Koronabirusa

Txibitek iragarri du hilabete «zailak eta gogorrak» datozela

Politika orokorreko eztabaidan, izurria «erronka historikotzat» jo, eta esan du orain arte 60 milioi erabili dituztela osasun arloa indartzeko. Geroa Baik eta EH Bilduk kezka azaldu dute autogobernuarekin

Maria Txibite eta Maiorga Ramirez, atzo. JAGOBA. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Atzo, Nafarroaren egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida pandemiaren bilakaerak «zipriztindu» zuen erabat. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak «erronka historikotzat» jo zuen COVID-19aren izurria, osasun krisiak ondorio ekonomiko eta sozial larriak utzi dituelako eta 695 nafar hil direlako gaurdaino. Aurrera begira ere, kezkatuta azaldu zen. «Uda lasaiagoa izatea espero genuen, baina aisialdiak eta ospakizunek ez dute modua eman. Udazkena eta negua zailak eta gogorrak izango dira. Birusa aurrera doa, eta horri osasuneko profesionalen eta herritarren nekea gaineratu behar zaio», ohartarazi zuen.

Zailtasunez jakitun, pozik azaldu zen gaurdaino gobernuak aurkeztutako bederatzi dekretuetatik zortzi aho batez onartu dituelako parlamentuak, eta konfrontazio politiko handirik ez dagoelako Nafarroan: «Birusak ez du ideologiarik:, gobernu ororen aurkari da, duten kolore politikoa dutela. Uler dezagun krisiaren esanahia. Haur eta gazteen etorkizuna dago jokoan, baita belaunaldi honi kudeatzea egokitutako orainaldi hau ere». Mezu hori erabiliagatik, Navarra Sumako Javier Esparzak «kudeaketa negargarria» egitea leporatu zion Txibiteri. EH Bilduko Bakartxo Ruizek osasun arloan gestioa hobetzeko aukera duela azaldu zuen. Geroa Baiko Uxue Barkosek, berriz, Madrilgo inertziari ez jarraitzeko ohartarazi zion.

Egun osoa iraun zuen osoko bilkurak. Talde bakoitzean mugatua izan zen parlamentari kopurua, eta gonbidatuen harmailetan Koldo Martinez Geroa Baiko senatari autonomikoa eta Bel Pozueta EH Bilduko diputatua izan ziren. Goizean, aurretik prestatutako diskurtsoak izan ziren nagusi, eta freskotasun gutxiko dialektika nagusitu zen; arratsaldean, berriz, eztabaida biziagoa izan zuten parlamentariek. Kanpoan, goiz zein arratsalde, esku hartze sozialeko langileek protesta egin zuten, lan itun duin baten alde.

PANDEMIAREN KUDEAKETA

Zazpi hilabete iragan dira pandemiaren hasieratik, eta «shock bat» izan dela aitortu zuen Txibitek. Haren esanetan, lehen olatua gogorra izanagatik, osasun sistemak «eutsi egin zion». Gaur-gaurkoz 60 milioi erabili dituzte osasun arloko profesionalak kontratatzeko eta baliabideak sendotzeko, besteak beste. Txibitek nabarmendu zuen egun 4.000 proba egiten direla, eta astelehenetik aurrera antigeno testak osasun etxe guztietan izango direla. Halaber, azaldu zuen ez dutela nahi COVID-19ak ospitaleko ohiko jarduera baldintzatzea, baina honezkero bertan behera utzi behar izan dituztela funtsezkoak ez diren ebakuntza batzuk.

Esparzak hitz gogorrak erabili zituen. Haren hitzetan, Nafarroa «Europako eta Espainiako eskualde okerrenetarikoa» da, eta beti birusaren atzetik ibili da, erabakiak «motel» hartuz. «Neurri murriztaileenak ditugu gure intzidentziak Europako herrialdeetakoa gainditzen duelako, eta ez aurre hartu diozuelako egoerari».

EH Bilduko Bakartxo Ruizek agerian utzi nahi izan zuen egoeraren larritasuna: «Egoera epidemiologikoa oso zaila da. Zenbaki hotzak dira, baina hotzikara eragiten digute kutsatze tasak eta ospitaleratzeak begiratzean». Azterketa epidemiologikoek diote Nafarroa gai dela hamar kutsatzetik sei aurretik atzemandako kontaktu batekin lotzeko, baina Ruizek azpimarratu zuen oraindik ere aztarnari kopurua nabarmen handitu beharko litzatekeela. Adibidez, Alemaniako batezbestekora iristeko, aztarnari kopurua «bost bider» handitu beharko litzateke. Ruizen aburuz, maiatz aldean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak oporretara joateko dei egin izanak edo ez-jaiak kontzeptua erabiltzeak «mesede gutxi» egin dute.

Komunikazio arloan, Txibitek azpimarratu zuen «esfortzu handia» egin dela eta prentsa ohar eta prentsaurreko kopurua nabarmen handitu dela hilabeteotan. Aitzitik, Geroa Baiko Uxue Barkosek komunikazioan hobetu beharko litzatekeela uste du, herritarrek «nahasmen handia» baitute neurriekin. Eskatu zuen esfortzua areagotzeko, modu koordinatuan: «Ez badugu ongi komunikatzen, ezin dugu pentsatu gizarteak eskatutako prebentzio neurriak zorrotz beteko dituela».

Txibitek aitortu zion alor horretan hobetu behar dutela, eta gaineratu zuen herritarrek hobeto ulertzen dituztela neurriak «batasun politikoa» badago. Erabakiak hartzeko zailtasuna azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen Navarra Sumak kritikatutako ostalaritzaren itxiera osasun arloko langileen eskariz egin dutela: «Pasa zaitezte ospitaletik, eta ikusi nola dauden profesionalak». Txibiteren arabera, erraza da murrizketak kritikatzea, baina ondoren alternatibak proposatu beharko lirateke.

Ahal Dugu-ko Mikel Buil, berriz, harrituta agertu zen eskuinak alarma egoera soilik zortzi astera mugatu nahi duelako. Haren irudiko, epe motzeko ikuspegia «akats bat» da, Eguberrietako kanpaina salbatzeko asmoz egiten delako, nahiz eta pandemiak ikasarazi itxaropenen kudeaketa dela zailtasun handienetakoa: «Ezarri ditugun murrizketa handien ondoren Eguberrietan herritarrak amilka ateratzen bagara gure senideekin toki itxietan egotera, ez dugu ezer ikasi».

ONDORIOEN KUDEAKETA

Gaur bertan emango ditu Nafarroako Gobernuak hirugarren hiruhilekoko barne produktu gordinaren datuak, baina, Txibiteren esanetan, aurten ekonomia %9 eta %10,2 artean atzeratzea espero dute, eta 2021ean %6,5 eta %7,2 artean haztea. Halaber, gaurdaino zerga bidez 2.517 milioi euro bildu dituzte, iaz epe berean baino %9,7 gutxiago. Datorren urteko aurrekontuaren aurreproiektua onartuko dute datorren astean. Edukiari buruz ez zuen gauza handirik aurreratu, baina azaldu zuen Osasun Departamenduan lehen arreta sendotzeko asmoa duela gobernuak.

Halaber, Txibitek azaldu zuen Europako Batasuneko Next Generation programari begira 120 proiektu identifikatu dituztela, eta egitasmook hamar urtean 3.400 milioi euroko finantzaketa beharko dutela: digitalizazioan,716 milioi; trantsizio ekologikoan, 180 milioi; gizarte zein lurralde kohesioan, 790 milioi; zaintza arloan, 72 milioi; eta osasun sistemaren hobekuntzan, 217 milioi, besteak beste.

