BEROA, LAN ARRISKU ETA ARAZO

Garai batean, udako egun gutxi batzuetan deserosoa zen beroa, baina, gaur egun, udak gero eta beroagoak direnez, lan osasunean oso aintzat hartu beharreko kontua da. Enpresa askok ez dute neurri egokirik hartzen, eta klima aldaketak 1997ko legedia eguneratzea exijituko du.

Eraikuntzako langile bat lanean, bero handiko egunean. ANGELES VISDOMINE / EFE.
joxerra senar
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun

Iragan ez hain urrunean, bero handiko egunak etorri ahala joan eta ahazten ziren. Aitzitik, azken hamarkadan bero olatuen maiztasuna handitu da. Nafarroako Aemet meteorologia agentziaren arabera, Iruñerrian azken 70 urteetan berorik handieneko hamar boladetatik erdiak XXI. mendean izan dira, eta ia denak azken hamarkadan. Eta, hori, aurtengo datuak aintzat hartu gabe. Adituek ohartarazi dute etorkizunean ohiko izango direla aurtengoa bezalako udak; are okerrago, muturreko tenperaturak maizago gertatuko direla.

 

OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du klima aldaketa dela gizateriaren osasunerako «mehatxurik handiena». Nazioarteko erakundeak kalkulatu du 2030 eta 2050 bitartean 250.000 lagun hilko direla goseteen, gaixotasunaren eta estres termikoaren ondorioz. Erronka handi bat da, baita lan munduarentzat ere. Beroa ez da langileek noiz edo noiz jasan beharreko kontu bat; egun, lan arrisku eta arazo bat da.

Aurten, bereziki nabaritu da. Adibidez, Nafarroan, 2019an, osasun zerbitzuek 49 kasu artatu zituzten beroagatik; 2020an, 32; eta iaz, 30 — lan arloko kontsultak hamalau, hamar eta zazpi izan ziren, hurrenez hurren—. Aurten, ostegunera arte jada gainditu dituzte aurreko urteetako datuak: 70 herritar artatu dituzte; horietatik hamabi langileak izan dira.

Muturreko egoera lazgarria hegoaldekoagoak diren tokietan gertatu da, Madrilen bero kolpe baten ondorioz kale garbitzaile bat hil baitzen uztailaren 17an. «Euskal Herrian ere hil dira zenbait langile beroaren ondorioz», gogorarazi du Ibon Zubielak, LABeko lan osasun arloko arduradunak. 2017an, Lesakan (Nafarroa) langile bat hil zen baso lanetan eta beste bat Sukarrietan (Bizkaia), errepidea garbitzeko lanetan: «Bero handia egiten zuen, ez zuen babesik. Nahiz eta esfortzu fisiko handia ez izan, bero kolpeak jota hil zen».

Gutxieneko tenperatura

2003ko abuztuko bero olatua mugarri izan zen. Geroztik, Espainiako Gobernuak irizpide orokorrak ezarri zituen beroaren planean, eta erkidego bakoitzak bere errealitatera egokitzen du: osasun publikoari begira, bero olatua zehazteko gehieneko tenperatura 36 gradutik gora da Hego Euskal Herrian. Alta, hori bezain garrantzitsua da gutxieneko tenperatura. «Organismoak, suspertzeko, gaueko atsedena behar du. Bero alerta bat dugunean, eta gutxieneko tenperatura handia denean, gorputza ez da behar bezala osatzen», esan du Nieves Sagues NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko medikuak. Hala, gutxieneko tenperaturaren erreferentziak aldatu egiten dira lurraldez lurralde: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20 gradutik gorakoa da, eta Nafarroan, 18 gradutik gorakoa, Erriberan salbu —21 gradutik gorakoa—.

Meteorologia agentziak ondorengo bost egunetako aurreikuspena aurreratzean, gutxieneko eta gehieneko tenperaturak (biak aldi berean) non gaindituko diren zehazten du, eta bertan bero olatuak iraun dezakeen egun kopuruak markatuko du arrisku maila. Informazio horretan oinarrituta, gizarte osoari begirako alerta ezartzen dute gobernuetako osasun publikoko atalek.

NOPLOIk eta Osalanek, berriz, bi egun lehenagotik ohartarazten diete enpresei, prebentzio ordezkariei, sindikatuei eta mutualitateei. Amelia Aguilar NOPLOIko teknikariaren arabera, beti lan antolamendua egokitzeko eta beroari aurre egiteko prebentzio neurri teknikoak gomendatzen dituzte. «Lan munduarentzako dei orokor bat da». Informazio horretan azpimarratu denez, aginte katean arduradunari jakinarazi behar zaio langileak iraganean osasun arazorik izan ote duen; lan erritmoa berora egokitu behar da; hainbat aldiz atseden hartu eta edan behar da...

