Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

4+3=1etik 1+1+1X=2+1Xera

2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren batasunerako ekuazioaren bilakaera mugarri baten aitzinean omen dago. Garai bateko 4+3=1 hura antzinateko amets eskuragaitz baten moduan iltzatu zaigu hipotalamoan, baina dagoeneko ez omen du balio.

Batzuek dioten moduan, lurralde batasuna xede, «errealitatean oinarritutako estrategia» finkatzerakoan, ekuazio zaharkituak ohore guztiekin baztertu behar dira. Berez, ez da ideia txarra.

Eztabaida ez dago, beraz, eraginkortasun politikoaren mesedetan egin beharreko egokitzapenetan, errealitatearen egitura juridiko-politiko desberdinen gaitasun eragilean baizik.

4+3=1

4 = Hegoaldeko lau herrialdeak. Bakoitza bere pertsonalitatearekin. Bakoitza bere egitura juridiko-politikoarekin: Diputazioa. Diputazio bakoitza herrialde bakoitzaren zerga zuzenaren bilketa kontrolatuz. Herrialde bakoitza erabaki eremu subiranoa (edo herrialdeak udalerriei eskainiko lieke erabaki eremu izatea).

3 = Iparraldeko hiru herrialdeak. Bakoitza bere ezaugarri zehatzekin. Bakoitza bere pertsonalitatearekin. Egitura administratiborik gabe. Aitortzaren bila «Ipar Euskal Herri gisa» eta gero, bertan erabakiz erabaki eremu bakarra ala hiru osatzen dituzten.

1 = Aipatu erabaki eremuen borondatez osatutako etorkizuneko batasuna.

1+1+1X=2+1X

1 = Nafarroako Foru Komunitatea. Nafarroa Garaiaren lurraldean eta lehenagotiko diputazioaren egituran oinarrituta osatutako autonomia erkidego espainiarra. Erabaki eremua.

1 = Euskal Autonomia Erkidegoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrialdeen batuketaz sortutako Autonomia Erkidego espainiarra. Erabaki eremua.

1X = Ipar Euskal Herria. Aitortza administratiborik gabeko (horregatik X) Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeen ustezko batasuna. Erabaki eremu bateratua izan omen daitekeena gutxieneko egitura administratiborik lortuz gero.

2 = Hego Euskal Herria. Autonomia Erkidego espainiar bien arteko bateratze prozesuaren ondorioz.

Ekuazio berria bertze modu honetan agerikoagoa da:

NFK+EAE+IEHX = HEH+IEHX (Bai itsusiak ekuazioak, e?)

EAJ bere bidean

Ekuazio aldaketa erabat barneratuta dago EAJn aspaldi; bai bere koadroetan eta baita bere oinarri sozialean ere. Hasiera batetik horren aldeko hautu garbia egin zuten jeltzaleek, EAEko egituren kudeaketak eman ziezaiekeen hegemoniarekin aski indartsu baitziren. Bertze kontu bat da Nafarroa Garaiarentzat eta IEHrentzat «erakarpen poloa» izan behar omen zuen EAE ez ote den bihurtu euskalduntasunaren agerbideen egitura patrimonializatzaile eta, ondorioz, ez ote dituen ahuldu Euskal Herritar guztionak liratekeen kontzeptu politikoak —geopolitikoak bereziki- eta ikurrak.

Ezker Abertzalearen ziaboga

Ezker Abertzaleak autonomia erkidego espainiarrei zilegitasuna ukatu zien hasieratik. Arrazoi nagusia: Hego Euskal Herriaren zatiketa ezartzen zuten egiturak zirela. Denborak argi erakutsi du hori horrela dela, hau da, EAEren eta NFKren arteko sakana askoz ere handiagoa dela gaur, duela 30 urte baino. EAEtik egin den euskal izatearen patrimonializazioak eragin zuzena izan du sakan horren handitzean; ukaezina da bertzelako faktoreek ere eragin dutela zenbaiten imajinarioan, tartean ETA=euskaltasuna.

Lehen EAE «Baskondagak» ziren Ezker Abertzalearentzat. Eusko Jaurlaritza «Gasteizko Gobernua» zen eta «Gasteizko Parlamentua» EAEko legebiltzarra. Duela 25 urtetik honat hona Ezker Abertzaleko hautetsien ahotan kontzeptu horien erabilera nola aldatu den ikusi bertzerik ez dago.

Zatiketaren bermea izateagatik zilegitasuna ukatzetik, erabaki eremutzat jotzera. Hor dago jauzia eta ez da nolanahikoa.

Galderak: noiz utzi zioten herrialdeek erabaki eremu zilegi izateari? Noiz eta nola lortu du EAEk lehen ez zuen zilegitasuna erabaki eremu gisa aldareetara igoa izan dadin? Zenbat denbora pasako da EH Bilduko hautetsi batek erran arte «herri hau», «euskal jendartea» EAEz ari denean? Edo jadanik gertatzen ari da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.