Albistea entzun

Kantu propioak entzuleentzat

Oskarbi taldeak 'Kantua zuei' diskoa kaleratu du. Taldeak sortutakoak dira abesti ia guztiak
Jose Luis Treku eta Karlos Ruiz, disko berria eskuetan dutela.
Jose Luis Treku eta Karlos Ruiz, disko berria eskuetan dutela. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko abenduak 12

Mende erdi pasako ibilbidean berezitasun batek ezaugarritu du Oskarbi taldea: herri kantutegia bestelako doinuekin moldatzeko egindako ahaleginak. Ahots harmoniak oinarri hartuta, jazza, gospela eta folka euskal tradizioarekin uztartu izan ditu taldeak, herri kantuei interpretazio berri bat emanez eta estilo propio bat erantsiz. Horrela, diskoz disko, herri kantak pieza propioekin tartekatuz joan dira. Taldeak, nolanahi ere, jarraitzen du bide berriak arakatzen, eta Kantua zuei disko berria da horren adibide. Izan ere, abesti propioak inoiz baino gehiago dira lan berrian. Elkar-ekin argitaratu dute diskoa.

Azken bi urteetan «presarik gabe» ondu duten diskoa da. Taldeko kantu sortzaileek egindako melodia soilak talde lanean aberastu dituzte gero, «poliki-poliki» ahots harmoniak eta musika gehituta, harik eta pieza guztiak osatu dituzten arte. Denera, hamahiru kantu bildu dituzte, eta Oskarbiren «faktorian» eginak dira ia denak. Orain arte ez bezala, lan honetan «sorkuntza propioa landu eta aberastu» dute, Jose Luis Trekuk adierazi duenez: «Orain arteko diskoetan, gehien agertu direnak kantu herrikoiak izan dira, gure erara moldatu eta egokituak, baina disko honetan kantuak propioak dira».

Hain zuzen, Gontzal Iñarrak sortu ditu bost melodia; pare bat egin ditu Iñaki Maritxalarre, eta Karlos Ruizek sortu du beste bat. Badago herri kanta bat, baita aurrez egindako lau pieza ere. Kasu honetan, baina, Loinatz abesbatzarekin moldatu eta grabatu dituzte horiek. Hitzei dagokienez, berriz, Juan Gartzia eta Pello Otxoteko olerkariek eta Trekuk berak idatzi dituzte den-denak.

Edonola ere, Joxan Artzeren bi olerkiz jantzitako beste bi abesti ere badaude. Hain zuzen, lau urte beteko dira aurki Artze hil zenetik, eta taldeak omenaldi kontzertu bat egingo du Usurbilen (Gipuzkoa), haren jaioterrian. Urtarrilean izango da. Trekuk aurreratu du disko berriko kantuak eta aurrez haren hitzekin egin dituztenak joko dituztela: «Dozena erdi bat kantu prestatzen ari gara».

Eboluzioaren isla

Karlos Ruiz taldekideak gogorarazi duenez, disko berriaren sortze prozesuan hamabi taldekidek parte hartu dute. Egun, hala ere, hiru dira soilik hasieratik irauten dutenak: Treku, Maritxalar eta Maite Aizkorreta. 1966an sortu zen taldea; hamar urte geroago batu ziren Iñarra eta Ruiz bera, eta geroago gainerakoak. 55 urteko ibilbidean kide aldaketa ugari izan dira, nolanahi ere.

Aldaketa horiek guztiek eragin dute, hain zuzen ere, Oskarbiren musika egiteko era aldatu izana. Izan ere, hastapenetako ahots harmoniak «pixkanaka» musikarekin «aberastu» dituzte urteen joanarekin, propio sortutako melodiak gehituz. «Eboluzio» hori taldekide berrien ondorioz izan dela azpimarratu du Trekuk: «Hasieratik jarraitzen dugunok ahotsak egiten ditugu batez ere, baina taldekide gazteek biolina jotzen dute, pianoa, flauta...». Gainera, uste du horri esker taldekideen musikagintza ere «aberastu» egin dela, eta «heldutasuna» lortu duela.

Heldutasun horren ondorio da, halaber, kantu propio gehiago sortu izana, Oskarbiren hamabigarren diskoak inoiz baino kantu propio gehiago baititu. «Musikari gehiago ditugu orain taldean. Lehengo aldean, gainera, sorkuntzarako joera handiagoa izan dugu azken urteetan», esan du Trekuk. «Edonola ere, beti egin izan ditugu gure kantuak, baina erdi eta erdi izaten ziren diskoan: erdiak guk sortutakoak eta erdiak herrikoiak. Edo, agian, herrikoiak gehiago. Baina, kasu honetan, ia denak propioak dira, bat izan ezik».

Pandemiak ere izan du eraginik horretan, aitortu dutenez. Izan ere, izurriak elkarrekin egoteko «denbora gehiago» eman die, eta «hausnartzeko» beta izan dute horri esker. Argi utzi dute, hala ere, kantu herrikoiak moldatzen jarraituko dutela aurrerantzean ere.

Diskoa aurkezteko kontzertuei ekingo diete orain. Bihar izango da lehena, Bilboko Arriaga antzokian. Beste kontzertu batzuk ere lotuta dituzte jada, eta gehiago hitzartu ahala joango dira data berriak jakinarazten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»

Itziar Ugarte Irizar

Lacarrak dio maila batera heltzekotan hor gelditzeko moduko «pisua» hartuta heldu behar dela; bidea dela gauza, ez inorako presa. Hiru hamarkadatik gora daramatza dantzan, sari entzutetsuenak bizkarrean, eta Golden Producciones-ekin landu dituen lehen bi piezak emango ditu asteon Gasteizen eta Donostian.
Grizzly Bear taldean aritu da orain gutxira arte Daniel Rossen. ©BERRIA

Konplexutasuna erraietan

Mikel Lizarralde

Daniel Rossen musikari estatubatuarrak bere lehen lan luzea argitaratu du, EP batekin bakarka estreinatu eta hamar urtera: 'You Belong There', folketik eta popetik edaten duen bilduma dotore eta konplexua.

Haiti irratiaren ahotsa

Haiti irratiaren ahotsa

Andoni Tolosa

Diskoetxea: Anti 2022.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Biain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...