«Ez da tentsio sindikaletarako garaia, elkarrekin lan egitekoa baizik»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Dudarik gabe, nazioarteko egoera korapilatsuak eta hortik eratorritako krisi ekonomikoak aztarna utziko dute datozen hilabeteetan. Andoni Ortuzarrek ere uste du udazkena bero datorrela, baina espero du erakundeek hartutako neurriek lagunduko dutela egoera leuntzen.

Aditu guztiek diote udazkena eta negua gogorrak izango direla. Zuek bat zatozte iragarpen horrekin?

Badirudi aurreikuspen horretan denak datozela bat. Aldagai nagusia izango da Ukrainako gerraren bilakaera. Ikusiko dugu. Jaurlaritzak eta aldundiek neurri batzuk adostu dituzte, eta nik uste dut lagunduko digutela egoera gainditzen.

Lan eta gizarte arloan ere gatazkak areagotzea espero duzue?

Nik nahiko nuke kontrakoa gertatzea, eta mundu guztia kontziente izatea ez dela tentsio sindikaletarako garaia, elkarrekin lan egitekoa baizik. Egoeraren ondorio negatiboak leuntzeko neurriak hartu beharko dira, noski, baina norbait, etekin politiko edo sindikalak lortzearren, «zenbat eta okerrago, hobeto» esamoldeari atxikitzen bazaio, gaizki ibiliko gara.

Zer irizten diozu Pedro Sanchezek Pablo Gonzalez kazetariaren egoeraz esandakoari?

Nik uste dut auzi horretaz informazio gehiago behar dugula, eta jarduera diplomatiko handiagoa ere bai. Nik ez ditut egoeraren xehetasunak ezagutzen, baina, hain zuzen ere, horixe da kezkagarriena: hainbeste hilabete igaro ostean oraindik ez jakitea zehazki zer egozten dioten eta nolako frogak dauden. Nik ez dut aldez aurretik juzgatu nahi, eta errespetuz jokatu nahi dut alde guztiekin, baina oraingo egoera, linbo moduko batean egote hau, ezin da luzatu, eta Espainiako Gobernuak gehiago egin behar du.

Euskararen gaia agenda politikoan dago? Euskalgintzako sektore batzuek zalantzak dituzte horren inguruan.

Nik uste dut euskararen alde gaudenon artean aspalditik bi joera daudela: Umberto Ecoren liburua parafraseatuz, apokaliptikoak eta integratuak, hots, hau pikutara doala diotenak eta ikusten dugunok, adibidez, nire eskualdean ni gazte nintzenean ez zela euskararik egiten eta gaur egun egin egiten dela, gutxi edo asko. Nik uste dut lehenengo baldintza dela datuak modu objektiboan hartzea, eta botila erdi hutsik edo erdi beteta ikusten dutenen pertzepzioetatik harago datu objektiboak erabiltzea eta hizkuntzaren benetako erronkak non dauden detektatzea: nire ustez, erabileran eta teknologia berrietan.

Beraz, ez duzu uste lehentasun politikoen artean euskararena atzendurik gelditzen ari denik.

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan zalantza gehiago ditut, baina EAEn behintzat ezin dugu ahaztu sistema instituzional ia guztia hizkuntzaren auzian zalantzarik ez duen jendearen esku dagoela. Lehen alderdiak eta bigarrenak gauzak argi ditugu, eta, gainera, bat gatoz euskararen inguruko kontu gehienetan; nik uste dut aukera hori baliatu behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.