Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Uxue Barkos: «Aldaketa sakona izan da. Erabat aldatu dugu UPN-PSNk ezarritako norabidea»

Bi aste barru, herritarrek dute hitza. Barkosek azaldu du egonkortasuna eman diotela Nafarroari, eta beste ildo bat ezarri dutela. Giro politiko nahasiari begira, argi du laukoaren kohesioa aktibo garrantzitsua dela. Bideoa albiste barruan.
IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar -

2019ko maiatzak 12
Nafarroako jauregiari XIX. mendeko diputazioaren tankera nabari zaio, baina lehendakariaren bulego eraberrituak bestelako estiloa du. Bertan, Pedro Salaberri artista nafarraren margolana nabarmentzen da; bere sinpletasunean, badu zerbait. Uxue Barkosek (Iruñea, 1964) dio arnasa hartzeko balio izaten diola. Beharko du arnasa hartu, lasterketaren azken txanpan sartu baita. «Oraingoan, hauteskundeek azterketa kutsu hori daukate. Bereziak izango dira». Aldaketak beste legealdi bat izatea du erronka.

Aldaketa

Zer balantze egiten duzu?

Positiboa; helburu hori lortu dugu. Nahiz eta lasaia izan, aldaketa sakona izan da, politikoki egonkortasunez josia. Erabat aldatu dugu UPNk eta PSNk ezarritako norabidea.

Herritarren artean hamaika pertzepzio daude. Batzuen ustez, aldaketa ez da hainbeste nabaritu. Zer deritzozu?

Ulertzen dut pertzepzio hori. Askotan keinuetan edo bakoitzak egin zuen irudikapenean ikusi nahi dugu aldaketaren gobernua. Azkenean, gizarte guztiarentzat josi behar dugu lan politiko hori, baina aldaketak oso sakonak izan dira zenbait arlotan.

Zenbateraino baldintzatu zaituzte oposizioak?

Ez gaitu baldintzatu. Bai, lortu du Nafarroako zenbait sektoretan edo herritan halako lelo batzuk ezartzea: euskara gure kontra etorri da, ikurrinaz bete dute Nafarroa. Baina errealitateak ez du halakorik esaten. Gure zeregina izan da egonkortasuna ematea, norabidea aldatzea eta ez geratzea keinu hutsetan.

Oposizioaren diskurtso zaratatsua gorabehera, asmatu duzue herritarrei azaltzen beste bide bat egiten ari zaretela?

Ez dut gaitzesten hedabideek jarrera politiko bat izatea. Beste gauza bat da posizio alderdikoi bat hartzea, komunikazio lana zikintzen baitu. Hori gertatu da Nafarroan. Hasieratik, hainbat komunikabidek eta euren burua erakunde zibil gisa duten elkarteek jarrera alderdikoia hartu zuten. Gobernura iritsi eta hiru hilera, apokalipsia iragarri zuten; enpresen %60k alde egingo zutela. Gure komunikazio ildoa asmatzea ez da batere erraza izan.

Aldaketa instituzionala gertatu zen, baina beste botere batzuk zenituzten aurrean.

Hor jarraitzen dute, argi eta garbi. Ikusten dugu zer-nolako apustua egiten duten orain PSNk datorren gobernua zuzendu dezan; nork, eta PSNren alde inoiz egin ez duen zenbait erakunde pribatuk. Haien beldurra adierazten du.

Zuen iparrorratza akordio programatikoa da. Non geratu zarete motz?

Baliteke hainbat gauzatan geratzea, baina norabide aldaketa markatu dugu. Gestioan inoiz erantzukizun politikoa hartu ez dugunok egonkortasunez eta emaitzak lortuz amaitu dugu legealdia.

Ziurrenik, arerioek ez zuten espero.

Gure artean ere baziren zalantza sakonak. Esperientziarik ezak beldurra sortzen zuen inguruan, baina emaitzak hor daude. Legealdiaren amaierara iritsi gara benetako krisi bat sufritu gabe.

Nolakoa izan da barrutik harreman hori?

Tentsioak izan dira, eta handiak. Lau indarren artean desberdintasun handiak ditugu, eta une gogorrak bizi izan ditugu. Horrek ez du esan nahi ez garenik gai izan horiek konpontzeko.

Zenbateraino da garrantzitsua landutako kohesioa?

Herritarrek emango duten aginduaren ondoren, kohesio hori balio bat da.



Memoria

Bake eta Bizikidetza zuzendaritza eratu duzue lehen aldiz, eta mugarritzat jo duzu. Zergatik?

Politika publikoak oso beharrezkoak direlako bi arlo horietan. Askotan galdetu didate Voxek beldurra ematen didan. Ez. Hala ere, beldurra ematen dit ikusteak 40 urteren ondoren frankismoaren kutsuak hor jarraitzen duela. Arrazoi asko daude, baina horietako bat da —eta oso garrantzitsua— ez direla egin politika publikoak memoria prozesuak lantzeko eta gogorarazteko belaunaldi gazteenei nolakoa zen diktadura hura.

Nafarroan hutsune handia izan da arlo horretan. Azkenik, hori betetzen hasi zarete.

Pentsa: 80 urte pasatu dira gerra izan zenetik, baina ez hainbeste frankismoaren amaieratik. Haren aztarnak gizartean eta elkarbizitzan mantendu dira. 80 urte pasatu dira, eta zenbait herritarrek jarraitzen dute gurasoen edo aitona-amonen arrastoen bila.

Oposizioak ETA zuritzea leporatu dizue. Zergatik ez da posible biktima batzuk eta besteak aldi berean aitortzea?

Erabilera politikoa egin dute, baina gai hori aztertzean uniformetasuna ez da tresna. ETAren biktimek testuinguru bat dute, motibazio politikoko biktimek beste bat eta 36ko gerrakoek beste bat. Gure asmoa ez da hori izan; aldiz, ez dut onartzen leporatzerik ETAren indarkeria zuritzea.

Legealdi erdian, ETAren biktima batzuek, eta AVTk ere bai, erabilera politikoa egitea egotzi zieten UPNri eta PPri.

Gai honetan gehien kezkatu nauena agian zera izan da: jabetzea, bake eta elkarbizitzarako zuzendaritza nagusia eratu eta biktimen laguntzak abian jarri genituenean, nola zeuden ETAren biktima batzuk. Ez zuten izan aurreko gobernuen babesik. Zergatik? Ez dakit, baina gogorra izan zen hura ezagutzea, eta oso gogorra UPNk gobernuari leporatzea biktimak erabili izana.

Iaz, Konstituzionalak baliogabetu egin zuen motibazio politikoko biktimen 2015eko legea. Berria egin duzue; bidea egitea espero duzue?

Azken unera arte saiatu gara legediaren barruan ongi marrazten, ongi erredaktatzen eta ongi bideratzen.

Nafarroan tortura eta eskuin muturreko taldeen indarkeria aztertzeko lan bat esleitu zenuten, baina auzitegiek baliogabetu egin zuten, eta ez da posible izan.

EAEn zenbait urte daramate gai hau lantzen; parlamentuan gizartearen zati garrantzitsu baten ordezkariek ez dute nahi. Beharrezkoa da elkarrizketa; denbora behar dugu.

Autogobernua

Zer egoeratan dago?

Arrisku handiak ditu aurrean. Azken lau urteetan pauso garrantzitsuak landu ditugu; datorren legealdirako, UPNk Nafarroako Parlamentuko ateak irekiko dizkio, nori eta Ciudadanosi. Politikoki, koherentziari begira, erokeria hutsa da hori.

Rajoy joan, eta Sanchez iritsi da, eta helegitea jarri dio Hondakinen Legeari. Zer jarrera du?

Partekatzen ditugu zenbait kontu. Rajoyrekin ere harreman onak izan ditugu —hitzarmen ekonomikoaren akordioa haren gobernuarekin lortu genuen—. Estatuan, autogobernua aztertzean, Rajoyk eta Sanchezek jarrera bera dute. Konstituzionalera eraman dute Hondakinen Legea, eta, gainera, mahai gainean ditugu beste bizpahiru foru lege errekurritzeko mehatxuak. Lan egin beharko dugu. Azkenean, Espainiako bipartidismoa zentralista izan da.