Lantokien baldintzei buruzko araudia 1997koa da, eta orduko errealitateari erantzuten dio. «Egungo udak ez dira 1997koak», dio Aguilarrek. Batetik, dekretuak ez ditu zenbait kontzeptu eguneratu; adibidez, estres termikoa. «Soilik deserosotasun termikoaren arriskua jasotzen du». Bestetik, legeak ez du neurri jakinik proposatzen kanpoaldean lan egiten duten beharginentzat; bero kolpea jasateko arriskurik handiena dutenak, alegia.

Dena den, lan sedentario arinetarako barrualdeetan baldintza batzuk ezartzen ditu, eta horiek bete beharrekoak dira, Aguilarren arabera. «Lan ikuskaritza batek dokumentazioa eskatu, eta txostenek erakusten badute tenperaturak gainditu direla, araua hautsi dute».

CCOOko Alfonso Sanzen ustez, legedia egungo errealitatera egokitu behar da, eta bai beroa eta bai hotza lan arrisku gisa hartu. Egoerak lan baldintzarik kaskarrenak dituzten langileei eragiten diela nabarmendu du. «Lan prekaritatea ez da soilik lanaldian edo soldatan islatzen, baita lan osasunean ere. Tenperatura handiekin arropa egokirik ez izatea, ura hartzeko tokirik ez izatea edo maiz ez gelditzea arriskutsua da oso».

Enpresek, lan arriskuen prebentzioa egitean, tenperatura eta inguruneko baldintzak oso kontuan izan beharko lituzkete. «Normalean, ez dituzte lan osasun arloko erakundeen gomendioak betetzen, eta ez dute arriskurik neurtzen. Egitekotan, prebentzio arloko ordezkariek mugiarazten dute enpresa», kritikatu du LABeko Zubielak.

2017. urtearen amaieran, Nafarroako Gobernuak klima aldaketara egokitzeko Life Nadapta proiektua jarri zuen abian. Egitasmo horren barruan, lan munduko errealitatea ezagutu nahi izan dute. NOPLOIk beroarekin zein hotzarekin arazoak izan ditzaketen 245 enpresaren egoera bertatik bertara ezagutu du, 2019tik 2021era. Emaitzak deigarriak dira: enpresen %85ek aitortu dute muturreko tenperaturekiko esposizioa zutela, baina soilik %24k identifikatu dute modu egokian estres termikoa zuela. «Arazoa ez bada ongi identifikatzen, arazoa existituko ez balitz bezala da», esan du Aguilarrek.

Tenperaturagatik arrisku bat duten enpresen %53k ez dute euren plangintzan prebentzio neurririk, eta gainerakoen artean soilik hamarretik batek du aurrekontu bat. Bisitatutako enpresen herenek (%35ek) badakite pertsona hauskorrak dituela; baina ez dituzte zuzen identifikatzen, eta gainerakoek ez dakite halakorik dutenik ere. «Ez badaude zuzen identifikatuta, zaila da prebentzio neurriak egoki ezartzea eta bero olatu batetik babestea», azaldu du Nieves Sagues medikuak.

Azkenik, aztertutako enpresen herenek soilik daukate prozedura bero kolpe bat izanez gero eta bisitetan ez zuten topatu bero olatuetarako prozedurarik. «Enpresa guztiek pentsatuta eduki beharko lukete nola jokatu larrialdietan, baita muturreko tenperaturetarako», dio Aguilarrek.

Haren esanetan, euren produkzioagatik estres termiko arriskua duten enpresentzat garrantzitsuak izan daitezke antolamendu neurriak, baina, horien gainetik, «beti» neurri teknikoak daude. «Adibidez, enpresa batean, eraikinaren egoeragatik, lehen deseroso zena orain estres termiko bihurtu zaie, eta antolamendu neurriak adabakiak baino ez dira haientzat. Maiz egoera konpondu behar dute». Beste batzuetan, airea xurgatzeko sistema bat izan daiteke konponbidea, edo leihoetan argi infragorria pasatzen uzten ez duen tratamendu bat. Azkenean, neurri tekniko orok inbertitzea eskatzen du.

Kanpoko langileen neurriak

Eta zer gertatzen da bero handiko egunetan kanpoan lan egiten duten langileekin? «Antolamendu neurriak hartu behar dira. Egun batzuetan, ezin da lan egin 12etatik aurrera, eta lanorduak malgutu behar dira». Horrekin batera, lanean itzalguneak sortzea, eguzki kremak banatzea, arropa egokia ematea eta ingurunean freskatzeko neurriak ere har daitezke.

Horrezaz gainera, legedia klima aldaketaren erronkara egokitu behar da, eta kanpoaldeko langileen lan baldintzak hobeto zehaztu beharko lirateke. Bero handia joaten denean ere, en presek arazoa aintzat hartu behar dutela gehitu du Aguilarrek. «Udazkenean, beste lehentasun batzuk agertzen dira, baina klima aldaketa azkar datorkigu, eta lan osasunari eragiten dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.