Aitzitik, Javier Esparzak aurreko gobernuaren ildotik joatea eta «politika nazionalistak» egitea aurpegiratu zion Txibiteri: «Nafarroa atera da galtzaile». Haren irudiko, «EH Bilduren besoetan erori da» PSN. Horregatik, EH Bildurekin negoziatzeari uztearen truke, aurrekontuetan abstenitzea eta hainbat arlotan akordioak egitea eskaini zion Txibiteri —osasuna, zergak, enplegua, EBko laguntzak, elkarbizitza eta administrazioan «aukera berdintasuna»—. Esparzak irudikatu zuen haserre zela Txibitek ez ziolako eskaera horri erantzun: «Aurrekontuetan abstentzioa eta legealdirako egonkortasuna eskaini dizkizut, eta ez duzu erantzun, ez duzu ezer esan. Dena esana dago». Maria Txibitek erantzun zion Navarra Sumak ez duela ez proiektu ez alternatibarik: «Gobernu honen alternatiba izateko aukera galdu duzu. Zure diskurtso bakarra ETA eta Bildu dira».

Bien arteko ika-mikaz harago, EH Bilduk eta Geroa Baik kezka azaldu zuten autogobernuaren egoerarekin. Txibiteren esanetan, Nafarroako eta Espainiako gobernuek «elkarrizketa iraunkorra» dute, eta horren ondorio da defizit eta zor helburuen inguruko akordioa. Halaber, Txibitek aipatu zuen trafiko eskumena Nafarroara itzultzeko kronograma zehaztuta dagoela eta «laster» akordioak eginda behar lukeela. Haren esanetan, 179 foruzain gehiago beharko dira, eta, trafiko eskumenaz harago, Foruzaingoan 1.200 polizia izatea espero dute egun, mila inguru daude.

Nahiz eta gobernuko bazkide izan, Geroa Baik aipatu zion trafiko eskumenak jada eskualdatuta behar lukeela aspalditik. Barkosek Txibiteri eskatu zion autogobernua sendo defenditzeko eta Espainiako Gobernuaren atzetik «ez joateko». Adibidez, Barkosen aburuz, osasun arloko «gobernuen arteko koordinazioa ez da nahasi behar planteamendu berbera egitearen inertziarekin». Astelehenean bilera izan zuten Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako presidenteek Europako laguntzen banaketaren inguruan, eta Barkos arduratuta azaldu zen dirua banatzerakoan erabil daitezkeen irizpideekin, Nafarroa galtzen atera daitekeelako. Halaber, funtsezkotzat jo zuen klima aldaketaren lege aurreproiektua «lehenbailehen» aurkeztea. PSNko eledun Ramon Alzorrizek ez zuen gustuko izan aipamen hori: «Ez zuen merezi hori esatea».

EH Bilduko Bakartxo Ruizen hitzetan, berriz, alarma egoera eskatu behar izateak agerian utzi du burujabetzaren beharra, baitaegungo esparru politikoaren mugak ere: «Zaila da kudeaketa eraginkorra egitea epaitegien eta Madrilen mende bagaude. Badirudi zenbaitek agerian utzi nahi zutela alarma egoera gabe ezin direla erabakiak hartu». Halaber, ondorioei aurre egiterako orduan gakoa finantzaketa izango dela esan zuen Ruizek. Haren ustez, zergak jaisteak edo bere horretan uzteak luzarora murrizketak ekarriko ditu, Yolanda Barcinaren legealdian gertatu bezala: «Ez dute balio aurreko errezetek. Esaten da denok batera arraun egin behar dugula, baina zer norabidetan? Navarra Sumaren ildoan bada, gu ez gara hor egongo». Ezkerrak eta Ahal Dugu-k ere proposatu zuten zerga arloan neurriak hartzea. «Zerga erreforma behar da, aberatsak modu egoki batean zergapetu daitezen», esan zuen Ezkerrako Marisa de Simonek. Aitzitik, Txibitek taldeoi erantzun zien ez dela «aldaketa handiak egiteko» garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.