Foru Berriari jarritako helegitea kentzea galdegin diote Madrili

maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Madrilek jarritako trabei aho batez erantzun die Nafarroako Parlamentuak. Adierazpen instituzional baten bidez, hain justu, alderdi guzietako parlamentariek eskatu diote Espainiako Gobernuari bertan behera utz dezala hilaren 14an Ministroen Kontseiluan hartutako erabakia, zeinaren bidez erabaki baitu Nafarroako Foru Berriari helegitea jartzea.

Nafarroako Foru Berriko 594 legeetatik zortziri jarri die helegitea Madrilek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, lege horiek estatuaren eskumen esklusiboa hausten dutelakoan. Nafarroako alderdi guzietako parlamentariek atzo adostu zuten helegiteari aurre egiteko adierazpen instituzionala. Javier Esparza Navarra Sumako eledunak jakinarazi duenez, gainera, Nafarroako Kontseiluari ere txosten bat eskatu diote zortzi lege horiei buruzko iritzi juridikoa eman dezan: «Nafarroako foru erregimena babesten lagunduko digu txosten horrek».

Esparzak sozialisten gobernuaren aurka egiteko baliatu du parada: «Progresismoa ote da erregimen foralaren eta gure legeen aurka egitea?». Bide beretik jo du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak ere: «Gai hau oso larria da jakinda bere burua progresistatzat duen gobernu berri batez ari garela». Ramon Alzorriz PSNko kideak, berriz, azpimarratu du elkarrizketaren bidea ez dela oraindik eten Espainiako Gobernuarekin: «Helegitea aurkeztu du gobernuak, baina ez du bertan behera utzi legea». Ahal Dugu-ko Mikel Builek ere nabarmendu du legeak indarrean jarraitzen duela helegitea jaso duten zortzi atalak «negoziatzen» dituzten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.