UPNren modura, PSNk autogobernua defendatzen duela dio.

Hemen, eta ahopean.

Helegiteek jarraituz gero, planto egin edo zerbait gehiago egiteko ordua iritsi da?

Nafarroan, jarrerak batu behar ditugu autogobernuaren inguruan. Orain, amaitzear den legealdi honetan, azkenaldiko saioetako batean, trafiko eskumenaren aldeko mozio bat bozkatu genuen. Normalean, Nafarroako Parlamentuan aho batez bozkatu izan dira beti, baina oraingoan PP kontra agertu zen, ez dakit nolako argudioak erabilita. Ikusten ari gara zer garrantzi duen Parlamentuko batasunak gai hauek Madrilera eramateko orduan.

Sanchezekin bildu zinen urriaren 30ean, eta promes egin zizun trafiko eskumena itzuliko zela Nafarroara, 55 urteren ostean. Maiatzean gaude, eta oraindik ez du bete hitza. Zergatik?

Oraindik aukera dugu sinatzeko, baina ez dut itxaropen handirik. Zergatik ez den gertatu? Sanchezek esan beharko du. Jarraitzen dugu hizketan; orain ez bada, datorren legealdian izango da.

Eskumen gehiago eskatu dituzue: ikerketa eta garapena, espetxe zaintza, berrikuntza, bekak... Badago aukerarik?

Trafikoaz ari gara hizketan, baina beste pare bat eskumenekin ere ari gara lanean. Espainiako Gobernuak beti etxean gorde nahi ditu, eta tentsio hori naturala da.

2017ko abenduko ekarpenaren akordioa beste mugarri bat izan da. Batetik, horri esker, Nafarroak gehiegi pagatzeari utzi zion.

Ordaintzea ez zegokigun 600 milioi gehiago erreklamatzen zituen estatuak; ez da diru gutxi.

Bestetik, Nafarroako aurreko gobernuak ez zuen elkarrizketa bideratu, eta hiru urteko atzerapenarekin iritsi zen. Hortaz, itzulitako diru gehiena ezin izan da inbertitu.

Erantzukizuna UPNren kudeaketan dago, argi eta garbi.

Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak dirua ordaintzeari utzi zion. UPNk erantzun egin zuen, esanez lehenik ordaindu egin behar zela, eta gero negoziatu.

Leialtasun falta erabatekoa izan da. Betiko moduan, UPNren helburua zen gobernuari kolpe bat ematea, baina alde batera utzi zuten, interes orokorraren defentsa. Diru gehiegi ordaintzen ari ginenez, eta ekonomikoki egoera ez zenez erraza, aldebakarreko erabaki bat hartu genuen. Parlamentuko taldeei informazioa eman genien, eta UPNk eta PSNk egotzi ziguten ez ginela leialak Espainiako Gobernuarekin. Guk erantzun genien leialak ginela, baina gure lehen erantzukizuna interes orokorra defendatzea dela. Ez nuen espero UPNk halako hanka sartzerik egitea.

Ekonomia

Ekonomian ez da hondamendirik gertatu, eta iragarleak isildu dira. Zerbait erakusten du?

Jakina baietz. Errealitateak eta gobernuaren kudeaketak kontrako emaitza islatzen dute; benetako erokeriak esaten saiatu dira. Nafarroaren izen ona eta aukerak hondatu dituzte estatu mailan. Baina emaitzak kontrakoak dira; ez diogu guk, erakunde ekonomikoek baizik.

Diru sarrerak 770 milioi handitu dira 2015etik aurrera. Zer eragin izan du zerga erreformak?

Bi asmo zituen: batetik, Ogasunak arazoak zituen aurrekontuak finantzatzeko, eta beharrezkoa zen ahaleginak partekatzea eta hori progresiboa izatea. Ahalegin bat eskatu diogu gizarteari, eta, ondorioz, ongizate estatuaren egoera hobetu dugu. Bestetik, gizarte parekatu bat eraikitzeko oso garrantzitsua da zerga politika; azkenean, sozialdemokraziak galdu egin du mezu hori.

Kanpainan, eskuinak eta PSNk erreforma eraistea proposatu dute. Ez al da mezu populista?

Inkoherentziaz eta gezurrez jositako mezua da. Ez da posible diru gutxiago biltzea eta gastua gehitzea; beraz, zergen jaitsierak murrizketak dakartza. Herritarren poltsikoetatik ezin da benetako hazkundea sustatu.

Ezkerretik ere egiten da bestelako kritika: zerga presioa handitu eta Europako batez bestekora gerturatu daitekeela. Badago tarterik presio hori handitzeko, adibidez sozietate zergan?

2015ean egin genuen erreformak bidea markatu eta finkatu du. Diru sarrerak gehitu ditu. Oposizioak behin eta berriz aldarrikatu du Nafarroan elkarte zergarik handiena dugula. Nominalki hala da, baina inbertsioak egiten badira edo Ikerketa eta Garapena jorratzen, enpresek zerga kenkari handiak dituzte. Nafarroan inbertitzera behartzen ditu.

Aurreko legealdian, Barcinaren gobernuak bertan behera utzi zuen planifikazio ekonomikoa. Hutsune hori bete eta lurraldearen araberako espezializazio adimentsuaren estrategia garatu da. Zer emaitza lortu du?

Berriki ikusi ditugu lehen emaitzak, eta bide onean gaudela esaten digute. Iaz, ikerketa eta garapena %11 hazi da, aurreko urteetan jaitsi ondoren. Inbertsio pribatuaz ere ari naiz. Pobreziaren esparruan portzentajeak jaitsi egin dira nabarmen, eta beste zenbait sektorek eta faktorek adierazten dute abian jarritako planak ongi ateratzen ari direla.

Euroeskualdea zergatik da estrategikoa? Nafarroa euroeskualdetik atera liteke berriro?

Ikusiko dugu datozen gobernuek halako tentaziorik duten edo ez. Erabat estrategikoa da, hainbat arrazoirengatik. Ez du aurrekontu handia, baina politika publikoak ez dira soilik aurrekontuekin ateratzen. Euroeskualdea Europara begira dago, eta, proiektuak elkarrekin landuta, ia 40 milioi lortu dira. Era berean, estrategikoki garrantzia du harremanetan jartzeko enpresak, unibertsitateak, eskolak, kultura elkarteak...

Tirabirak eragin dituen gai bat AHTa da. Trenaren proiektua geldirik egon da legealdian, baina berriro abian da. Hiru bazkideak kontra daude, baina Geroa Bairen posizioa nagusitu da?

Nik uste ez dela geldirik egon, baizik eta buelta eman diogula UPNk, PSNk eta PPk bultzatutako tren ereduari: Castejondik Campanaseraino zihoan hari, inondik inora ez zihoanari. Lortu da bideratzea Aragoitik Castejoneraino proiektuaren erredakzioa; Euskal Y-arekin nolako lotura izango duen ikusteko, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak mahai baten bildu behar dugu, eta Iruñeko kiribilari erantzuna eman behar dion partzuergoak urratsak egin ditu.

Gai horretan aurrera egin ahala, tentsioak gora egingo du?

Ziurrenik bai, baina egia da akordio programatikoan tren azpiegitura baten aldeko akordioa hitzartu genuela. Marko horretan ibili da gobernua; halaber, bat egin dugu parlamentuko gehiengoarekin izpiritu bat defendatzerakoan, Espainiako Gobernuaren eta EBko instituzioen aurrean bat eginez, Atlantikoko ardatzean Nafarroa sar dadin.  

Euskara

Oposizioak euskara erabili du laukoar en aurka. Min handia egin du estrategia horrek?

Euskarari min egiten dio, eta, batez ere, Nafarroako gizarteari. Lortu duen gauza bakarra zera da: gizartearen zati garrantzitsu batek beldurra izatea euskarari.

