Araban kultura sustatzeko milioi erdiko inbertsioa egingo dute

Jaurlaritzaren diru sailak lau adar ditu, «bultzada» esparru guztietara zabaltzeko. Bideo jokoen alorrari garrantzia eman diote

Atzo aurkeztu zuten akordioa hiru erakundeek Jaurlaritzaren egoitzan. BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Araban kulturari «bultzada nabarmena» emateko, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu. Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean adostutako akordioaren xehetasunak eman zituzten, atzo, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan.

Inbertsioak lau lerro estrategiko ditu: Arabako kulturaren eta sormenaren errealitatea aztertzea, kultura ezagutzak gizarteratzen laguntzea, guneetan eta materialetan berrikuntza garatzeko inbertsioa egitea, eta, azkenik, lurraldeko kultura eta sormen egitura babestea.

Kulturaren eta sormenaren errealitatea aztertzeari dagokionez, alde batetik, dirua zinemagintza mapa bat egiteko erabiliko dute, eta, bestetik, arteen eta lurraldearen arteko harremanari buruzko prototipogintza proiektu bat sustatuko dute. Helburua artisten arteko sarea osatzea da, elkar ezagutu eta elkarrizketa areagotu eta integrazioa lortzeko.

Era berean, profesional horien lanak gizarteratzeko, Azala artista laborategian egiten diren jarduerak Ortzain proiektuaren edo Factoria de Fuegos elkartearen bidez zabalduko dituzte. Hedapenaren atalari bideratu diote diru sailik txikiena: %4,7.

Hirugarrenik, kultur tresna eta eremuak sustatzeko konpromisoa hartu dute hiru erakundeek. Hala, biogune bat eraikiko dute, gazteak lan mundura hurbildu daitezen egoitza artistikoen bitartez, eta arte biziaren liburutegi-mediateka bat ere egingo dute.

Bideo jokoetan enfasia

500.000 euroen zatirik handiena bideo jokoentzat izango da. Kultura eta sormen egiturak babesteko, bideo jokoei garrantzia eman nahi diete udalak, diputazioak eta Jaurlaritzak. Denera, 300.000 euro bideratuko dituzte horretara.

Lizentziatu berrientzako diru laguntzak ere egongo dira. Filmaketak erakartzeko pizgarriak ere emango dituzte, eta irudigileen topaketa bat ere antolatuko dute.

2017ko aurrekontuen negoziazioen ondorioa da hiru erakundeek onartutako saila. Eusko Jaurlaritzaren eta PPren artean adostu zuten kulturara zuzendutako diru sail hori Arabara bideratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.