Albistea entzun

Albisteen beldur

Txema Ramirez de la Piscina - Kazetaria eta ikertzailea

2022ko irailak 11

Ihesi doa. Gero eta jende gehiago albisteetatik ihesi doa. Saihestu egiten ditu. Albisteek etsipena, noraeza eta nahasmena pizten omen dituzte. Mundua astintzen ari den erauntsiari bizkarra emateko modu bat da. Irrazionala dela, eskapismoa dela? Ez dakit. Baliteke, baina gero eta gehiago ematen ari da. Esan ohi da pertsona bakoitza unibertso bat dela. Nago, ordea, unibertso ugari metatzen direla pertsona bakoitzaren baitan.

Uda honetako pasadizoa. Bierzoko Ancares haraneko alozetan gertatua, xarmadun herri ttipi batean, Pereda de Ancaresen. Erroldan 54 bizilagun baino ez. Benetan bizi-bizi, 21. Hala ere, udal kanpina dute, landa-etxe, jatetxe eta solas-leku funtzioak betetzen dituen gune bat, zura lantzen duen artisaua, erlezain bat eta, batik bat, jende umil eta jator asko. Kanpinean izan ginen. Azpiegitura apala da. Ez du zerikusirik Mediterraneo aldean edo euskal kostaldean dauden kanpinekin. Merkea eta duina da. Bertara hurbiltzen den jendea naturaz gozatzera doa: ehun urtetik gorako gaztainondoen dotoreziaz, txilardiek eskaintzen duten kolore-festaz... dastatzera, hartz arrea ikusteko esperantzaz... eta noski gailurrak egiteko asmoz (Cuiña, Miravalles, Mustallar...). 30-40 urte bitarteko bikote batek kudeatzen du kanpina: Monicak eta Danik. Oso jende gutxi zegoen kanpinean eta horrexek solasaldi mamitsuari bide eman zion. Monicak halako aitortza egin zigun bat-batean. «Nik hemen denetik daukat: bakea, natura... eta zoriontsua naiz. Zertarako gehiago? Lugotik etorri nintzen duela urte batzuk mundutik ihes egiteko nahian. Albisteek izutu egiten naute. Ez dut ezer ikusten edo entzuten. Ez naiz sare sozialetan ibiltzen. Pentsa, Ukrainako gerraren hasieraz lagunen bitartez jabetu nintzen. 'Ez zara enteratu ala?', galdetu zidaten harrituta. Eta, hala ere, zoriontsua naiz». Monica pertsona formatua da, klima aldaketaz oso kezkatuta dago. Baina, albisteen zaparrada errepikakor etengabeak aztoratu egiten du. Horregatik, komunikabideen jarioari uko egitea deliberatu du. Harrigarria?

Berea ez da, inolaz ere, kasu isolatua, gero eta ohikoagoa den fenomenoa baizik. Pasa den ekainean, Oxford unibertsitateko Reuters institutuak urtero kaleratzen duen Digital News Report 2022 txostena plazaratu zuen. Ikerketa mardula da, mundu mailako 46 estatutako 96.000 pertsona elkarrizketatu baitira inkesta horretan, planetako populazioaren erdia edo ordezkatzen duena. Honatx flash batzuk. Kazetaritzaren eta publikoaren arteko etena handituz doa (albisteekiko interesa hamabi puntu jaitsi da bost urtetan, %63tik %51ra). Komunikabideen sinesgarritasunak degradatuz jarraitzen duen bitartean, Reuters institutuak beste fenomeno kezkagarri bat nabarmendu du: albisteen saiheste selektiboa praktikatzen duen jendea: %29 izatetik (2017an) %38 izatera igaro da (2022an). Horrek esan nahi du mundu osoko populazioaren heren batek baino gehiagok —sarritan edo batzuetan— albisteei propio bizkarra ematea erabakitzen duela. Ikaragarria da datua eta egoera. Ikerketak saiheste selektibo horren arrazoiak seinalatzen ditu: albiste txarrek gure aldartean sortzen duten etsipena, komunikabideen sinesgarritasun falta, albisteen gehiegizko polarizazioa, eta gatazken konplexutasuna ulertzeko zailtasunak, besteak beste.

Gai hauek guztiak azaldu ziren joan den astean Gasteizen Kazetaritza bertatik bertara izeneko jardunaldietan. Urterik urte gero eta jende gehiago biltzen duten jardunaldiak dira. Aurten Ukrainako gerra izan da, nola ez, gai nagusia, baita eztabaida-iturri ere. Abuztuaren 31n egon zen mahai-inguruan, entzule gisara, xumeki, hizlariei ausartu nintzen galdetzera ea haien ustez Mendebaldeko iritzi publikoa behar bezala informatuta ote dagoen, ea ez ote diren komunikabide hegemonikoak soilik alde batekoen narratiba elikatzen ari ikuspuntu kritikoari iskin eginez. Bide batez Pablo Gonzalez kazetariaren egoera txit harrigarri eta salagarria aipatu nuen. Carmen Claudin zen, mahaian eserita zeudenen artean, kazetaria ez zen bakarra. Harena izan zen erantzunik gordinena eta, nire ustez, sektarioena. Bera CIDOB zentroko ikertzaile bezala zegoen mahaian. CIDOB think tank ezaguna da. Datu bat emate aldera: bere ohorezko presidente Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia da. Nire galderaren aurrean, Carmen Claudin nabarmen tenkatu zen. Ordura arte mantendutako neurritasuna alde batera utzi eta garbiki azaldu zuen bere jarrera: Mendebaldeko hedabideen ekinbidea defendatu, egindako kritika txarretsi («ezkerreko sektore batzuen ohiko kontua baino ez da»), Ukrainan errusofobia dagoela ukatu eta NATOren esku-hartze militarra sutsuki defendatu zuen. Galderak eta erantzunak jasotako txalo zaparraden arabera, garbi geratu zen aretoa zatituta zegoela eta Ukrainako gerrak gure artean ere pizten duen polarizazioa oso nabarmena dela.

Hurrengo egunean izan zen hitzaldia lasaiago joan zen. Bereziki interesgarria egin zitzaizkidan Xavier Aldekoa kazetari kataluniarrak Afrikako herrien egoeraz partekatu zituen gogoeta mamitsu eta gizatiarrak. Hogei urte daramatza berak gaiok lantzen, mimoz eta errespetuz deskribatzen. Honatx berak botatako perla batzuk: «Afrikak hemen ez du interes berezirik sortzen. Horrek ematen dit niri denbora gehiago istorio interesgarriak bilatzeko». «Erreportaje onak lortzeko gakoak: pazientzia, enpatia eta testuingurua». «Hemen, Europan, garaipenari balio handiegia ematen zaio». «Afrikan jende jator eta onen istorioak askoz gehiago dira hiltzaile eta borreroenak baino. Bilatu egin behar dira baina». Kalitatezko kazetaritzaren eredu da Xavier Aldekoa. Erreferente bat.

Gogoeta apala amaitzeko. Ulergarria da hainbat herritarrek praktikatzen duten albisteen saiheste selektiboa. Ez dut uste hori bidea denik. Informatiboki, soziologikoki eta politikoki bizi dugun egoera polarizatu eta nahasi honetan inoiz baino beharrezkoagoa da jarrera kritikoa izatea, baita komunikabideen jabetza demokratizatzea ere. Kritikoak guztiekin eta guztiekiko. Jarrera hori ezinbestekoa da albiste faltsuei aurre egiteko, herritar bezala erabaki libreak hartu ahal izateko eta ustez neutro diren hainbat jarreraren faltsutasuna agerian uzteko. Albisteei ez zaie beldurrik izan behar. Albisteak testuingurua behar du, arrainak ura behar duen bezalaxe.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.