Katalunia. Inbestidura saioa

Konpromiso errepublikanoa eta CUPi mezua

Torra ez dute lehen bozketan izendatu. Prozesu konstituziogile bat agindu du, eta nabarmendu ez duela autonomismorik egingo. CUPek gaur erabakiko du bihar abstenitu edo kontra bozkatu

Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bi gauza agindu ditu Quim Torrak (JxC). Batetik, konpromiso errepublikanoa, Katalunia «estatu independente bat» izan dadin. Eta bestetik, gobernu berriak ez duela «autonomismorik» egingo. Kataluniako Generalitaterako presidentegaiak inbestitua izateko diskurtsoa egin zuen atzo, eta, espero bezala, ez zuten presidente izendatu, JxC Junts Per Catalunyaren eta ERC Esquerra Republicanaren presidentetzarako hautagaiak ez baitzuen nahikoa babesik lortu bozketan. 68 boto, ganberaren gehiengoa osoa, behar zuen, eta 66 boto lortu zituen,JxCren eta ERCren diputatuenak.

Inbestidura saioko bigarren bozketa bihar egingo dute Kataluniako Parlamentuan (10:30), eta Torrak nahikoa izango du gehiengo sinplea ateratzearekin; hau da, 66 boto. Alderdi unionistek —Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comuk eta PPCk— kontra bozkatuko dute eta 65 boto batuko dituzte. CUPen abstentzioaren esku dago, beraz, Torra Generalitateko 131. presidentea izatea. Antikapitalistei mezua bidali zien, atzo, erantzunen txandan: «Irtenbidearen parte da CUP. Proiektu hau 70 diputatukoa da, edo ez du aurrera egingo. Elkarren beharra dugu».

CUPen zuzendaritzak erabakita zeukan abstenitzea, eta, beraz, izendapena ahalbidetzea. Baina hiru lurraldetako batzarrak kontra daude, eta Kontseilu Nazionalera deitu dezatela eskatu zuten herenegun. Cerveran (LLeida) egingo dute, gaur, eta zirt edo zart egitea erabaki: Torraren kontra bozkatu edo abstentzioari eutsi. Carles Riera diputatuak hau nabarmendu zuen, atzo: «Gure mugimenduak erabakitzen duena erabakitzen duela, ona izango da errepublikarentzat eta independentziarentzat».

Aurka egiten baldin badute, JxCk egun bakan batzuk baino ez ditu izango, edo beste presidentegai bat proposatzeko, edo hauteskundeetara joateko. Izan ere, hilaren 22rako presidenterik ez baldin badago, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, oraindik ere 155.ak Katalunian indarrean jarraitzen duenez, parlamentua desegingo du, eta bozetara deitu.

Azkenean, horiek saihestea erabaki du JxC. Torrak atzo azaldu zuenez, urriaren 1eko erreferendumeko «agindua» betetzea, errepublika sortzea, dute asmo hurrengo legegintzaldian. Eta, horretarako, behetik gorako prozesu konstituziogile bat hasi nahi dute, JxCk eta ERCk joan den martxoaren hasieran adostu eta filtratutako gobernu programak dioen bezala —CUPi «autonomista» iruditzen zaio—. Presidentegaiak atzo adierazi zuenez, herrialdearen etorkizunari buruzko «eztabaida herrikoi bat» bultzatu nahi dute, eta, ondoren, Kataluniako konstituzioaren proiektua idazten hasi. Programak, ordea, ez ditu horri buruzko askoz ere argibide gehiago ematen, eta Torrak ere ez zituen eman, atzo. Hori bai, bizileku izango dute herrialdearen «diseinuan» parte hartzera deitu ditu katalanak.

Horren harira, eta Carles Puigdemontek inoiz esan eta gobernu planak zehaztutakoaren bidetik, Errepublikaren Kontseilua ere aipatu zuen atzo, ulertzera emanez gobernu berriak bi hanka edukiko dituela: bat Katalunian eta bestea kanpoan, Erbesteko Eremu Askea deitu dioten horretan.

Kartzelan edo erbestean dauden politikariak izan zituen gogoan, hain zuzen, eta azpimarratu «bizitza lapurtu» dietela horiei. Hortaz, «kasu katalanaren nazioartekotzearekin» jarraituko du Torrak.