Ezin izan da adostasunik lortu euskararen lege berri bat lantzeko ahaleginean edo zerrenda bakarraren auzian. Badirudi Ezkerrak marra gorriak jarri dituela. Utzi egin diozue?

Bat egin dute gehiengoarekin. Ezkerrak bat egin zuen PSNrekin eta UPNrekin zerrenda bakarraren aurka. Ez diegu utzi, beraiek joan dira alde horretara.

Euskararen Legea lantzeko batzorde berezi bat osatu da parlamentuan, eta adostasun batzuk landu dira. Lan horrek balio du?

Baietz uste dut. Agian beharrezkoa zen. Askok eskatu digute kalean zergatik ez dugun gehiago egin: gehiengorik ez zegoelako. Jendeak askotan ez du ulertzen desadostasun sakonak ditugula zenbait gauzatan, baina agian beharrezkoa zen batzorde hori gauzak baretzeko eta lasaitasun osoz aztertzeko. Espero dugu datorren legealdian aurrera eramatea.

Euskalgintzaren hatsa zentzu bikoitzean nabaritu al duzue, presio eginez eta babesa emanez?

Leialtasunez jokatutako presioa izan da. Administrazioaren euskalduntze plana amaitu dugu legealdiarekin batera. Lan handia izan da; orduak eta orduak eman dituzte departamendu bakoitzean euskarazko postuak aztertzeko eta plan hori bideratzeko. Bidea jorratzen jarraitu behar dugu. Euskalgintzaren presioa leiala izan da legealdi osoan.

Hauteskundeak

Duela bi aste izan ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hilabete bateko tartea izateak baldintzatuko du maiatzeko bozetako emaitza?

Ikusiko dugu. Pedro Sanchez abila izan zen aurreko bozak planteatzeko orduan: Andaluziakoa ikusita, estatuko gizarteari ia-ia plebiszitu bat planteatu zion: eskuin muturra ala ni neu. Jende askok horrela bozkatu du, Nafarroan barne. Kalean hala esan didate. Pentsa dezakegu gauza bera errepikatuko dela hilaren 26an? Nafarroan bestelako plebiszitu bat dago: jarraituko dugu bide honetatik geroa eraikitzen, ala UPNren garaietara bueltatuko gara.

Baliteke laukoak errepikatzea?

Gizarteak esango du, baina balio bat eman nahi diogu gure arteko kohesio eta leialtasun horri.

Agertoki gehiago daude airean. Zer deritzozu egoerari?

Laukoaren indarra ez da bakarrik gehiengo osoa lortzea; laukoaren indarra elkarren arteko leialtasuna eta egindako lana da.

Aliantzei begira, zer arau planteatuko dituzue?

Orain amaitzear den lanari eustea eta betorik ez jartzea.

Betoarena PSNrengatik da?

Bai.

Gehiengorik izan ezean, laukoak batera joka dezake negoziazioei begira?

Hori izango da gure aukera. Ez dugu aukerarik izan hitz egiteko, baina adierazpen publikoetan argi eta garbi esan dugu. EH Bilduk egin du, Ezkerrak ere bai, eta pentsatzen dut Ahal Dugu-k ere egin duela.

Aipatu izan duzu PSNk erabakigarria izateari utzi zionean izan zela posible aldaketa.

Horrexegatik diot laukoak bere akordioan duela aukera ederra, aldaketarako beste giltza.

Txibitek zin egin du ez duela Esparza lehendakari egingo. Fidagarria da? Navarra Sumak botoak eskain diezazkioke?

Bi aukerak dira posible. PSNren esku badago giltza, denok jakin badakigu Espainiako Gobernuaren osaeran izango direla Nafarroako Gobernurako baldintzak. Espainiakora begiratu beharko dugu jakiteko non izango den PSN eta non UPN.

Navarra Sumak ez ditu botoak gehitu, baina UPNk PPren gainbehera jasatea saihestu du.

Taktikoki marraztu du koalizioa, eta ahuldadea adierazten du. Helburu bakarra izan da nagusitasuna ez galtzea, baina hortik aurrera, zer? Zer harreman izango ditu Ciudadanosekin eta PPrekin? Nolako taldea osatuko dute?

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna