Koronabirusa

Zero COVID, egoera iraultzeko aukera

Talde immunitatea lortzeko, bide luzea geratzen da oraindik ere, eta, birusa zenbat eta hedatuago izan, orduan eta aukera hadiagoa dago txertaketa arriskuan jar dezaketen aldaerak garatzeko. Agerian geratu da intzidentzia jaitsi eta estrategia aldatu behar dela.

Bilboko alde zaharreko kaleetako giroa, iragan azaroan 17an. ARITZ LOIOLA / FOKUI.
joxerra senar
Iruñea
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Normaltasun berriak gutxi du normaltasunetik. Hirugarren olatu betean, ez dirudi azkena izango denik. Urtebete honetan, bizimodua eta mugimendua baldintzatzen duten neurriak ezarri dira, ekonomia jarduera batzuk itolarrian daude, eta, COVID-19aren zuzeneko ondorio lazgarriez harago, neke sozial handi bat antzematen da jada. Txertaketa prozesua hasi besterik ez den honetan aldaera berrien mehatxua agertu da. Horrela segi al daiteke? Ba al da kale itsu honetatik ateratzeko aukerarik? Egon daiteke, bai. Bi hitzekin laburbildu daiteke: Zero COVID.

Abenduaren 18an, Eguberrien atarian, Europako zientzialari talde batek adierazpen bat argitaratu zuen The Lancet zientzia aldizkarian. Egungo egoera ikusita, SARS-Cov-2 koronabirusarenkutsatzeak «modu azkar eta iraunkor» batean murrizteko konpromisoa hartzera deitzen ditu Europako gobernuak. Geroztik, webgune bat eratu dute, 338 zientzialarik sinatu dute agiria, eta hainbat herrialdetan zein eskualdetan estrategia nola garatu ikusteko taldeak osatzen ari dira —Euskal Herrian ere, aztertzeko gogoz daude hainbat ikerlari—.

Batzuek Zero COVID deitzen diote, beste batzuek, Contain COVID —COVIDari eutsi, euskaraz—. Izen desberdinak hartu arren, «izurria kontrolpean izateko, intzidentzia ahalik eta apalena izatea bilatzen du», Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak azaldu duenez. Euskal Herrian, eztabaida hori bultzatu nahi dutenetako bat da Ugo Mayor EHUko Ikerbasqueko ikerlaria, eta estrategia egingarria dela uste du. «Badakigu udaberriko konfinamenduan birusaren intzidentzia pila bat jaitsi zela, eta helburua izan daiteke garai hartan lortu ez zena lortzea. Ez da erraza bat-batean egitea, faseka egin behar da». Zaila izan daitekeela onartu arren, estrategiak azken helburu gisa izan behar luke birusik gabeko eremuak lortzea, eta ez soilik kutsatzeak nabarmen jaistea. Eremu horietan, kasu gehiago ager ez daitezen mugimendua mugatu egin beharko litzateke, baina eskualde berde horiek zabaldu ahala, normaltasuna berreskuratuz joango litzateke.

Europak ispilu bat du aurrean. Asia Ekialdeko hainbat herrialdetan, Australian eta Zeelanda Berrian bide hori hartu dute, eta denborak erakutsi du Mendebaldean baino nabarmen hobeto joan zaiela. Dena den, Adrian Aginagalde epidemiologoak nabarmendu du horietako asko uharteak direla, eta beste batzuek «hemen imajina ez daitezkeen neurriak» hartu behar izan dituztela. Ez du uste estrategia hori egingarria denik Europan. «Gizakia ez da gai birusak desegiteko. Inoiz ez dugu hori lortu txertorik izan gabe. Zergatik uste dugu birus bat ezabatzeko gai garela inoiz ez badugu halakorik egin?».

Beste eragozpen handi bat ikusten dio Aginagaldek. Haren irudiko, birusa desegiteko estrategia batek eskatuko luke lurraldea gotorleku egitea, eta «horretarako behar diren neurriei eustea zaila da egitura ekonomikoa eta bizimodua baldintzatutadaudenean». Adibidez, mugak itxi egin beharko lirateke, eta egungo Schengengo Ituna eten. «Euskal Herria bera lotune bat da, mugikortasun handikoa. Irungo mugatik milioika pertsona pasatzen dira. Gure bizimoduaren zati bat da. Imajina dezakegu Baionatik Donostiara ezin joan izatea?».

Egungo egoeraren porrota

Mendebaldeko herrialdeetan koronabirusarekin hala moduzko elkarbizitza bat izatearen alde egin zen, eta Zero COVID estrategiak mahai gaineratu nahi du bide hori amaituta dagoela. Koronabirusaren hedapena eragozteko neurri orokorrak izan dira higienea eta distantzia zaintzea, aireztapena ziurtatzea eta pilaketak eragoztea. «Bizimodu normala egiten ahalegintzea izan da orain arteko estrategia, eta ikusi da ez dela nahikoa. Agerraldiak izaten direnean, ez dago eteterik transmisio katea, eta are neurri murriztaileagoak jarri behar dira». Horrek eskubideak are gehiago murriztu ditu, eta aurretik baziren egiturazko arazoak are gehiago handitu ditu: «Populazioaren talderik zaurgarrienek, sozioekonomikoki ahulenak direnek, jasan dute kalterik handiena».

Ugo Mayorrek ez dio onurarik ikusten egungo egoerari. «Birusarekin bizikidetza bat izatea planteatu zen, ekonomia babesteko, baina jarduera ekonomikoa asko sufritzen ari da, eta etorkizunean hori ikusiko da gero eta gehiago». Pandemia hasi zenetik urtarrilaren amaiera arte 4.570 euskal herritar zendu ziren. Horrez gainera, Mayorren arabera, «osatu direnen artean badago portzentaje bat COVID luzeko sintomekin. Ondorioz, zenbat eta kutsatze gehiago izan, orduan eta jende gehiago geratuko da horrela».

Adrian Aginagalderen arabera, epidemiologoek hasieratik zekiten zer gertatuko zen, birusa kontrolatu ezean haren transmisioa leuntzera baino ezin direlakomugatu neurriak. «Ez genuen kontrolatzeko baliabiderik izan, eta, ondorioz, transmisioa leuntzeko estrategian erori ginen». Zehaztu duenez, bide hura hartzea beste erremediorik ez zegoen: «Jendeak uste du elkarbizitzarena aukera bat zela, baina ez da». Izan ere, birusa Euskal Herrira iritsi eta endemiko egin zenetik ez da inoiz desegin: «Gure birus bat da. Ez dago momentu bat non birusa desagertu den». Konfinamenduan ere, neurriak apur bat arindu zirenean, agertu egin zen berriro: «Zero eta lehen fasean loturarik gabeko kasu ugari genituen. Radar azpiko kutsatze maila oso handia dugu, oso handia».

Aldaeren mehatxua

Denborarekin, gizarteak barneratu egin du intzidentzia maila handi bat onargarria dela, eta hori oso arriskutsua dela uste dute adituek. Txertoek aurreko bizimodura itzultzea ahalbidetuko dietela esan zaie herritarrei, baina txertaketa kanpaina erritmo motelean doa, eta birusaren aldaerek itxaropen kolektibo hori zapuztu dezakete. Hori da benetako mehatxua. Izan ere, azken hilabeteetan agertu diren aldaeren eta ager daitezkeenen ondorioz, beste fase batean sar daiteke pandemia. «Intzidentzia jaistea beharrezkoa da. Bestela, aldaera berriak sortzeko aukerak handitu egiten dira. Hori ezin dugu baimendu. Iritsi gara momentu larri horretara non aldaerak ugaritzea posible den, bai eta txertoei erresistenteak diren aldaerak agertzea ere», ohartarazi du Adrian Aginagaldek.

Birologoek esan izan dute koronabirusaren mutazioen erritmoa ez dela handia beste birus batzuen aldean, baina munduan hain zabaldua dagoenez, aukera handia eman zaio birusari mutazio horien abiadura azkartzeko. Ugo Mayorren ustez, txertoei ihes egiteko gai diren aldaerek dute arrisku berezia: «Txertoek gorputzari erakusten diote birusaren kanpoko egitura nolakoa den. Jada badago gure gorputzak gehien begiratzen duen birusaren zati horretan aldaketa handi samarra duen aldaera bat, eta antigorputzek arazoak dituzte birusa identifikatzeko. Ez dago oraindik datu askorik, baina berrinfekzioak gertatu direla ikusi da. Txertoei ihes egiten dieten aldaerak txertaketa baino azkarrago sortzen badira, kanpainak ez digu balioko».

Berezko dituen ezaugarriengatik, hasieratik erakutsi du SARS-Cov-2-ak eskemak hausteko gai dela, eta aurreratzean ere hala egin dezakeela ohartarazi du Ana Galarragak. Adibidez, orain arte gazteei eta umeei eragiten ez dien birus bat izan da, baina Galarragak azpimarratu du aukera bat egon daitekeela hori aldatzeko. Berez, birusen joera naturala da oldarkortasuna galduz joatea, baina bitarte luze horretan sufrimendu asko eragingo duela uste du, eta aldatzeko aukerak mugatu egin behar litzaizkiokeela horregatik: «Zenbat eta birus gutxiago egon zirkulazioan, orduaneta aukera gutxiago mutatzeko. Arrisku hori txikitu egingo genuke».

Horretarako, intzidentzia nabarmen jaitsi behar da. Euskal Herrian, Europan, eta, ahal bada, munduan. Aldaketari ekiteko,lehenik, etxeko lanak egin behar dira, eta, Ugo Mayorren ustez, gizarteari eztabaida mahai gaineratu behar zaio. «Gizarteak ikusi behar du zer nahiago duen, orain arte bezala jarraitu edo, bidaiatzeko mugak izan arren, aukera izatea herriko jaiak beti bezala egiteko, adibidez». Ostiralean Eusko Jaurlaritzak kaleratutako inkesta baten arabera, egun, herritarren %40k neurri gogorragoak nahi dituzte, eta beste %24k beste neurri batzuk hartzeko eskatzen dute.

Galarragaren ustez, funtsezkoa da komunikazio «on eta argia» egitea, herritarrek uler dezaten zertarako den: «Jendeak jakin behar du zergatik ari den gertatzen eta zer egin behar duen hori lortzeko. Ulertu behar du bere onerako dela».

Adrian Aginagalderen arabera, funtsezkoa da intzidentzia nabarmen jaistea —100.000 biztanleko 50 kasutik behera izatea aipatu du, helburu gisa—, baina zalantzak agertu ditu mugak ixteko eta bidaiatzeko berrogeialdiak ezartzeko neurriarekin. Aginagalderen arabera, hori Europa mailako erabaki bat izan beharko luke. «Turismoa eta ekonomia eredu jakin bat amaitzea esan nahiko luke».

Itxialdiagehi neurriak

Zer planteatzen du, baina, birusaren transmisioa ahalik eta gehiena murrizteko estrategiak? Ugo Mayorren arabera, lehenik eta behin, administrazioek planifikazio zorrotza egin beharko lukete, eta estrategia horri aurre egiteko antolamendua zein tresnak aurrez prestatu.

Hori eginda, lehenik eta behin,bizpahiru asteko itxialdia egin beharko litzateke: «Itxialdian, funtsezko zerbitzuak kalera atera ahal izateko, negatibo eman behar lukete, eta, horretarako, diagnostiko sarea indartuta egon behar luke», zehaztu du Ugo Mayorrek. Behin, lehen fase hori egin eta gero, eremuka banatu beharko litzateke lurraldea, eta joan definituz koronabirusik gabeko eremu berdeak. «Irla horien artean komunikaziorik ez egotea ziurtatu beharko litzateke», gaineratu du.

Eragin eremuetako bat proba kopuruena da. Pandemia hasi zenetik, Osakidetzak eta Osasunbideak PCRak egiteko ahalmena hamar aldiz handitu dute, baina zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta klinika pribatuekin, esfortzu hori areagotu egin daitekeela azaldu du Mayorrek. Horri gehitu behar zaio Txinan erabili izan duten teknika: «Kutsatuen kopurua jaisten denean,aukera legoke hamar pertsonen laginak aztertzeko. Hori egiteko gaitasuna dago». Teknika horrek hamar bider handituko luke egun bakarrean eritasuna detektatzeko radarraren zabalera.

Hamar egunez bakartzeko baliabiderik edo ahalmen ekonomikorik ez dutenentzako laguntzak ahalbidetu beharko lirateke, bai eta azpiegiturak prestatu horretarako ere. COVID-19aren ondorioz erregistratu diren gaixo agirien kopurua, eri kopuruarekin eta Gizarte Segurantzaren afiliazioarekin gurutzatu ostean, Ugo Mayorrek ondorioztatu du bost langiletik batek ez duela berrogeialdirik egiten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Ziurtatu behar da hori ez gertatzea. Horrez gainera, zoritxarrez oraindik bada jendea afiliatuta ez dagoena; horiek ez dira etxean geratzen, ez baitute kobratuko bestela».

Horrekin batera, Ugo Mayorrek uste du jende gehiago kontratatu beharko litzatekeela bai probak egiteko, bai eta aztarnari lanak egiteko ere. Prestakuntza egokia jaso ostean, aukera bat delakoan dago: «Enplegu asko galdu da, eta soldata bat eskaini ahalko litzaioke, babesteko sistema bat, eta, azkenean, ekonomia indartuko du luze gabe. Inbertsio bat da, baina errentagarritasun handikoa eta bizitzak salbatzeko egina». Horrekin batera, positiboen kontaktuak atzemateko sistemak ezarri beharko lirateke, eta ez luke derrigorrez izan behar telefono aplikazio bidezkoa. Azkenik, txerto kanpainak aurrera jarraituko luke, egun antolatuta dagoen bezala.

Aginagalderen ikuspegitik, estrategia aldaketak Europa mailako erantzuna eskatzen du, bai eta inbertsio handia ere. Argi dago planteamendu zabal horrek ertz ugari dituela aztertzeko, baina, lehenik, gizarteak erantzun behar du ea horrela jarrai daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.