ATZEKOZ AURRERA

Bretoieraz birjabetzeko

Bretoieraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute ehunka jendek bretoieraren aldeko Ar Redadeg lasterketan. Euskal Herriko ordezkaritza zabal batek ere parte hartu du.

Euskal Herriko kideak, lasterketan parte hartzen, atzo. GWANO.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Gwened
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Hizkuntza berreskuratzea: bretoiera normalizatzea eta bretoieraz bizitzeko eskubidea izatea. Aldarrikapen eta mezu horiek zabaldu zituzten atzo Bretainiako Gwened herrian, bretoieraren aldeko Ar Redadeg lasterketaren bukaeran. Duela hamar egun abiatu zen, Gwitreg herritik, eta, 2.000 kilometrotik gora egin ondoren, Brezhoneg, yezh ofisiel! (Bretoiera, hizkuntza ofiziala) oihuen artean egin zituzten atzo azken kilometroak.

Bretoieraz birjabetzeko erronka azpimarratu zuen Azenior Kallag Redadegeko presidenteordeak. Gorputzaren hiru atal aipatu zituen. «Burua: kontziente izatea hizkuntza arriskuan dagoela; bihotza: erabiltzeko eta transmititzeko gogoa izatea; eskuak: proiektu konkretuak aitzinera eramatea, jendeari egiteko gogoa piztea; erakusteko normala dela bretoieraz mintzatzea». Bretoiera murgiltze ereduan irakastenduten Diwan eskolak sostengatu behar direla erran zuen, eta «zinezko» hizkuntza politika bat plantan emateko eskatu zien botere publikoei. Jendetza bildu zen iritsieran; horien artean, Paul Molac Bretainiako diputatua. Kantuz eta musikaz eman zioten amaiera egunari.

Euskal Herriko ordezkaritza

Ostegunean iritsi zen Bretainiara Euskal Herriko ordezkaritza zabala, AEK, EHZ festibala eta Oiartzun-Karaez taldeko kideek osatua. Herenegun izan zituzten kilometroak, Larruen herriaren inguruan. Autobusarekin bakoitza bere lekuan utzi, eta berehala hasi ziren Korrikarekin izan ohi diren sentsazioak agertzen: beha egotean sortzen den kitzikadura hori, errepide bazterrean salto txikiak eginez, urrunera begira, furgoneta noiz agertuko... Antolakuntzako auto bat, beste bat, eta musika urrunean... «Heldu da! Heldu da!». Un, daou, tri! Brezhoneg e pep ti! Pevar, pepm, c'hwec'h, brezhoneg e pep lec'h! Seizh, eizh, nav, dek, Redadeg, redadeg! (Bat, bi, hiru, bretoiera etxe guzietan! Lau, bost, sei, bretoiera denetan! Zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, Redadeg!). Euskal Herriko kolorea ere eman zioten korrikalariek Ttipi, ttapa, ttipi, ttapa: Redadeg! oihuekin erantzunez, ikurrinak eta AEK-ko banderak eskuetan zeramatzatela, korrika eta saltoka, bata besteari lekukoa pasatzen zioten bitartean.

2008an sortu zen bretoieraren aldeko lasterketa, Euskal Herriko Korrikan inspiratuta. Bretoieraren aldeko eragileak eta proiektuak diruz laguntzeko balio du. Irabazien erdiak Diwan eskolentzat izaten dira, eta gainerakoa askotariko proiektuetara bideratua da. «Guretzat oso garrantzitsua da Bretainiara etorri eta gure babesa erakustea, haiek guri erakusten diguten bezala. Hizkuntzaren aldeko borroka bera daramagu, eta elkarri laguntzen entseatzen gara», esplikatu zuen Mireia Mochales AEK-ko kideak.

Kenavo Breizh, adishatz Occitania! (Laster arte, Bretainia; eta kaixo, Okzitania). Ostegunean izanen dute ondoko topaketa, Ahurtin (Lapurdi), okzitanieraren aldeko La Passem lasterketan kilometro bana izanen baitute AEK-k eta EHZk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.