Garaikidearen artefaktu izan nahi du oraindik

Gasteizko Artium museoa ireki zutela hogei urte beteko dira datorren asteartean. Zalantzaz josita hasi zen proiektua, zer izango zen eta zer egin nahi zuen ongi zehaztu gabe, eta urte luzez ordaindu zuen hori gero. Iparrorratza etxerantz zuzenduta, Euskal Herriko arte garaikidearen erreferentziazko gune izateko bidean da orain.

Jose Luis Caton arkitektoak diseinatu zuen eraikina. Irudian, museoaren sarrera nagusia. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Arco Madrilgo arte garaikideko azokari ateak parez pare irekita ekin zion bideari Gasteizko Artium museoak, orain hogei urte. Lehenbiziko aldia zen azoka Espainiatik kanpo aurkezten zutena, eta Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa hautatu zuten mugarri horretarako, Artium izango zenaren adierazgarri gisara. Museoa eraiki berria zen, eta beste bost hilabete beharko zituen oraindik erakusketak atondu, artelanak hormetan paratu eta bisitariak hartzeko. Inaugurazio ekitaldia 2002ko apirilaren 26an egin baitzuten. Bi hamarkada igaro dira harrezkero, eta museoak bere lekua bilatu nahian segitzen du oraindik, biltegi edo erakusleiho huts izan ordez arte garaikidea sustatuko duen artefaktu bilakatzeko asmotan.

Arte garaikideko museo baten inguruko lehen zurrumurruak askoz lehenagokoak ziren, baina behar batek eragin zuen Artiumen sorrera. Arabako Foru Aldundiak azken hamarkadetan artelan ugari erosi zituen, eta herrialdeko museoetan ez zegoen tokirik horiek gordetzeko, ez eta erakusteko ere. Bildumak 1.600 obra inguru biltzen zituen. Bilbon Guggenheim museoa ireki izanak bultzatu zuen, hala ere, ordura arte lehentasunik ez zuen asmo bati forma ematea.

«Pixka bat behartuta ekin zioten proiektuari», aitortu du Ismael Manterola arte historialari, EHUko irakasle eta BERRIAko kolaboratzaileak. «Guggenheimen ondoren tentsio politiko batzuk egon ziren lurraldeen artean, eta, Araba baztertuta geratu zenez, aspaldiko eskaria zen eta inoiz egin ez zen proiektu bati heldu zioten, bertako instituzioak kontentu lagatzeko edo».

Ez zuten elkarren artean zerikusirik, baina: Guggenheim kanpoko frankizia bat zen, arteari begira baino turismoari begira egindako proiektu bat; Artium, berriz, egitasmo kultural bat zen, lokalagoa, eta hori ez zen interes iturri azpiegitura handien garaian, Manterolak adierazi duenez. «Artium ez zuten oso gustuko, baina Guggenheimen polemikaren ondoren, justifikazio moduko bat izan zen».

Artiumen hasierako urteak ere ez ziren errazak izan, edonola ere. Eztabaida eragin zuen museoaren eraikuntzak Gasteizen, batez ere proiektuak bertako artistengan eta kultur politika eta azpiegituretan izango zuen eraginagatik. Izan ere, Arabako arte garaikidean itzal berezia zuen areto bat ixtea ekarri zuen Artiumek: Amarica aretoa. «Akats handi bat izan zen», azpimarratu du Manterolak. «Arduradunen asmoa zen Artiumek Amaricaren egitekoa xurgatzea, baina, hori egin beharrean, deuseztatu egin zuen, ezerezean utzi erabat».

Amarica aretoa zen Arabako arte garaikidearen eragile nagusietako bat, kultur ekosistemaren zutabe nagusietako bat. Bertako artisten lanen erakusketak antolatzen zituen nagusiki, baina ez zen museo bat, ezta kultur zentro bat ere. Horregatik jarri zioten Artiumi egiteko hori; izan ere, artelanak gordetzeko tokia baino gehiago izateko erronka izan du museoak hasieratik, eta izenean islatu zuten asmo hori, museo hitzari aurrea hartzen dion zentro horrek erakusten duen moduan.Urteekin, baina, zama baino ez zaio bilakatu hori, Manterolaren hitzetan: «Artium ohiko museo bat bilakatu zen, eta ez horrenbeste zentro bat. Edukiontzi moduan funtzionatu zuen, eta ez hainbeste proiektu artistikoen bultzatzaile bezala».

Dirua beti urri

Ez zen eztabaida bakarra izan, halere. Eraikinak eta haren kokapenak ere izan zuten zeresanik. Izan ere, beste erabilera baterako gordetako orubea baliatu zuten museoa eraikitzeko: autobus geltoki berriarena, hain zuzen. Hala ekarri du gogora Haizea Barcenilla EHUko arte irakasle, ikerlari, kritikari eta BERRIAko kolaboratzaileak. «Zuloa eginda zegoela aprobetxatu zuten. Eraikina horretara moldatu behar izan zuten, eta arazoak eman zizkien hasieratik hainbat gauzarekin. Agian beste modu batera egin zitekeen».

