Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Kartak banatuta, berriz ere

Kanpaina amaituta, bihar izango dira Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozak. Ez dago argi emaitzek blokeo egoera gainditzeko balioko ote duten

Eguerdian egin zuten kanpainako azkeneko ekitaldia, Iruñean. BERRIA.
Gotzon Hermosilla, Joxerra Senar
Bilbo Iruñea
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Kartak ostera ere banatu eta joko berriari ekitea erabaki zuen Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak herritarrei hauteskundeetara deitzera deliberatu zenean. Atzo amaitu zen hauteskunde kanpaina, eta, orain, alderdi politikoak zain daude, bihar nolako kartak egokituko zaizkien jakiteko.

Ikusteko dago jokaldi horretatik zer aterako den, baina bi zalantza nagusitu dira kanpainan: deialdi berriak hauspo handiagoa emango ote dien denboran atzera egin nahi duten indar politikoei, eta emaitzek balioko ote duten blokeo egoera gainditzeko. Bihar hasiko da argitzen panorama.

EAE

EAJ: Espero gabeko bultzada

Ohi bezala, Bilboko Areatzan egindako ekitaldiarekin amaitu du EAJk hauteskunde kanpaina. Ez dago aldatzeko arrazoi askorik: jeltzaleak une gozoan daude, nagusi hiru herrialdeetan —botoetan eta botere instituzionalean— eta inkestek goranzko joera iragartzen diete. Baldintza horietan, arrazoizkoa da ohiko jokamoldeei eustea.

Gainera, kanpaina honetan espero gabeko bultzada iritsi zaie, inor gutxik suma zezakeen lekutik iritsi ere: Voxetik. Alderdi ultraeskuindarraren bozeramaileen mehatxu eta irainek eta Aitor Estebanek Ivan Espinosa de los Monterosi agurra ukatuta egindako jokaldi abilak kanpaina erdia egin diote EAJri. Ez da inongo sekretua Voxek Euskal Herrian sortzen duen arbuioa: bere burua haren arerio zuzentzat aurkeztea lortzen duen alderdiak asko du irabazia. Eta, oraingoan, EAJri eginda etorri zaio hori. Jeltzaleek esan dute oraingoan zazpigarren diputatuaren bila doazela, eta ez dira urrun ibiliko.

EH BILDU: Erabakigarriak izan guran

Kanpainan, EH Bilduk nabarmendu nahi izan du abagune honetan abertzaleek —eta orobat Espainiaren menpeko nazioetako gainerako subiranistek— eragiteko aukera handia izango dutela, eta beharrezkoa dela indarrak batzea balantza alde batera edo bestera desorekatzeko eta olatu atzerakoiari aurre egiteko. Bide horretan, Llotja de Marren beste indar subiranistekin izenpetutako ituna aktibo garrantzitsua izan daiteke, hauteskundeetatik harago ere.

Bost diputatu lortzea arrakasta handia izango litzateke EH Bildurentzat; hiru ateratzeak, berriz, zapore mingotsa utziko lieke koalizio subiranistako kideei. Arazoa da bi emaitza horien artean boto gutxi batzuk baino ez direla egongo. Nafarroan bezala, Araban ere lehia estua egongo da Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera bidali ahal izateko. EH Bilduk bere ohiko boto emaileak mobilizatzen asmatzea izango da gakoa.

PSE-EE: Soa gobernuan jarrita

Bilboko Arriaga antzokian amaitu du PSE-EEk kanpaina, eta han entzundako mezuak ez dira asko desberdindu PSOEk Espainian hedatutakoetatik. Kanpainan ere, PSOEren uberan aritu da PSE-EE, eta bere egin ditu haren mezu eta argudioak: «gobernu progresista» lortzea da lehentasuna, eta gainerako alderdiek proposatzen duten blokeoaren aldean, PSOEri gehiengo zabalagoa ematea da horren berme bakarra.

Ikusteko dago helburua lortzen duten eta Pedro Sanchezek hauteskundeetara berriz deituta egindako apustuak arrakasta ote duen. Inkesten arabera, badirudi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sozialisten emaitzak oso antzekoak izango direla, apirilekoekin alderatuta. PSE-EErentzat ez litzateke albiste txarra, beheranzko bolada luze batetik zetozela kontuan hartuta, baina, Sanchezen asmoetarako —inoren menpe egon gabe gobernatu ahal izatea—, ez lirateke oso lagungarri suertatuko.

ELKARREKIN PODEMOS: Inkesten aurka borrokan

Aurreikuspen guztien arabera, Elkarrekin Podemosek nozitu beharko ditu hauteskundeak berriz egin beharraren ondorioak, eta inkesta gehienetan beheranzko joera iragartzen diete. Beharbada horregatik, Bizkaiko zerrendaburu Roberto Uriartek lehen eta Pablo Iglesiasek geroago «maileguan» eskatu diete botoa EAJren eta EH Bilduren ohiko boto emaileei. EAJtik eta EH Bildutik etorritako botoekin lortu zuen Elkarrekin Podemosek lehenengo indarra izatea EAEn 2016an, baina gauzak asko aldatu dira geroztik. Zalantzak gutxi balira bezala,Bizkaian Mas Pais aurkezteak kalterik ekarriko ote dion ere ikusteko dago.

PP: Haizea alde

Oharkabe antzean igaro da PPren kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko bozetan diputaturik lortu ez izanak eta oraingo zerrendaburuen profil apalak zamatuta. Baina Espainiako politikaren logikak agintzen du PPren euskal boto emaileen jokabidean, eta Espainian PPk gora egiteak isla izan dezake hemengo emaitzetan ere.

