Erasoa Baionako meskitan

Otoitzera, normaltasun bila

Baionako meskitara joateko ohitura duten sinestunak hunkituta eta kezkatuta daude herenegungo erasoagatik. Atxilotu zuten gizonak aitortu du eraso egin zuela. Arriskuz kanpo daude bi zaurituak
Albizia eraikina utzi die herriko etxeak komunitate musulmaneko kideei, behin-behinean otoizleku gisa erabil dezaten. Poliziek eta militarrek zainduta egon zen atzo.
Albizia eraikina utzi die herriko etxeak komunitate musulmaneko kideei, behin-behinean otoizleku gisa erabil dezaten. Poliziek eta militarrek zainduta egon zen atzo. GUILLAUME FAUVEAU

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko urriak 30
Aurpegi hitsak ageri ziren atzo arratsaldean Albizia gelan, Baiona iparraldean. Herenegungo erasoaren ondotik, itxita dago hiriko meskita, eta herriko etxeak areto hori utzi die behin-behinean musulmanei, otoizleku gisa. Poliziek eta militarrek zaintzapean dute eraikina. Jasandako erasoagatik hunkituta, eta zaurituen egoeragatik kezkatuta, gehienek ez zuten mintzatzeko gogorik; zaurituak bisitatzera joana zen Abdellatif Bouttaty meskitako presidentearen berrien zain zeuden, babesa erakustera joandako Bordeleko imamarekin batera.

Marc Mariee Baionako prokuradoreak erasoari buruzko datuak eman zituen atzo arratsaldean. Jakinarazi zuen zauritutako bi gizonak arriskuz kanpo daudela. 74 urtekoa da bata, eta 78koa bestea; batek bi tiro ditu, besoan eta zerbikaletan, eta besteak, tiro bat toraxean. Baionako erietxean daude.

Otoitzaren tenorerako agertu zen Amar Albizia gelara. «Oso hunkituak gaude. Espero dut justiziak bere lana eginen duela», adierazi zien hara agertutako kazetariei. Hizpide izan zituen azken asteetan hedabideetan musulmanen aurka zabaldutako mezuak: «Ez gara segurtasunean sentitzen. Uste dut telebistak erantzukizun handia duela; jendearen artean beldurra zabaltzen dute, eta halako ekintzak horren ondorio ere izan daitezke». Meskitara otoitz egitera itzultzeak beldur apur bat sortzen badio ere, espero du pixkanaka normal aritze berriro ere. «Gaur hona etorri gara, otoitz egitera, baina gure artean egotera ere bai. Garrantzitsua da».

Meskitaren auzoan bizi da Hammad Ali erretiratua. Sinesmenez musulmana da, otoitz egitera joateko ohitura du, eta hala egin zuen atzo ere. «Atzo [herenegun] triste ginen, schock egoeran». Baina beharrezkotzat jo zuen otoitz egitera joatea; sinbolikoki, meskitan otoitz egiteak balio handiagoa duelako haientzat, baina baita beste sinestunekin elkartzeko ere. Jaso duten babesa eskertu du Alik: «Guretzat, garrantzitsua da legea eta justizia gure alde izatea. Legea errespetatu behar dugu, eta justizia eskatu».

Notre Dame mendekatzeko

Erasoaren harira atzemandako gizonak aitortu du Baionako meskitaren aurrean sua eragin zuela eta bi gizonei tiro egin ziela. Baionako prokuradoreak azaldu duenez, armak atzeman zizkion Poliziak: pistola bat, fusil bat eta granadak zeuzkan etxean, eta autoan, gas bonbona bat eta kartutxoak. Militar ohia da atxilotutako gizona, 84 urtekoa, eta Fronte Nazionaleko hautagai izandakoa, departamenduko bozetan, 2015ean.

«Akusatuari egindako galdeketek zalantzak eragin dituzte haren buru osasunari buruz», ohartarazi du prokuradoreak. Izan ere, erasoaren oinarri gisa azalpen nahasiak eman ditu gizonak. Poliziei azaldu die Parisko Notre Dame katedraleko sutea «mendekatzeko» eraso diola Baionako meskitari. Joan den apirilean su hartu zuen Parisko katedralak, eta, ikerketen arabera, istripua izan zen: eraikinean egiten ari ziren obretan sortu zen sua. Atxilotutako gizonak, ordea, musulmanekin lotu du sutea —katedralak su hartu zuenean eskuin muturreko sareetan zabaldu zuten teoria hori, besteak beste—. Oraingoz, kasua «afera kriminal gisa» ari dira ikertzen, terrorismoaren aurkako fiskaltzak zer erabakiko duen zain.

Lekukoen testigantzetan eta kameren irudietan oinarrituta, erasoari buruzko kronologia osatzen ari da Polizia. Haren arabera, 15:10ean iritsi zen erasotzailea meskitara: pistolarekin mehatxu egin zien inguruan zeudenei, eta gasolina botata su eman zion ateari. Inguruan zegoen gizon bati tiro egin zion ondoren, eta toraxean zauritu zuen. Orduantxe auto bat heldu zen meskita ingurura, baina, egoera ikusirik, atzeraka hasi zen; erasotzaileak atzetik jarraitu zion, eta bi tiro bota zizkion. Autoak bazterra jo zuen, eta erasotzaileak su eman zion, artean gidaria barruan zegoelarik. Lekuko batek atera zuen gizona autotik. Erasotzaileak ihes egin zuen orduan.

Prokuradoreak azaldu duenez, akusatuak nabarmendu du ez zuela inor hiltzeko asmorik. Kontatu du «luzaz» zaindua zuela meskita ingurua, eta bazekiela ordu horretan ez zela jende asko egongo —16:00etan izaten dute otoitza, eta hiru ordu laurden lehenago eraso zion—. Hain justu ere, lekukoek aitortu dute ordu horretan joan izan balitz «sarraskia» eragingo zuela meskitan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna