Donostiako 69. Zinemaldia. Horizontes Latinos. KRITIKA

Teresa eta Montoya, eta Teresa eta Montoya

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Una película de policías'

Zuzendaria: Alonso Ruizpalacios. Herrialdea: Mexiko.Iraupena: 107 minutu.

Una película de policías filmak Teresa eta Montoya poliziei jarraitzen die Mexikoko kaleetan zehar. Bueno, nolabait. Monica eta Raul aktoreei jarraitzen die, Teresa eta Montoyaren azalean jartzen direlarik. Horrela, haien lanaren zoko eta zirrikituak ezagutuko ditugu, baita zerk bultzatu zituen polizia izatera eta haien arteko maitasun istorioaren hasiera ere. Eta, aldi berean, bi aktoreen ikuspuntua azalduko zaigu; izan ere, filmerako prestatzeko polizia entrenamendua jaso zuten akademian.

Fikzioa eta dokumentala nahastu ditu Alonso Ruizpalacios mexikarrak bere hirugarren film luzea den honetan. Filmaren lehen eszenan entzuten den emakume batek abesturiko sirena hotsak argi utziko digu hala izango dela. Filmaren lehen zatian Teresa eta Montoya ezagutuko ditugu, baina Monica eta Raulen antzezpenaren bidez. Fikzionaturiko dokumental baten zantzuak dituen kapitulua da: bi polizien deklarazioak entzun eta azaltzen dituzten eszenak ikusiko ditugu. Ondoren aktoreen esperientzian zentratuko da filma, poliziarekiko dituzten aurreiritzi eta usteak, eta akademian ikusitakoak kontatuko dizkigute haien sakelako telefonoekin grabaturiko bideoen bidez. Eta, azkenik, Teresa eta Montoya ezagutuko ditugu, benetako Teresa eta Montoya.

Esperimentu oso interesgarria planteatu du Ruizpalaciosek; errealitatea eta fikzioa nahasten doan dokumentala, polizia direnek eta polizia direla antzeztu behar dutenen ikuspuntuetan zentratuta. Ariketa gisa funtzionatzen duela iruditu zait: fikziozko zatiaren kutsu heroikoa, kritika eta umorea galdu gabe; dokumental estilo klasikoagoren alde humanoa; eta bien artean dauden joko guztiak. Hala ere, landu nahi duen gaia azaltzeko —Mexikoko poliziaren korrupzio eta inpunitatea—, ez dut uste mesede egiten dion formatu bat denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.