NAFARROA
NAVARRA SUMA: PSOE baldintzatu nahirik

Nafarroako Gobernua lortzeko helburuan porrot egin zuen Navarra Sumak, baina, hauteskundeetara berriro deiturik, beste aukera bat eman dio Pedro Sanchezek. Apirilaren 28ko zein oraingo kanpainan, Espainiako eta Nafarroako politika lotu nahi izan ditu, eta argi utzi diote Pedro Sanchezi bere inbestidura errazteko prezio politikoa Nafarroa izango dela. Txibiteren gobernua haustea du xede nagusi.

Kanpainan, bere kritiken jomugan jarri du PSOEko hautagaia: besteak beste, euskal nazionalistekin ituna egitea eta Espainia eta Nafarroa hautsi nahi izatea aurpegiratu diote. Mobilizazioa giltzarri izango dela jakinik, euren boto emaileen sumina hauspotu dute. Printzipioz, apirilean bezala bi diputatu lortzea egingarria da. Mehatxu nagusia Vox eskuin muturreko alderdia da. Beste kontu bat da astelehenetik aurrera PSOE baldintzatzea lortuko ote duten.

PSN-PSOE: Mobilizatzeko deia

Ez dira fio. Inkesta batzuek iragartzen diete bi diputatu lortuko dituztela berriz, eta beste batzuek, galdu egingo dutela EH Bilduren mesedetan. Moncloara iristeko diputatuak galdu ordez irabaztea behar duenez, apirilaren 28an botoa eman zieten 94.000 herritarrei mobilizatzeko etengabeko deia egin diete sozialistek.

Mobilizazio horren bila, Nafarroa eta Espainia lotu nahi izan dituzte. Eskuinak egin duen bezala, baina kontrako zentzuan. 24 urteren ondoren, lehendakaritza lortu du PSNk udan, eta apustu horren garrantzia azpimarratu du Nafarroan. «Ez dadila inor etxean geratu. PSOE babestu behar da, Nafarroako Gobernua sendotzeko», aldarrikatu du Santos Cerdan hautagaiak. Ziurtatu du Nafarroa ez dela truke txanpon izango, baina Sanchezekez zuen erabat argitu auzi hori.

Eskuin muturraren mehatxua ere astindu du PSNk boto emaileak mobilizatzeko asmoz, eta Unidas Podemosen arrantza tokira ere bota du sarea, Espainiako blokeoaren erantzule gisa aurkeztuz.

UNIDAS PODEMOS: PSOE estutzeko asmoz

Nafarroako zerrendaburua, Ione Belarra, pisuzko pertsona da oraintxe Unidas Podemosen barruan. Koalizioaren mezua gehienbat PSOE estutzera zuzendu du, koalizioaren aldeko botoa Espainian gobernu aurrerakoi bat lortzeko «berme bakarra» dela aldarrikatuz eta sozialistak oraingoan PPrekin koalizio gobernua osatzen saiatuko direla salatuz. Mezu horrekin, aurreko bozetan beste alderdietatik lortu duten botoa erakarri nahi dute berriro, baina gobernua osatu ez izanak boto ihesa eragin dezake. Apirilean, 68.000 boto lortu zituen, eta, 2015 edo 2016ko bozekin alderatuta, diputatu bat galdu zuen. Maiatzean boto ugari galdu zituen, eta, horregatik, Espainiako esparru politikoan jarri du indarra. Bere programa soziala azaltzeaz gain, Madrilen gobernua osatu ez izanaren arrazoiak azaltzea egokitu zaio. Belarrak arriskuan ikusten du Nafarroako Gobernua, PSOEk eskuinera joz gero.

EH BILDU: Diputatua lortzea xede

Apirilaren 28an, 406 boto eskasera geratu zen; orain, PSNri aldea murriztu eta Bel Pozuetak diputatu akta lortzea du helburu. Bien artean egon daiteke berriz lehia. Horregatik, EH Bilduk mobilizaziorako etengabeko deia egin du kanpainan, Baietz lelotik hasita. Desmobilizazioa gazteen artean zabaldu daitekeela jakinik, hor jarri du azpimarra.

Nafarroan jokoan dagoenaren erakusle, Iruñeko Labriten amaitu dute kanpaina Arnaldo Otegik eta Bel Pozuetak. Kataluniako egoera eta Espainiako Estatuak emandako erantzuna oso presente egon dira. Horregatik, aldarrikatu dute demokrazian atzera egitea edo aurrera egitea dagoela jokoan. Bigarren aukera horri begira, Espainiako Kongresuan indar independentistek indar eta presentzia handia izatea ziurtatu nahi du EH Bilduk, eta Nafarroak bere ekarpena egin dezake. Mobilizazio horri begira, ez du zalantzarik izan boto baliagarrirako deia egiteko.

GEROA BAI: Nafarroara begira

Boto ihes handia du Espainiako hauteskundeetan. Boto emaileetako batzuek nahiago dute beste alderdiak babestu edo abstenitu. Joera hori desaktibatzen saiatu da Geroa Bai, batik bat Nafarroaren interesak defenditzeko aukera onena direla azpimarratuz. Arreta Nafarroan jarriz, maiatzeko emaitzetatik gertuago geratzea du xede. Ustekabe handia litzateke diputatua lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.