Koronabirusa

Berritasunei neurria hartzen

Izurriaren hazkundea dela-eta Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurri murriztaileak indarrean sartu diren egunean zalantzak plazaratu dituzte herritarrek. Kexu dira hartutako neurrien «desorekarengatik»

1 RAUL BOGAJO / @FOKU.
Edurne Begiristain - Lander Muñagorri - Igor Susaeta
Gasteiz Donostia Urretxu-Zumarraga-Ormaiztegi
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Atzo 06:00etan sartu zen indarrean COVID-19 kasuetan gertatutako gorakadagatik Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileak biltzen dituen dekretua. EAEko aldizkari ofizialean argitaratua izan eta ordu gutxi batzuetara, herritarrek zalantzak zituzten neurri batzuekin. Batzuk kexu ziren, neurrien artean «desorekak» daudela uste baitute.

AUTOBUS GELTOKIA

Ohiko itxura du Gasteizko autobus geltokiak 09:30ean: kanpoko aparkalekuan bizikleta mordoa lotuta, taxiak kalean aparkatuta bezeroen zain, eta geltokitik sartu eta irten lagun gutxi batzuk. Gasteiztik kanpo ikastera edota lanera egunero doazenez gain, maletak daramatzatenak ere ikus daitezke han-hemenka. Sarreratik gertu, espaloiaren gainean, Ertzaintzaren furgoneta bat dago. Poliziaren presentziak bakarrik hausten du normaltasun giroa.

Geltokiaren informazio leihatilan lanean dago Iñigo Remirez, eta azaldu du ez dela ohikoa Polizia kanpoan egotea: «Gasteiztik ateratzeko debekuarengatik izango da, kontrol neurri gisa?». Remirezek dio goizean goizetik sumatu dela jendearen joan-etorria geltokian: «Hemen ez dugu aldaketarik sumatu. Lanera edo ikastera doaz gehienak». Bidaiaren mugimenduetan ez, baina telefono deietan, bai, antzeman dute aldaketarik: «Askok deitu dute jakiteko egiaztagiririk eraman behar ote duten, edo bidaien ordutegiak moldatu ote diren».

Bilbora doan autobuserako txartelak saltzen ari da Susana Saenz de Audikana, eta, azaldu duenez, haiek ez dute ziurtagiriak eskatzeko ahalmenik. «Poliziak eskatu beharko du, ez guk». Bilbora, Iruñera, Durangora (Bizkaia) eta Aiaraldera (Araba) doazen autobusak bete egin dira goizean: «Betiko moduan». Hori bai, dei ugari jaso dituztela dio hark ere: «Zalantza asko dauzka jendeak». Bilbora joateko txartela erosi berri dio Iñigo Ugartek. Ingeniaritza eskolan ikasten du, eta, egunero legez, autobusa hartuko du. Badaezpada, unibertsitateko matrikula agiria darama soinean, baita ikasle txartela ere. «Esan digute honekin ez dugula arazorik izango».

«Egun normala» da Ruben Lopez autobus gidariarentzat ere; Gasteiz eta Durango arteko bidea egiten du egunero. Aitortu du «betiko jende kopurua baino zertxobait gehiago» eraman duela goizean: «Ziurrenik, errepide kontrolen beldur, autoa etxean uztea erabaki dutenak». Errepidean ez du ikusi Poliziaren kontrolik: «Pentsatzekoa da asteburuan zorroztuko dituztela neurriak».

UNIBERTSITATEA

Donostiako Ibaetako campusean elkarrizketa askoren jomuga izan da Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua. Kafetegi ondotik igarotzean, hala galdetu dio batek besteari: «Bai, eta nire bizitokitik mugitu ahal izango naiz kasu horretan?». «Ez dakit, informa zaitez behar den bezala», erantzun dio besteak. Aurrerago jarraituta, beste biren arteko solasaldian koronabirusaren albo kalteak aipagai: «Ekonomia popatik hartzera joango da oraingoan!». Saihetsezina izan da mugikortasunari galga jarri dioten neurrien inguruan hitz egitea.

