Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako aldaketaren balantzea. Iruñeko alkatea

Joseba Asiron: «Aldaketa azkar ala sakon baten artean, nik bigarrena, beti»

Legealdi bizia izan da hau Joseba Asironentzat. Udalaren jarduna eta izaera «goitik behera aldatu» dituztela dio, baina eztabaida gogorrak izan ditu laukoaren barruan. Oztopoak oztopo, gehiengoari eutsi nahi dio maiatzaren 26tik aurrera. Bideoa albiste barruan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio Iruñeko alkate Joseba Asironek (Iruñea, 1962), eta bere agintaldiaren gakoetako batzuk aletu ditu BERRIArentzat.

Aldaketa

Zer eragin eduki du aldaketak Iruñean?

Gauza askotan nabaritu da aldaketa; adibidez, kudeaketa ekonomikoan. Aurreko legealdietan pilatutako zorra murriztu dugu; aurreranzko urratsak egin ditugu etxebizitza politikan; euskarari eta parte hartzeari buruzko ordenantzak onartu ditugu... Ororen gainetik, ordea, badira hiru esparru zeinetan Iruñea kokatu baitugu estatuaren abangoardian: memoria historikoa, berdintasuna eta trantsizio energetikoa.

Alorren batean motz gelditu al da aldaketa?

Ia esparru guztietan antzeman daitezke egin gabe gelditu diren gauzak. Berdintasunean, esate baterako, ildo egokia hartu dugu; berriki onartu dugu Emakumeen Etxearen proiektua, eta elkarlana sustatu dugu kolektiboekin, baina asko falta da hobetzeko. Eta gainontzeko esparruetan ere berdin: oro har, legealdi honetan zimendu onak jarri ditugu, eta horien gainean eraiki beharko dugu aldaketaren Iruñea.

Lau urteotan eztabaida ugari izan dituzue koaliziokideekin. Zaila izan al da orekari eustea?

Nik bi garai desberdinduko nituzke: lehen bi urteak oso positiboak izan ziren; urrats garrantzitsuak egin genituen, eta lau indarren arteko zeharkakotasuna bermatu genuen; legealdiaren erdialdean, ordea, gobernu krisi bat izan genuen, Edurne Eginok [Ezkerra] eta Armando Cuencak [Aranzadi] eman zuten prentsaurreko famatu haren ondorioz. Krisi hura ez genuen behar bezala itxi, eta azkenean udal gobernuan zituzten ardura karguetatik kendu nituen Aranzadi eta Ezkerrako zinegotziak. Hala ere, gobernuaren barruan segitzeko gonbita egin nien, eta uko egin zioten. Horren ostean ireki zen beste fase bat: Ezkerrarekin nahiko erraza izan da hainbat hitzarmen eta akordio adostea; Aranzadik, ordea, ez du asmatu egoera berrira egokitzen.

Aranzadik dio lehentasunezko harremana izan duzuela Geroa Bairekin. Egia al da?

Inondik inora ere ez. Baliteke gai batzuetan sintonia handia izatea Geroa Bairekin; euskaran, esate baterako. Baina politika sozialetan, ordea, gertuago gaude Aranzaditik eta Ezkerratik. Arazoa beste bat da: Aranzadiko zinegotziek berehala onartu zituzten gobernu barruko karguak, baina handik gutxira hasi ziren trabak jartzen eta desadostasunak lau haizetara zabaltzen, aldaketa ez zelako haiek nahi zuten bezain azkar gauzatzen ari. Baina aldaketaren benetako erronka ez da abiada, atzeraezintasuna baizik. Gauza batzuk egin genitzakeen azkarrago, era ikusgarrian, baina horrek ez du ezertarako balioko handik gutxira UPN agintera itzuli eta dena desegiten badu. Gauzak ongi pentsatu behar dira, urratsak tentuz egin eta kontsentsu zabalenak bilatu, aldaketak lehengoratzea zailagoa izan dadin. Aldaketa azkar baten eta aldaketa sakon baten artean, nik nahiago dut bigarrena, beti.

Egoera horretan, zaila al da gobernu ituna berritzea?

Ez luke izan behar. Lau indarrok esana dugu ezinbestekoa dela aldaketaren gobernuari eustea, eta hori positiboa da. Badakigu aldaketa denon artean bultzatu beharko dugula. EH Bilduk argi du: udal gobernuaren bizkarrezurra izateaz gainera, aldaketaren aldeko apustuari eutsi dio legealdiko lehen egunetik, azkeneraino.

[youtube]https://youtu.be/aA6DucGugDc[/youtube]

Oposizioa

Zer-nolako oposizioa egin dute UPNk eta PSNk?

Noraezean ikusi dut UPN. Bistan da ez zutela ohiturarik oposizioan egoteko, eta gehienetan kontu periferikoetan galduta ibili dira: zinegotzien jantziak, alkatea mezara doan ala ez, prozesioak, udaletxe barruko apaingarriak... Hamaika adierazpen aurkeztu dituzte gai horien inguruan, eta denbora luzea galarazi digute. Hala ere, badago salbuespen bat: euskara. Hori izan da UPNk mahai gainean jarri duen auzi mamitsu bakarra... Eta, tamalez, arma gisa erabiltzeko izan da. Kirioak dantzan jartzen zaizkie euskara hitza aditzearekin soilik, eta tema horretan bidelagun izan dute PSN.

Inkestek PSNren igoera iragartzen dute. Arrisku bat da hori aldaketarentzat?

PSNren igoera bainoago, PSN bera da arriskua aldaketarentzat. Erregimen hutsa dira. Enrique Maiak esan zuen: udalbatzan eztabaidatu ditugun auzien %95etan, UPNk eta PSNk elkar hartuta eman dute botoa. Ikaragarria da hori. Finean, PSNk beti egiten ditu ezkerreko kanpainak, baina, agintera iritsita, eskuinarekin gobernatzen du, eta eskuineko politikak egiten ditu. Eta ziur izan: euren esku balego, alkatetza Enrique Maiari emanen liokete berriz ere.

Ez duzu haiengan jarrera aldaketarik sumatzen?

Ez. Nahikoa da memoria apur bat egitea: Gabriel Urralburu, Javier Otano, Fernando Puras, Roberto Jimenez... Giltza PSNren eskuetan egon den bakoitzean, eskuinaren aldera lerratu dira. Dena den, 2007ko abuztuko nahiz 2014ko martxoko iruzurren ostean, uste dut jendeak ikasia izanen duela lezioa.

Kudeaketa

Kudeaketa ekonomiko ona egin duzuela diozu. Zertan nabari da?

Agintera iritsi ginenean, 103 milioi euroko zorra zuen Iruñeko Udalak. Zor hori pilatu zen udala aberatsa zen garaian, dirua proiektu faraonikoetan xahutu zutelako. Lau urteren buruan, 63 milioitan utzi dugu; alegia, %38 murriztu dugu. Eta hori guztia, urteroko aurrekontuen betetze maila handi batekin: %95 ingurukoa. Inbertsioak %60 handitu ditugu eta gastu soziala, berriz, %37 igo da. Datuek zurian beltz uzten dute kudeaketa ekonomiko zentzuzkoa eta zuhurra egin dugula. Ez ditugu sei milioi euro xahutuko sanferminetako museo batean, Enrique Maiak bere garaian egin zuen bezala.

Sumatu duzu, hala ere, proiektu handi bat falta izan zaizuela, aldaketa ikusgarri egiteko?

Arrazoia duzu: ez ditugu proiektu ikusgarri edo nabarmenegiak lehenetsi, ez zaizkigulako gisa horretako banderatxoak edo ikurrak gehiegi interesatzen. Eraikin handiak, azpiegitura proiektu ikusgarriak... Gure norabidea ez da hori. Eta hala eta guztiz ere, proiektu garrantzitsu asko garatu ditugu, edo gutxienez, horien oinarriak jarri. Pareka ditzakegu, adibidez, UPNren agintaldiko Corte Ingles saltokia, eta guk horren ondoan eginiko Geltoki proiektua, ekonomia solidarioan oinarritua. Eta beste horrenbeste esan daiteke II. Zabalguneko Maristas ikastetxe zaharrean egitekoak diren babes ofizialeko 190 etxebizitzez, erregimenak salestarren orubean sustatu zuen proiektuarekin alderatuta. Gauza asko egin ditugu, eta ziur naiz, denboraren perspektibarekin, askoz hobe neurtuko dugula horrek duen balioa.

Egunerokoan nabaritzen dira gobernatzeko modu berriak?

Nik baietz uste dut. Gaur egun, instituzioa jada ez da elite baten gaztelu gotortua, garai batean zen bezala. Instituzio irekiagoa da, jendearen ekarpenak errazago onartzen dituena. Anitzetan bildu gara auzokideekin eta kolektiboekin, auzo eztabaidaguneetan; elkarteek ere planteamenduak egiten dizkigute... Herritarrekiko harreman zuzenari eutsi diogula uste dut. 

Oroimen historikoa

Memoria historikoarena izan da legealdi honetako lan arlo nabarmenetako bat...

Garai batean, Francoren etorbidetik sartzen ginen Iruñera, Mola plaza zeharkatu, Armadaren etorbidetik igaro eta kartzelaraino iristen ginen; gaur egun, zorionez, ez dugu halakorik gure hirian. Horren ordez, Askatasunaren plazatik Intsumisio plazaraino goaz, Katalina Foixkoaren etorbidea zeharkatuz.

Neurri sinbolikoez harago, zer nabarmenduko zenuke?

Sinbolikoak izanagatik ere, badute garrantzia. Ez da gutxi orain arte eginikoa. Hala ere, nabarmenduko nuke elkarte eta kolektibo memorialistekin eginiko lana; hala nola, frankismoaren aurkako kereila, 78ko sanferminen auzian sortutako Egiaren Batzordea, edota Mercaderes kalean zabaldu genuen bulegoa, frankismoaren biktimen senideek testigantza eman zezaten. Pausoak eman ditugu, Iruñean pairatutako errepresioari neurria hartzen hasteko.

Feminismoa

Legealdi honetan, indar handia hartu du mugimendu feministak, eta manifestazio jendetsuak egin dira Iruñean. Zertan aldatu da udalaren jarrera aldarrikapen horiekiko?

Hemen, bazegoen aurretiazko lan bat, eta guk ezin dugu horren meritua aldarrikatu. Iruñeko kolektibo feministak izan dira, urteetan, kontzientziazio eta saretze lan hori egin dutenak; tamalez, administrazioari zegokiona egin gabe egon da denbora horretan. Hortaz, gure meritu bakarra izan da sentsibilitatez jokatzea, aldarrikapenak entzutea eta lidergoa emakumeen kolektiboei ematea. Finean, erakundeok izan behar dugu irekiak eta harkorrak.

Hala ere, kritikak jaso zenituzten, sanferminetan batez ere...

Sexu erasoen berri emateagatik, hiriaren eta festaren irudia zikintzen ari ginela esan zuten Espainiako hedabide batzuek eta hemengo oposizioak. Lotsagarria izan zen hori. Gertatutakoa ezkutatzen edo disimulatzen ibili behar al dugu, Barcinaren garaian egiten zen bezala? Nik, bada, kontrakoa uste dut: sexu erasoak salatzeak, protokoloak betetzeak eta gardentasunez jarduteak prestigiatu egiten dituela, bai hiria, baita festa ere.

Euskara

Iragan astean onartu zenuten euskararen ordenantza berria. Zer ekarriko du?

Nire ustez, urrats handia da. Administrazioko zerbitzu hizkuntza estatusa ematen dio euskarari. Onartu behar dugu Iruñean bi hizkuntza daudela, eta denen hizkuntza eskubideak bermatu behar direla. Araudi berri hau oinarri sendo bat da, aurrerantzean hizkuntza politika egokiak eraikitzeko.

Eta ez al da beranduegi iritsi, hauteskundeen bezperan?

Bai, baina egitasmo askorekin gertatzen da hori. Gure xedea da halako araudiak parte hartze prozesu baten ondorio izatea, eta horretarako, eragileekin batzartu behar duzu, epeak jarri, zuzenketak eta ekarpenak jaso, eztabaidatu... Denbora eskatzen du. Eta lauko gobernuaren barruan ere, gehiengoak bilatu behar dira. EH Bilduk bost zinegotzi ditu, baina 14 behar ditugu, osoko bilkuran gehiengoa izateko. Bostetik hamalaura doan tarte hori amildegi bat izan daiteke batzuetan... Talde bakoitzak baditu bere proiektuak, asmoak eta marra gorriak, eta hori guztia gainditu ostean, tramite administratiboa egin behar da. Hortaz, ez da lan samurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.