Jaurlaritzak asteartean onartuko du memoria legearen aurreproiektua

'Bonbardaketen atlasa Euskadin (1936-1937)' liburuaren aurkezpenean egin dute iragarpena. 1936ko gerran egindako 1.220 bonbardaketa operazio zerrendatu ditu Xabier Irujok

Beatriz Artolazabal eta Xabier Irujo, liburuaren aurkezpenean, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak aste honetan onartu du memoria demokratikoaren legearen zirriborroa, irailetik aurrera Espainiako Gorteetan bidea egin dezan, eta Eusko Jaurlaritzak berdin egingo du datorren astean memoriaren auzian prestatu duen lege egitasmoarekin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri duenez, Euskadiko memoria historiko eta demokratikoaren legearen aurreproiektua uztailaren 27an eramango du Gobernu Kontseilura, han onar dezaten eta ondoren Eusko Legebiltzarrera bidera dezaten.

«Inork ez dezala mendekurik edo mendeku hartzeko asmorik bilatu gure aurreproiektuan», esan du Artolazabalek; «inork ez dezala konfrontaziorik bilatu etorkizuneko lege honetan, ezta bando eta lubakien politikak berpizteko asmorik ere; baina irmotasun berarekin esan nahi dut ahaztea eta orrialdea pasatzea ez dela aukera bat».

Artolazabalen esanetan, lege egitasmoa Jaurlaritzak memoriaren arloan duen «borondatearen isla» da. Gerran hildakoen datu basea, hobi komunen mapa, Erorien Haranetik senitartekoen gorpuzkiak atera nahi dituztenei emandako laguntza eta aurkeztu berri den bonbardaketei buruzko ikerketa ere borondate horren erakusgarri dira, Artolazabalek esan duenez.

1.220 operazio

Hain zuzen ere, Bonbardaketen atlasa Euskadin (1936-1937) izeneko liburu mardularen aurkezpenean egin du Artolazabalek iragarpena. Xabier Irujo ikerlari eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria da lanaren egilea, eta han jasotzen dira 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean Euskal Herrian egindako 1.220 bonbardaketa operaziori buruzko datuak.

Benetako bonbardaketak gehiago izan ziren, Irujok azaldu duenez. Izan ere, bonbardaketa operazioa zera da, aire unitate batek edo batzuek egun bakar batean helburu bakar bati egindako eraso multzoa, baina operazio bakoitzean bonbardaketa bat baino gehiago egin daitezke. Artxanda mendia jarri du Irujok horren adibidetzat: frankistak Bilbo hartu nahian zebiltzanean, operazio bakar batean eta egun berean 21 aldiz bonbardatu zuten Artxanda. Bildutako datuen arabera, 2.042 bonbardaketa zenbatu dituzte 1.220 operazio horietan.

Aire eraso horietatik gehienak, %92 inguru, frankistek egin zituzten, eta gainerakoak, errepublikaren aldeko indarrek. Jaurtiriko leherkari kopuruari erreparatuz gero, bonben %99 inguru frankistek bota zituzten.

Hildakoei dagokienez, zaila da kopuru bat ematea. Gogora-ren datu basean agertzen diren biktimak aintzat hartuta, 1.441 pertsona hil ziren aire erasoen ondorioz, baina Irujok uste du identifikatu gabeko biktimak askoz gehiago izan zirela. Adibidez, Gernikako bonbardaketa bakar-bakarrik aintzat hartuta, dokumentatutako biktimak 2.000 baino gehiago izan ziren, Irujok azaldu duenez.

Hain zuzen ere, Gernikako bonbardaketa mugarri izan zen zenbait arrazoirengatik. Irujok azaldutakoaren arabera, Francoren agindupean aritzen ziren alemaniarrek bonbardatze teknika berriak probatu nahi zituzten: Otxandio eta Durango (Bizkaia) izan ziren lehenak, Eibar (Gipuzkoa) hurrengoa, eta han ikasitako guztia praktikan jarri zuten Gernikan (Bizkaia). Horregatik, Gernikakoa besteak baino suntsitzaileagoa izan zen, eta eraikinen %85,2 birrindurik gelditu ziren.

Beste ondorio bat ere izan zuen Gernikako bonbardaketak, eta horrek nazioartean piztu zuen haserreak: geroztik, Alemaniako eta Italiako armadetako arduradunek askoz agiri gutxiago egin zituzten antolatu zituzten aire erasoen inguruan, eta zailagoa da horien arrastoari jarraitzea: «Prentsaren eta ahozko testigantzen bidez badugu zenbait bonbardaketen berri, eta horien agiririk ez dago, ordea».

Zalla (Bizkaia) aipatu du Irujok horren adibidetzat: hango aire erasoa oso larria eta bortitza izan zen, baina ia ez dago horren inguruko dokumentaziorik.

Izua eragitea xede

Irujok azaldutakoaren arabera, bonbardaketak hiru motatakoak izan daitezke: taktikoak, edo gerra fronteko lerroari eragiten diotenak; estrategikoak, hots, frontetik urrun baina estrategikoak izan daitezkeen zubi, lantegi eta bestelako azpiegiturak xede dituztenak; eta, azkenik, herritarren artean izua hedatzea beste helbururik ez dutenak. Frankistekin egindako bonbardaketetatik asko, lautik bat gutxi gorabehera, azken mota horretakoak izan ziren, Irujok emandako datuen arabera.

«Frankisten kasuan, hegazkin pilotuak espainiarrak, alemaniarrak eta italiarrak ziren», esan du Irujok, «baina den-denak Salamancako (Espainia) kuartel nagusiaren agindupean zeuden. Hau da, ez zen bonbardaketarik egiten Francisco Franco jeneralaren oniritzirik edo zuzeneko agindurik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.