Ebolak 1.300 lagun hil ditu jada Kongoko Errepublika Demokratikoan

Lehen hildakoak izan dira Kongoko Errepublika Demokratikotik kanpo: handik Ugandara joandako amona eta iloba. Gaur bilduko da OME

Ebolak hildako pertsona bat lurperatzen, Kanzunzako hilerrian. H.K.C. / EFE.
jakes goikoetxea
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
1.990 kutsatu. 1.311 hildako. Erabat baieztatu gabeak aintzat hartuz gero, ehun bat gehiago zerrenda bakoitzean. Horiek kutsatu eta hildako ofizialak dira. Zerrenda ofizialetatik kanpo, auskalo zenbat. Asko eta asko tratamendu zentroetatik kanpo hiltzen ari dira, izurritearen indarraren eta kontrol faltaren erakusle. Gehienak emakumeak (%58) eta haurrak (%29); guztiak urtebete baino gutxiagoan. Ia denak Kongoko Errepublika Demokratikoan. Bi Ugandan. Ebola izurritea da. Historiako —historian neurtutako— ebola izurriterik handienetan bigarrena da: 2013-2016 arteko Afrika mendebaldeko izurriteak 11.300 lagun hil zituen. Orain arteko hilkortasun tasarik handiena du: %67koa.

Ebolak Kongoko Errepublika Demokratikoko muga gainditu du iazko abuztuan lehen kasuak agertu zirenetik: 5 urteko haur bat eta haren 50 urteko amona hil ditu egunotan Ugandan. Hildakoak eta haien senideak Kongoko Errepublika Demokratikoan izan ziren, ebolak kutsatutako haurraren aitona zaintzen. Aitona hil egin zen.

Ugandara bueltatu ziren astelehenean, baina, gaixo zeudela ikusita, ospitale batera jo zuten laguntza eske. Ugandako Gobernuak Kongoko Errepublika Demokratikora bueltatu ditu hildakoen senideak, ebolak kutsatutako 3 urteko haur bat barne —hildakoaren anaia—. Mugetako zaintza eta kontrolak gogortzea hitzartu dute Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Ugandako agintariek.

Ugandako Gobernuak espero zuen ebola bertara iristea. Osasun zerbitzuetako ia 5.000 langile txertatu ditu, eta gaitzari buruzko prestakuntza eskaini die osasun langileei.

Ebolak Kongoko Errepublika Demokratikoaren muga gainditzeak izurritearen estatusa alda lezake. Batzorde batek gaur aztertuko du egoera, eta erabaki beharko du ea OME Osasunaren Mundu Erakundeari eskatuko dion izurritea osasun larrialdi global izendatzeko.

Hala izendatuz gero, nazioarteak arreta eta baliabide gehiago eman beharko lizkioke ebola izurriteari. Kongoko Errepublika Demokratikoan ebolari aurre egiteko lanean ari diren erakundeek salatu dute, ordea, ez dituztela jasotzen beharrezko baliabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.