Koronabirusa

Aldi berrirako lehen urratsak

Atzotik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren aurkako neurri gehienak desagertu dira. Izurri aurreko bizimodua ez da erritmo berean iritsiko esparru guztietara

Herritarrak Donostiako osasun zentro batera sartzen, atzo. M.ANDRES/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ohitura zaharrak berreskuratzeko eta pandemiak ebatsitako bizimodura itzultzeko lehen pausoak ematen hasi ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak. Osasun larrialdia bertan behera utzita, COVID-19ari aurreko egiteko indarrean ziren neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu ziren hiru lurraldeetan. Gaueko giroan, tabernetan eta jatetxeetan sumatu zen murrizketen arintzea, batez ere. Baina horietan ez ezik, beste askotan ere nabaritu zen muga zorrotzen desagertzea: besteak beste, kultur eta kirol ekitaldietan eta merkataritzan.

Fase berria, baina, ez da esparru guztietara modu eta erritmo berean iritsi, eta normaltasunerako mapa osatu gabea da oraindik, urrats berrien esperoan. Egoera batean zein bestean daudenen lekukotzak jaso ditu BERRIAk.

SANDRA TEMPRANO
Zahar etxeetako langilea
«Ez dakigu nolakoa izango den normaltasun berria egoitzetan»

Neurrien malgutzea zahar etxeetara noiz iritsiko zain dago Sandra Temprano. Erizain laguntzailea da Arizko (Araba) zahar etxean, eta, kontatu duenez, Arabako Diputazioak ez die oraindik jakinarazi egoitzetako protokolo berria zein izango den: «Ez dakigu nolakoa izango den normaltasun berria egoitzetan». Tempranoren nahia da aldaketekin aurki egoiliarren eta senideen bizimodua samurtzea, baina baita langileek bete beharreko osasun baldintzak malgutzea ere. «Egoiliarrek burbuiletan jarraitzen dute, eta senideen bisitak soilik horretarako propio atondutako geletan egin daitezke. Uste dut bisitak egoiliarren gelan bertan egiteko modua eman beharko litzatekeela». Egoitzan beharrean diren langileek bete behar dituzten osasun neurriak zorrotzak dira oso, eta aurreantzean horiek ere arintzea egoki ikusiko luke Tempranok. FFP2 motako maskarak jantzita eraman behar dituzte, eta egoiliarrekin zuzeneko kontaktua dutenean, baita babeserako betaurrekoak ere. «Neurri zorrotzegiak dira». Nolanahi ere, atzotik hiru lurraldeetan ireki den aro berriarekin «itxaropentsu» dagoela azaldu du: «Argia ikusten da tunelaren amaieran».

JUAN URIARTE
Kontzertu areto baten jabea
«Ez gara erotuko aretoa lehenbailehen irekitzearekin»

Koronabirusaren pandemiak gogor jo du gaueko aisialdia, eta ziurgabetasun handia eragin du sektorean. Kontzertu areto asko estualdian dira oraindik, baina murrizketak bertan behera utzi izanak «arnasa» emango die, azkenik. Hemezortzi hilabetez itxita egon eta gero, ateak berriro irekitzeko aukera gertuago ikusten du Juan Uriartek, Gasteizko Hell Dorado kontzertu aretoko kudeatzaileak. «Pozik gaude, baina zuhurrak gara».

Aurki, programazioari berrekiteko asmoa dute, baina itzulera «lasaitasunez» egingo dutela azaldu du Uriartek, eta asteburu honetan ez dituzte oraindik ateak irekiko. Izan ere, nagusiki nazioarteko musika taldeak izaten dira Hell Dorado aretoko taulara igotzen direnak, baina, pandemiaren ondorioz, nekeza da atzerriko taldeak Euskal Herrira ekartzea. «Ez gara erotuko aretoa lehenbailehen irekitzearekin, gure asmoa ez baita dirua azkar lortzea. Saiatuko gara kalitatezko egitarau bat prestatzen eta gauzak ongi egiten». Gainera, gogoratu du pandemia aurretik lanean ziren hemeretzi langileetatik egun bederatzi baino ez daudela, eta denak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean. «Hori konpontzea da orain lehentasuna».

MIKEL BAZA
Lehen arretako medikua
«Osasun sistemak ere igaro behar dubeste fase batera»

Neurri murriztaileak kendu aurretik ere, osasun sisteman aurrez aurreko arreta berreskuratzeko pausoak emanak ziren, baina oraindik ez da lortu pandemiaren aurreko egoerara itzultzea. Mikel Baza Zeberioko (Bizkaia) familia medikuak eta Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko kideak uste du Osakidetza ez dela mezu egokia bidaltzen ari gizarteari: «Osakidetzaren webgunean ez da oraindik aukerarik ematen horretarako, eta lehentasuna izaten jarraitzen du telefono bidezko arretak. Osasun zentroek itxita jarraitzen duten sentsazioa oso zabalduta dago gizartean, baina guk aurrez aurreko arta eman ematen dugu». Neurri murriztaileak desagertuta, presentzialtasun osoa bermatzeko pausoak eman beharko liratekeela iritzi dio Bazak, eta ezinbestekotzat jo du, besteak beste, Osakidetzaren webgunean horretarako parada lehenbailehen ematea.

Pandemiaren bilakaera onak ahalbidetu du indarrean ziren muga gehienak indargabetzea, eta horixe bera da albiste pozgarriena, Bazaren ustez: «Txertaketari esker iritsi gara egoera honetara. Datuak itxaropentsuak dira». Iritzi dio «fase berri batera» pasatzeko arrazoiak badirela, eta orain osasun sistemari ere dagokiola urratsa egitea: «Osasun sistemak berak ere igaro behar du aro berri batera». Izan ere, koronabirusak lan egiteko modua aldarazi egin du osasun zentroetan, gaitzak gaixotutakoak artatzeko unitate eta ordutegi bereziak atonduta. Bazak dio egoera hori lehengora itzultzea dela orain erronka.

OLATZ ALDABE
Eskola zuzendaria
«Gizartean dagoen ilusioa eskoletan ere islatu behar da»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak moldatu egingo du ikastetxeetako protokoloa egoera berrira, eta horren zain daude irakasle, ikasle eta gurasoak. «Beharrezkoa da eguneratzea», adierazi du Olatz Aldabe Lezoko (Gipuzkoa) herri eskolako zuzendariak. «Iazko urtetik hona gizartea asko aldatu da, baina eskoletako protokoloa oso gutxi», kexu da. Aldabek espero du Hezkuntza Sailaren protokolo berriak era emateaikastetxeetako neurriak arintzeko: «Gizartean dagoen ilusioa eskoletan islatu behar da». Dioenez, protokolo berriak jasoko dituen neurrien inguruan «susmoak» baino ez dituzte irakasle gehienek.«Talde burbuilak apurtzea oso lagungarria litzateke, besteak beste haurren arteko harremanetarako». Ikasleek maskara jolastokian kentzeko aukera ere premiazkoa dela uste du.

GARBIÑE MENDIZABAL
Gizarte etxeetako koordinatzailea
«Tramiteetarako aldez aurreko ordua ematen segituko dugu»

Pandemia aurreko ohiko jardueretara itzuli ziren atzo gizarte etxeetan. Besteak beste, hilabetez etenda egon diren ikastaroak berreskuratu dituzte, eta edukierak lehengora bueltatu dira. «Bueltatu gara normaltasunera», azaldu du Garbiñe Mendizabal Gasteizko Zabalganeko gizarte etxeko koordinatzaileak. Aldaketak atzo bertan sumatu zituzten: «Izena ematea beharrezkoa den jarduera eta ikastaro guztiak bete egin dira. Jendea normaltasunera itzultzeko irrikan dago». Gizarte etxeetako langileak ere pozik daude garai berriarekin, azken hilabeteak «gogorrak» eta «tristeak» izan direlako. Mendizabalek azaldu du unean uneko egoerara moldatubehar izan dutela, eskaintza asko murriztuta. Hala ere, alde on bat ikusi dio izurriari: «Tramiteak egiteko orduan aldez aurreko ordua erabiltzen segituko dugu, ilarak egitea saihesten delako eta langileek arta hobea eskaintzen dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.