Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaren amaiera

Birusa ahotan ia hartu gabe

«Ardura eta segurtasuna» eskaini ditu Urkulluk, kanpainako azken ekitaldian. COVID-19a dutenen boto eskubidea bermatzeko eskatu du EH Bilduk

Gorrotxategi eta Monedero. LUIS TEJIDO / EFE.
Maite Asensio Lozano Irati Urdalleta Lete
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako pandemia hizpide nagusi dela amaitu da hauteskunde kanpaina. Azken egunotako agerraldiek larridura eta ezinegona areagotu dute, baita bozkatzeko eskubidearen inguruko kezka ere, baina Eusko Jaurlaritza gidatzeko hautagai gehienak gaiari izkin egiten saiatu ziren atzo, azken ekitaldietan. Kanpainan zehar ahotan izan dituzten mezuei eutsi zieten bukaerako mintzaldietan, eta bihar botoa ematera adoretu zituzten herritarrak.

Alderdi gehienek «etxean» egin zituzten azken ekitaldiak. EAJk, ohikoa duen bezala, Bilbon itxi zuen kanpaina, eta EH Bilduk, Donostian. Elkarrekin Podemos bere lehendakarigaiaren herrian, Durangon (Bizkaia) aritu zen goizez, eta Bilbon arratsaldez. PP-C's, berriz, Ermuan (Bizkaia) izan zen lehenik, eta Gasteizen gero; Voxek ere Arabako hiriburuan egin zuen azken ekitaldia, ustez eserleku bat lortzeko aukera duen tokian. Equok ere Gasteiz hautatu zuen azken hitzartzerako. PSE-EE urrundu zen gehien ohiko eremutik: Donostian eman zuen amaierako mitina.

EAJ

«Indarra, eraginkortasuna eta konfiantza» eskainiz

«Gogoz eta ilusioz» mintzatu zen atzo iluntzean Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia, Bilboko Areatzan, dozenaka jeltzaleren aurrean. Alderdiak «indarra, eraginkortasuna eta zintzotasuna» eskaintzen dituela nabarmendu zuen, koronabirusak eragindako kolpeari erreparatuta: «Ezagutu dugun krisi larri eta konplexuenaren aurrean gaude: krisi sanitario, sozial, ekonomiko eta emozionala dator. Txarto pasatuko dugu. Horregatik, igandean erantzun egin behar da, parte hartu, bozkatu, Euskadi aurrera atera dadin». Jeltzaleen ereduak «funtzionatu» egiten duela erantsi zuen, eta gobernu «sendo eta eraginkorra» osatzera deitu zuen: «Ardura eta segurtasuna eskainiko dugu, zerbitzu publikoak bermatzea, eta konfiantza ematea eragile ekonomiko eta sozialei».

Euskadi zutik leloa ahotan hartu zuten beste bi zerrendaburuek ere. «EAJk badaki gauza inportanteetan zentratzen: pertsonengan», esan zuen Leixuri Arrizabalagak. «Herri proiektu bat daukagu: Euskadi justu eta aske bat, bere buruaren eta etorkizunaren jabe izango dena», erantsi zuen Bakartxo Tejeriak.

EBBko presidente Antoni Ortuzarrek, berriz, 1936ko gerran Gautegiz Arteagako batzokitik desagertutako ikurrina bat eraman zuen, «herri honekiko sentimenduen» adierazle: «Astelehenetik aurrera Euskadi aurrera ateratzeko erabiliko dugun pasio bera». Hartara, igandean etxean ez geratzeko eskatu zuen: «Batzuk mezu arduragabeak zabaltzen ari dira, nahiago dutelako abstentzioa porrota baino, baina bozkatzea segurua da. Ni joango naiz, gu joango gara».

EH BILDU

Gaixo daudenen boto eskubidea bermatzeko eskatuz

COVID-19a dutelako bozkatu ezinda geratuko direnak gogoan hartu zituen Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak atzo. «Larri eta onartezin» jo zuen eriei boto eskubidea ukatzea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion «argitzeko» nola bermatuko duen «hauteskundeetan berdintasunean parte hartzeko eskubide demokratikoa». Donostia aukeratu zuen koalizioak kanpainako azken ekitaldirako, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusia eta David Fernandez CUPen bozeramaile ohia izan ziren Iriarteren alboan.

EH Bilduren lehendakarigaiak berretsi zuen osasun egoerarekin «kezkatuta» dagoela, eta egungo egoeraren «arduradunek» izen-abizenak dituztela erantsi. Iriarteren hitzetan, hauteskundeetara deitzerako jakina zen zaila zela berme sanitario eta juridiko guztiak betetzea: «Bazekiten agerraldiak izateko arrisku handia zegoela. Ez zituzten oposizioaren proposamenak entzun nahi izan, eta, orain, ez dute botoa eskubidea bermatzeko B planik ere». Hala, herritarrei mintzatu zitzaien, eskatuz igandean «haserrea» hautetsontzietan adierazteko: «Euren interes partikularrak pertsona guztien osasunaren aurretik jarri dituztenei mezu ozen eta argia helarazteko garaia da».

Kezka agertu zuen Otegik ere: «Berriro egoerak eskuetatik ihes egin dio Jaurlaritzari». Haren irudiko, gobernuak, osasunaren gainetik, hauteskundeei eman die lehentasuna. «Hori ezin da berriro gertatu; herritarren osasuna eta ongizatea beste edozein interesen gainetik jarriko dituen gobernua behar dugu, konfiantza izateko gobernua, egia esango duena».

ELKARREKIN PODEMOS

EAJ oposiziora bidaliz, ezkerreko gobernua desio

Kanpaina Bilbon itxi zuen Elkarrekin Podemosek. Koalizioa hauteskundeetatik «indartsu» ateratzeko beharra azpimarratu zuen Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak: «Hori izango da bermea behingoz Euskadin ere aldaketa etortzeko: ezkerreko gizarte honetan ezkerreko gobernu bat egongo da». Nabarmendu zuen eurek daukatela gaitasuna PSE-EEk eta EH Bilduk «konfort eremutik ateratzeko, momentu historikoan erantzukizuna izateko eta Euskadira aldaketa ekartzeko». Gorrotxategiren hitzetan, ezkerreko gobernu horrek bermatuko du kalitatezko zerbitzu publikoak izatea, zaintza erdigunean jartzea, «bizitzeko moduko» planeta bat edukitzea eta lan baldintza «duinak» lortzea. Keinu txiki bat egin zien COVID-19a hartu duten pertsonei ere. «Boto eskubidea herritar guztiei bermatzeko esperantzarekin», Elkarrekin Podemosen alde egiteko eskatu zuen: «Gobernatzeko prest gaude».

Goizean ere egin zuen ekitaldia lehendakarigaiak, Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiarekin batera. EAJ izan zuen hizpide: «Ez dut EAJz gaizki hitz egiten; ziur gauza onak egin dituela Euskadiren alde, baina seguru etorkizunean hobeto egin ahal izango dituela, oposizioan denbora bat pasatzen badu». Eta Jaurlaritzarako ezkerreko koalizioren alde egin zuen: «Dirudiena baino gertuago dago».

PSE-EE

Liskarretatik aldendutako proposamena

Mezu nagusi bat errepikatu du Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak azken bi asteetan, eta atzo ere ideia berarekin itxi zuen kanpaina: «PSEren boto paper bakoitza Euskadiren berreraikuntza sozial eta ekonomikora bideratuko da, eta ez liskarretara, krispaziora edo zatiketara». Ezkerreko gobernua osatzeko gonbita alboratu zuen berriro, zeharka: «Hauteskunde hauek Euskadi aurrera ateratzeko dira; ez dira kontsulten, errepubliken edo zapuztutako itunen ingurukoak».

Espainiako Gobernuko ordezkari asko izan dira egunotan Euskal Herrian Mendia babesten, eta atzo ere hala izan zen: Maria Jesus Montero gobernu bozeramailea alboan izan zuen kanpaina amaieran, baita Eneko Andueza eta Gloria Sanchez zerrendaburuak ere. «Bizikidetzan eta ez konfrontazioan» sinesten dutenei eskatu zien botoa, baita «lidergo aurrerakoi bat» nahi dutenei ere, eta hitzeman zuen ezkerreko politika «fidagarriak eta zorrotzak» abiatuko dituela.

PP+C'S

Zentro-eskuineko bozkatzaileei deia

Eguerdirako amaituta zuen kanpaina PP eta Ciudadanosen arteko koalizioak, PPko presidente Pablo Casado ondoan zutela. Gasteizen egindako ekitaldian, zentro eskuinaren botoa PP+C's-en biltzera deitu zuen Casadok. Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak EAJren kudeaketa kritikatu du: «Kudeatzaile onaren mitoa erori zaio». Osakidetzako lan eskaintza publikoa aipatu ondoren, ustelkeria egotzi zien jeltzaleei: «Ematen du EAJren ustelkeria ez dela existitzen, baina ustelkeria lepo-leporaino daukate». Gainera, ohartarazi zuen «arriskua» dagoela EH Bildurekin estatus berri bat adosteko.

EQUO BERDEAK

«Sorpresa» emateko, gustura ez daudenen boto eske

«Betiko bloke politikoekin» gustura ez daudenentzako aukeratzat du bere alderdia Joserra Becerra Equo Berdeak taldeko lehendakarigaiak. Gasteizen egindako ekitaldian ziurtatu zuen «baliagarriak» direla: «Legebiltzarkide batekin beste taldeek hamar kiderekin egiten dutena baino gehiago egingo dugu». Becerraren esanetan, gero eta babes handiagoa jasotzen ari dira, eta «igandeko sorpresa» izango dira.

VOX

Bi atxilotu Gasteizko ekitaldian

Mezu politikoengatik ez ezik, ekitaldietan izandako istiluengatik ere izan da albiste Vox kanpainan. Santiago Abascal buruak gidatuta jardun zen atzo eskuin muturreko alderdia Gasteizen, Ertzaintzak babestuta, eta istiluak izan ziren: Voxen kontra protestara joandako bi pertsona atxilotu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.