Batasunaren araudi berrira egokitzeko, eta orain denbora gehiago hartzen dute azterketa teknikoa egiten; bestetik, auto gehiago daude orain —2017an baino 31.247 gehiago daude Gipuzkoan—, eta, zaharragoak direnez, gehiagok eta gehiagotan igaro behar dutela azterketa.

Motor txikien egoera bereziki kezkagarria iruditu zaio RACVN, arriskutsua baita haientzat urrutira joatea IATa egitera. Batez ere hiriguneetan daudenez, Donostian gune bat jartzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.