Pako Aristi

Lehendakariaren hitza

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Andoni Mirena estimatua: hor igortzen dizut Lehendakariarentzako diskurtsoa, zuk eskatu bezala. Kezkaturik dagoela diozu, egunkari honek argitaratu zuen ikerketaren arabera ez duelakoz hamar urtetan independentzia hitza erabili. Orain du aukera bere zorra kitatzeko, egoki baderitzozue testu hau irakurriz politika orokorreko hurrengo plenoan. Horra testua:

Onartzen dut, nire karguari dagokion umiltasun guztiarekin, propio baztertu dudala independentzia hitza hamarkada honetako diskurtsoetatik. Baina a zer hamarkada eduki dugun! Batetik ETAren betiko desagerpena iritsi zitzaigun, zorionez, eta bestetik Kataluniako prozesua lehertu zen bete-betean, denok ezagun ditugun ondorioekin.

Zuhurtziaz egin dut, zuhurtzia izan delako nire iparrorratza, zuhurtzia zelako herri honi eskain niezaiokeen balore politikorik gorena. Baina ezin uka inozotasun apur bat ere izan dugula Gernikako estatutuak izan zezakeen bilakaerari buruz. Hura bultzatu zuenean EAJ konbentziturik zegoen bitarteko bat zela helburu handiagoetara iristeko, tarteko bide bat burujabetzaren bila, eta horrela esan zien euskaldun guztiei. Ez zuen inor engainatu, ez bada geure burua.

Aski urte igaro da ordutik, eta aski froga izan dugu baieztatzeko Gernikako estatutua, tamalez, ez doala inora, ez dela inorako bidea, Trantsizioan Espainiako monarkia parlamentarioa sostengatzeko jarri ziguten amarru bat baizik, garesti ordaintzen ari garena. Esan genuen ez ginela horrekin soilik konformatuko, independentzia beti EAJren DNAn egon dela azken helburu eta norabide gisan, baina aitor dut orain bidean nahastu eta narrastu ginela.

Berandu bada ere, konturatu naiz, eta honetaz gogoeta sakon egin dugu gure alderdian, gure borondate ona aprobetxatu egin zutela, eta independentzia gero eta urrunago dagoela, ez gero eta hurbilago, guk espero genuen bezala. Gauzak ez dira atera guk nahi genuen bezala, baina garaiz gaude.

Independentismoa, esaten da. Eta orain esango dute, harrituta: Urkullu independentista da, edo bihurtu da. Baina zein presidente, munduan dauden 198 estatu horietan, ez da independentista? Nik ez dut bakar bat ezagutzen. Kontrakoa litzateke harrigarria. Euskal Herria nazio bereizi gisan sentitzen eta bizitzen duenak ezinbestez behar du izan independentista, izan, munduko biztanle guztiak bezala.

Halere, independentismoa ez da aukera politiko bat, biziraupen aukera bat baizik, eta bakarra. Aukera politikoak dira aske eta beregain diren nazioak kudeatzeko dauden ikuspuntu ezberdinak, baina lehenengo kudeatu litekeen herri aske eta guztiz burujabea eduki behar duzu, eta egoera horretara daraman zubia da independentismoa, lurralde batean behin estatua ezartzen denean biztanle guztiak bihurtzen baitira de facto independentistak, estatu horren zerbitzari eta ongizate hartzaile. Baina horretarako herriak bizirik egon behar du bere nortasun eta osagarri guztiekin, eta hori independentismoak soilik lor dezake.

Beraz, badakizue zer esan «zu independentista zara» esaten dizuenari: «Zu bezala, baina nire independentismoa ez da inbasiboa, auto-defentsiboa baizik. Zurea ez dakit, zuk jakingo duzu». Eta ondoren, irribarre egin eta agur esan morroiari. Ikusiko duzue zein ongi sentituko zareten. Lehendakariaren hitza.

Euskarak, gure hizkuntza nazionalak, aberri bat behar du, ez gaur egun dauzkan sasi-erakundeak, lurraldearen zati batzuetan bai, eta bestetan ez, borondate onekoak direnak baina ezgauza, ezgai hizkuntza lurralde osoan hedatzeko eta, behingoz, erreferentziazko komunikazio-tresna bihurtzeko esparru guztietan. Ez da haien errua, akatsa sistemikoa da, menderakuntza betikotzen duen sistema politiko bateko kume direlakoz.

Euskarak aberri bat behar du, eta aberri batek estatu bat behar du, munduko beste estatuen pare kokatuz bere nortasuna defendatzeko, bere kultura bereizgarria indartzeko, bere interesak negoziatzeko, eta, batez ere, kultura hegemonikoek kultura txikiagoak irensteko eta deuseztatzeko daukaten berezko joerari aurre egiteko.

Euskaldun aberriak ezin du onartu beste aberri batzuen esku-hartzea bere erabakietan, harreman hori ez delako orekatua, ez zaigu komeni: haiek mendeetan garatu duten legedi baten indar bortitza daukate, eta guk, aldiz, legedi horrek baimentzen dituen ekimen arinak gauzatzeko aukera soila. Legedi arrotz hauen espiritua inoiz ez da izan gure kulturaren eta gure egitate politikoen biziraupena, kontrakoa, baizik: nortasun politiko/kultural ezberdinak zituzten lurraldeak erreprimituz fundatu zuten aberriaren uniformizazioa.

Alegia, denok haien antzeko izan gintezen, denok espainol edo frantses. Haientzat euskaldun, galego edo kataluniarrak ez dira inoiz politikoki bereiziak izan. Berezi izaten utzi diete justu-justu eta halabeharrez.

Hargatik guztiagatik, ondorio garbi eta aratz batera iritsi egin naiz: gaur egun, jokaldiaren altura honetan, Euskal Herriak bizirik irauteko aukera bakarra independentzia lortzea du. Hori da, gaur, globalizazioaren erdian, politika errealista bakarra. Errealista ez dena bestea da: haien batasuna bermatzen duen sistema politiko batean parte hartuz gure aberriarentzat independentzia erdietsi dezakegula sinestea.

Azken hau garbi frogatu duten bi gertakari ditugu begien aurrean: batetik, 44 urte dira Gernikako estatutua ezarri zenetik, eta hango eskumen asko, murritzak izanik ere, bete gabe dihardute orain artio; bestetik, Katalunian egin zuten prozesu saiakera baketsu eta zibikoari estatu espainolak eman zion ezezko borobila, Generalitatea, bertako gobernua legez kanpo utziz eta herriak aukeratu zituen buruzagiak kartzelara eramanez. Bi gertaera hauek zalantza gutxi utzi digute etorkizunerako.

Bazter dezagun, behingoz, fikzio-politika, sistema barrutik alda litekeen sinesmena, eta hel diezaiogun errealismo politikoari, independentziara eramango gaituena. Nire helburuekin bat egiten duzuen guztiok bidean lagun izango nauzue. Inoiz ez da berandu, inoiz ez da lotsagarri akatsak aitortu eta zintzotasunez zuzentzen saiatzea.

Lehendakariaren hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.