Jordi Turull presidentegai izan zenak joan den martxoaren 22an eman zuenarekin alderatuta, diskurtso baikorra izan zen Torrarena, eta, hark ez bezala, ahotan izan zituen errepublika eta independentzia. 12:05 zirenean hasi zen, eta 50 minutuz jardun zuen. Esan zuen, hasteko, hari ez zegokiola han egotea, Puigdemonti baizik, eta adierazi haren agintaldia, presidente ateratzekotan, «salbuespenezkoa» izango dela, «trantsiziokoa». Espainiako Gobernuak kargugabetutako presidente erbesteratua gogoan, ondokoa nabarmendu zuen: «Jarraituko dugu, ekingo diogu, eta inbestituko dugu».

Bien bitartean, inbestitua izanez gero gobernu berriak berehalako zeregin bat edukiko duela azaldu zuen: «155.ak erasotako instituzioak berrezartzea». Eta bide batez, abenduaren 21eko hauteskundeetatik egun arte pasatutako denbora ez dela «galdutakoa» izan iruditzen zaio. Behin gobernua osatzear dagoela, horren beharra izan zuen hizpide: «Gobernua edukitzea da herrialdeak fronte guztietan modu errepublikanoan aurrera egiteko biderik indartsuena». Segidan,CUPrentzakoa zirudien mezua: «Erantzukizuna eta konfiantza eskatu nahi ditut. Elkarrekin jarraitu beharra dago, are gehiago ahalegintzen».

Espainiari eta Europari

Katalanez mintzatu zen Torra, baina espainola eta ingelesa ere erabili zituen, Mariano Rajoyri eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea elkarrizketara gonbidatu zituenean. Presidentegaiaren esanetan, subiranisten proiektuaren lehentasuna da «elkarrizketa, hitzarmena eta elkar ulertzea bultzatzea».

Bi orduko etenaren ondoren, 15:00ak pasatxo zirenean, legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoen txanda iritsi zen. Torrak ez zuen bere diskurtsoan desobedientziaz hitz egin, eta Riera CUPekok JxCri eta ERCi leporatu zien estatuari desobeditu ez izana. Aldebakarreko bidea egitera deitu zituen, bidez batez. «Independentismoa ez da errepublika gauzatzeko gai izan, eta benetako borondate falta izan da arazoa. Azpiegitura hegemonikoak mugitzeko kezka egon da». Antikapitalistarentzat, herritarren mobilizazio «ez-biolentoak» beharrezkoak dira errepublikaranzko bidean. «Uko egiteak eta etsipena besterik ez ditu ekarriko esparru autonomikoan erreformak bultzatzeak».

Sergi Sabria ERCkoak alderdi unionistek izandako jarrera kritikatu zuen, eta azpimarratu bere alderdiak helburu bakarra duela: «Kataluniaren askatasuna irabaztea». Gobernua edukitzea ezinbestekoa iruditzen zaio, pentsatzen baitu estatua Kataluniarijazarriko zaiola aurrerantzean ere, eta «instituzioak beharrezkoak ditugu defendatzeko». Azkeneko hilabeteotan bere alderdiak erakutsitako joerari eutsiz, pentsatzen du «gehiengo sendo» bat eratzea tokatzen zaiela independentistei: «Oinarri soziala zabaltzea dagokigu».

Unionisten kritikak

Kataluniarren erdiari zuzentzea egotzi zioten unionistek Torrari. «Nazionalismo identitario baztertzailea ordezkatzen duzu», leporatu zion Ines Arrimadas Ciutadansekoak. Oroitarazi zion, gainera, Europak Espainiaren jarrera babesten duela. Arrimadasentzat, presidentegaiarekin «gatazka» ziurtatua dago, eta iruditzen zaio ez duela gobernu bat osatu nahi, «CDR bat» baizik. «Muturrekoa» zela esan zion Arrimadasek Torrari, eta presidentegaiak erantzun zion baietz, hala dela: «Kataluniarengatik, beharrezkoa dena».

PSCko Miquel Icetarentzat, Torraren diskurtsoak «aurreko legegintzaldikoak» oroitarazi zizkion. Kritiko azaldu zen Erbesteko Eremu Askea-ren egitekoarekin, eta zalantzan jarri zuen urriaren 1eko emaitzari subiranistek ematen dioten legitimitatea.

Inbestidura «askoz ere azkarrago» egin zezaketela aurpegiratu zion JxCri, Xavier Domenech Comukoak. «Zure diskurtsoak zalantza asko eragin dizkit», esan zion Torrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.