Unibertsitateko ikasleek ulertu dute hartu beharreko erabakiak direla onartutakoak, eta egoerak halako zerbait eskatzen zuela: «Hartu diren neurriak, ordea, ez dira nahikoak edo logikoak; ni ez naiz autobusean etortzen, baina 07:00etan birusa autobusean ere badago, ez soilik 23:00etan kalean». Uxue Larzabal pasaitarrak ez du ondo ulertu garraio publikoa zergatik ez duten gehiago indartu. Izan ere, ikasgeletan segurtasun tarteak zaindu behar dituzte une oro, baina garraio publikoan ez da halakorik ikusten, Kristina Pislariuk azaldu duenez. Egunero egiten du Villabona eta Donostia arteko bidea, eta askotan jendeak zutik joan behar izaten du esertzeko lekurik ez dagoelako. «Ez gara herritik aterako, ezta herrian bertan aterako ere gauean, baina goizero, autobusak eta trenak beteta; hobe lukete garraioa indartzen inbertitzea, jendea era horretan lasaiago joan ahal izateko lanera edo ikastera». Kezka agerikoa du, egunero erabiltzen duen garraioa delako.

Ikasle askok ez dituzte ulertzen hartutako neurrien arteko desoreka horiek: nola litekeen alor baterako hain zorrotzak diren neurriak beste eremu batzuetan ez aplikatzea. Dena den, egoera iraultzeko gakoa herritarren esku dagoela uste du Denis Kerletak: «Gobernutik neurri zorrotzak ezarriz datoz, baina gu ere ari gara gure arauak ezartzen; ni lagun batzuekin bakarrik elkartzen naiz dagoeneko, harreman sozialak mugatu ditut. Jakin egin behar dugu denon artean bideratuko dugula egoera hau».

HERRIAK

Zumarragako (Gipuzkoa) igerilekuko aldageletako batean bi lagun daude, eta batek galdetu du. «Zer? Orduan joan gaitezke Urretxura?». Barre egin du besteak. «Auskalo!». Baina galdetu duenak erantzun bat nahi du: «Zer? Bai ala ez?». Txantxetan ari direla dirudi, baina zalantzak izan badituzte. Eusko Jaurlaritzak ez du kaleratu galdera horri edo antzekoren bati erantzuten dion argibiderik. Dekretuaren arabera, «mugakide diren herrien arteko mugikortasuna» onartuta dago, baldin eta helburua bada «banakako gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea». Herrigune bakarra osatzen dute Urretxuk eta Zumarragak, eta, hortaz, mugakideak dira; baina banaka soilik ez, hirunaka ere zeharkatu dute herritarrek bi herrien arteko muga.

Urretxun dago Buhame taberna. Herrian metatutako COVID-19 kasuen intzidentzia tasa handia dela eta, joan den ostiraletik herenegun arte 21:00etan itxi behar izan zituen ateak, Jaurlaritzak aginduta. Orain 23:00ak arte zabaldu ahal izango dute. «Hala dirudi, bai... », esan du Ana Gindulain zerbitzariak. Eta beste zalantza bat ere badauka: etxeratze agindua 23:00etarako ezarri dutenez, ez daki taberna itxi eta gero baimenen bat, «agiriren bat» beharko duen etxerako bidea «lasai» egiteko. «Udaltzain batek lankide bati esan dionez, lasai ibil gaitezke, baina auskalo...».

Ormaiztegi ez da Urretxuren eta Zumarragaren mugakidea, baina haietatik zortzi bat kilometrora dago, A-636 autobidetik joanda. Doakoa da oraindik. Poliziaren kontrolik ez dago tarte horretako errepidearen sarrera-irteeretan. Eta Ormaiztegin dudak dauzka Mari Jose Sukiak. «Ez dago ez arropa dendarik, ez zapata dendarik, esate baterako. Beste herri batera joan gaitezke horiek erostera?». Edo fisioterapeutarengana. «Semeak ordua zuen Zumarragan lehen orduan, eta, inolako ziurtagiririk ez zuenez, joan ez joan egon da». Joan da.

Karmele Dorronsoro, berriz, azkenean ez da Donostiara joan. Zalantzati ibili da; manifestazio batera joatekoa zen. «Baina neure buruari galdezka hasi naiz: eta trenean gelditzen banaute?». Administrazioak hartzen ari diren neurriekin suminduta dago, oro har. Josu Lasak «pena» sentitzen du 19 urteko bere seme-alabengatik. Bere gaineko balkoi batean, Ormaiztegiko beste balkoi askotan bezala, erdian marrazki bat duen oihal bat dago zintzilik: ortzadar batean Ormaiztegi dago idatzita, eta behean, mezu hau du: Dena ondo aterako da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.