Bat dator Manterola ere: «Nire ustez, hori beste akats bat izan zen». Azaldu duenez, espazioari dagokionez «dinamikoagoa» izango zen beste museo eredu bat eraiki beharrean, «ohiko obra handi bat» egitea erabaki zuten orduko agintariek, «gehiegizkoa». Horrek eragin zuen gero aurrekontuaren zatirik handiena mantentze lanera bideratu behar izatea. «Eredua ez zen praktikoa».

Krisi garaian urte latzak igaro zituen Artiumek. Ekonomikoki larri, doikuntza ugari egin behar izan zituen, eta horrek nabarmen eragin zuen museoaren jardunean, besteak beste ezin izan zituelako obragehiago erosi. Bada, Barcenillak azaldu duenez, bilduma aberastu ezina arazo bilaka daiteke Artiumen gisako museo batentzat. «Bilduma batetik abiatuta sortu bazen ere, ezinbestean berritu behar ditu bere funtsak; gainontzean, erraz gera daiteke zaharkituta. Egunean-egunean egon behar duen museoa da».

Langileei ere eragin zien egoera horrek, haiek ere urte luzez jasan behar izan zituzten-eta ezintasun ekonomikoaren ondorioak, Manterolak nabarmendu duenez. «Talde txikia da oraindik ere, eta zaila da halako museo bat mantentzea. Arazo izan zen hori krisi garaian, baina gaur egun ere arazoa da, eta ez soilik Artiumen». Barcenillak hezkuntza departamentuaren kasua ekarri du gogora: zehazki, nola epaiketa baten ondotik museoak «dirutza» ordaindu behar izan zien langileei.«Bildumarena eta langileena: bi arazo horiek elkartu ziren unerik zailenean».

Nolanahi ere, museoaren planteamenduaren oinarriak ere ez ziren ongi finkatu hasieratik, eta «noraezean» aritu da urte hauetan, Barcenillak aipatu duenez. «Ematen zuen plangintza ez zela oso argia, ez zegoela oso argi museoak zer bide jorratu edo zer aztertu nahi zuen zehazki». Aurreneko bi zuzendarien aroak jarri ditu horren adibide: Javier Gonzalez de Durana eta Daniel Castillejorenak, alegia.

Izan ere, lehen urteetan nazioartera begira jardun zuen Artiumek, bilduma bera ere Euskal Herriko mugez gaindiko artistengana zabalduz. Eta garesti ordaindu zuen hori: lan horiengatik diru asko gastatu zuelako, eta egitekoa ere narrastu zuelako. Barcenilla: «Leku askotako artistak izan ditu, eta ez dut esan nahi interesgarriak ez zirenik, baina askotan galdera ere sortzen zuten: zergatik uste dute garrantzitsua dela obra hau Gasteizen edo Euskal Herriko panorama artistikoan erakustea ?».

Izena eta izana berrituta

2019an Beatriz Herraezek museoaren zuzendaritza kargua hartu zuenetik, beste bide bat hartu du Artiumen proiektuak, eta izena bera da horren erakusgarri: atzean utzi du hainbeste urtean zama bilakatu zaion zentro hori, eta iparrorratza etxera begira jarri du: Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa du abizena orain, eta «erreferentziazko» gune izan nahi du, zuzendariaren hitzetan.

Manterolak igarri du aldaketa: «Izugarria izan da». Espazioaren antolaketa eta programazioa jarri ditu horren adibide. «Pixkanaka zabaltzen ari da museoa ere, bai beste diziplina batzuei eta baita beste eragile eta zentro batzuei ere. Bertako artistei arreta handiagoa eskaintzen die orain». Alegia, inoiz baino gehiago museo den honetan, inoiz baino gehiago zentro ere badela Artium, izenak hala jaso ez arren.

Herraezen proiektu «sendoa» azpimarratu du Barcenillak ere, eta iritzi dio horri esker museoak leku bat izan dezakeela Espainiako Estatuko panoraman eta baita nazioarteko zenbait esparrutan ere. «Interesgarria da planteamendua; momentu eta bide onean dago museoa orain». Hala ere, bide horretan aurrera egiteko, ezinbestekotzat jo du erakundeek baliabideak erraztea eta bisitariak erakartzeko lanketa egitea.

Izan ere, Artiumen erronka nagusietako bat izan da beti hirian eta herritarren artean onartua izatea. Zailtasunak izan ditu bisitariak erakartzeko, arte garaikidea ere urrun sentitu izan baitute askok. Bada, hogei urteren ostean, arrakala hor dago oraindik. Barcenilla: «Arte garaikidea herritarrengana hurbiltzea bada Euskal Herrian ditugun erronketako bat, eta hor museoek beren egitekoa dute». Bisitari olderik ere ez du espero Manterolak, baina herritarrak tarteka museora joatea lortu daitekeen helburu bat dela uste du. «Sareak josi» beharraz ohartarazi du, ordea: «Bidea luzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.