Noiz sortua: 2020-02-16 00:30:00

Luizia Zaldibarko zabortegian. Protestak

Ahoak estalita, hitza ez

Manifestazio jendetsu bat egin dute, oraindik ere desagertuta dauden senideei babesa emateko eta erantzukizunak eskatzeko. Osasunarekin kezkatuta daude eskualdean. Bideoa albistearen amaieran.

Manifestazioan jendea, atzo.
Manifestazioan jendea, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko otsailak 16

Bazkalostea Ermuan. Orbe Kardinalaren plazako tabernari batek dio ohikoan baino mugimendu gutxiago izan dela goiz-eguerdian. Hiru haur, eserita, baloia eskuetan. Gaur ez dute Eskola Kirolik izan. Beste bi, koxkorragoak. «Bai, bai, minbiziak hil zuen nire aitona». Ordu eta erdi falta da manifestazioa abiatzeko. «Begira, kale kantoi horretatik ikus daiteke kea», esan die nerabe batek lagunei. Batzuk ihauterietako mozorroez ari dira hizketan, Ipuruan jokatuko (ez) den derbiaz, besteak. Eta bi elkarrizketetan modu batera edo bestera gai bera.

Herrira sartu eta berehala sumatzen da erre usaina, edonon. Sarkor. Haizea atera du plazan. Askori nabari zaie azkura dutela begietan. Zerua estalita dago: berun. Eguzkitakoak jantzita dituen gazte batek: «Aizue, zer uste duzue, hiri handi batean izango dela handiagoa kontaminazioa?» .

Terrazan beste bost lagun, helduagoak. Manifestaziora joango dira lau. «Beste konpromiso bat dudalako ez noa», desenkusatu da bestea. Hala abiatu dute gaiari buruzko elkarrizketa. Haietako batek: ikusi duela minutu batzuk lehenago pertsona bat aho maskara batekin; bakarra, baina ikusi duela. Mahaiko kideak: saiatuko direla bat lortzen, manifestaziora eramateko eskatu dutela deitzaileek, eta zeinek daki datozen egunetan ere ez ote duten beharko.

«Gertatu zenetik, jendea larrituta etorri zaigu», azaldu du Alberdi Lamikiz farmaziako botikariak. Atzotik bukatu zaizkie maskarak. Eskatu dituzte gehiago. Egunotan antiseptiko asko saldu dituztela dio: «Bereziki, eskuak garbitzeko eskuzapi hauek». Mostradorean ditu. Ez dakite zer gehiago eman egunotan farmaziara gerturatzen direnei. Osakidetzatik ez dute inolako abisurik jaso arriskuen inguruan,ezta gomendiorik ere hara doazenei jakinarazteko.

Etxeetako atari batzuetan ikus daitezke Eusko Jaurlaritzaren oharrak. Ez dute argi uzten zein neurritan den arriskutsua arriskua, erlatibizatu edo normalizatzen baitute. «Konposatu kimiko horiek ez dute berehalako eraginik osasunean, baina zuhurtziazko neurri horiek hartzea gomendatzen dugu».

Hasi da jendetza biltzen plazan. Eta lehengo kezkek beste tonu bat hartu dute. Zaratarenak: turuta hotsena, sukaldeko tresnena, txistuena... Eta haserrearenak: «Atzo esan zuten leihoak ixteko, kirolik ez egiteko, inguruko barazkirik ez jateko. Baina atzo arte dena ondo zegoen. Ez sinesteko modukoa da gertatzen ari dena: desastre bat», dio Marian Expositok. Babesa ematera joan da Ermuara. «Gertukoa» da, Elgoibarkoa. «Guri ez digute ezer esan, baina bihar ez bada, etzi iritsiko zaizkigu mezuak».

Expositok argi du gertatutakoa ez dela «kasualitatea». «Zaborra sortu eta sortu ari gara, eta gero ez dakigu zer egin horrekin. Dena halamoduz, korrika eta presaka, ezkutuan. Arazo potolo bat daukagu». Ez duela politikaz hitz egin nahi dio. «Konfiantza galdu» duelako. «Informazioa bideratzen dute eurek nahi duten eremura. Iritsi da momentu bat non jendeak ez duen sinisten esaten duten ezer».

«Urkullu, non zaude?»

Abiatu da martxa. Ehunka lagun; gero, Eitzaga auzoko bidegurutzean elkartuko dira Eibartik datorren beste zutabekoekin. Eta orduan milaka batzuk izango dira. Horiei batuko zaizkie Elgetatik joandakoak. Manifestazioa udaletxetik pasatu denean, ate joka hasi dira batzuk: inork ez du ireki. Aurrera egin ahala, lehenengo oihuak entzun dira, zabortegia eta handik ateratzen diren keak lehen aldiz ikustearekin batera: «Herriak ez du barkatuko». Duela hamar egun luizian desagertutako bi langileen senideak aurrean doaz. Espaloietan daudenen txaloak. Jasotako babesa eskertu du Helene Alberdik. «Espero dugu presio honen eraginez serio jartzea eta gure senideak behingoz hortik ateratzea».

«Ez dago gauza tristeagorik lanera joan eta han hiltzea baino», adierazi du Ibon Lekubek. Mutrikutik joan da, babesa emateko eta gertatutakoaren inguruan «erantzukizun guztiak» eskatzeko. «Langileen desagertzea bigarren plano batean geratu da; garrantzi gehiago eman zaio autobidea konpontzeari».

Eitzagan egin dute bat hiru zutabeek. Eta auzokideei eman diete hitza lehenik. Autopistako zubi, zabortegi... «obra handiz inguratuta» bizi direla gogoratu dute. «Eta inork inoiz ez digu ezer galdetu: txikiok ere badugu hitza». Euren osasunarekin kezkatuta daudela ohartarazi dute. «Azterketa medikurik ere ez digute egin». Senideak mintzatu dira gero; Alberdik hartu du hitza. Hunkituta, eskertu du Euskal Herri osotik jasotako babesa.

Martxa zaratatsua izan da, baina lelo gutxikoa; «Zaldibar argitu», nagusiena. Luizia jazo zen lekutik gertu pasatu direnean, «Urkullu non zaude?» oihuak entzun dira. Langile bat garabi batekin ikus zitekeen errepidearen beste aldean. Lanean. Ez dakite zein albisterekin esnatuko diren bihar, Expositok esan duenez. «Baliteke, gaur daramagun maskara hau gau eta egun erabili behar izatea. Baina ez gaituzte isilduko».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna