Txema Ramirez de la Psicina

Gerra gerrari!

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi pasatu da. Otsailaren 24an hasitako laztura handituz doa. Buru osasuna babeste aldera, ez diogu telebistari arreta handiegirik eskaini nahi, baina —ezinbestean— irudion gordinak harrapatzen gaitu: atzo bihotzean zimiko bat, gaur urdailean ausiki ñimiño bat. Ukrainan 45 egun daramatzate bonbapean, izuaren menpe. Yemenen, berriz, lau urte baino gehiago. NBEren arabera, egun Yemengoa planetako krisi humanitariorik handiena da: hamarnaka mila hildako eta 24 milioi pertsona gose edo indarkeriapean. Yemengo sarraskia ez zaigu iristen. Batean zein bestean, basakeria. Gerra krimenez hitz egiten da, gerra bera kriminala izango ez balitz bezala.

Komunikabideak, sare sozialak, Internet... inoiz baino gehiago gudu-zelai bilakatu diren honetan, egunotan —Butxako sarraskia dela medio—aspaldiko eztabaida azaleratu zaigu berriro: nola eman gordinkeriaren berri? Eman behar da, ala gure sentiberatasuna babestu behar dugu? Badakizue zer dioen etiketa profilaktikoak: «Ondoren datozen irudiok ikuslearen sentiberatasuna erasan dezakete».

Nik, aholkuak baino gehiago, galderak ditut salgai: zilegi al da gorputz mutilatuen izua munduari bere hartan azaltzea? Eta noraezean, intzirika, zabuka, dabilen ume horren ibilera? Eta erditzear dagoen emakumearen lantu desesperatua? Edota eskuak lotutako gorpuen irudia? Eta hilotz sorgortuen deiadarra? Bai, badakit: rigor mortis ez da batere fotogenikoa. Instagramen ez da txukun geratzen. Nahiz eta bizpahiru galbahe desberdin aplikatu, gordinegi gelditzen da (barka fribolitatea). Baina, gizakiok egindako munstrokeria hor dago; guk ikusi nahi edo ez. Zerk ilustratzen du ongien gerraren zentzugabekeria bere zarpail basatiak baino?

Eztabaidak ertz asko ditu, eta komunikabideen historia bezain zaharra. Aste honetan bertan jaso dut Ernst Friedrich-en Krieg dem kriege! liburuaren gaztelaniazko itzulpena (¡Guerra a la guerra!, Sans Soleil, Gasteiz 2018). Ander Gondra gasteiztarra da itzultzailea. Loa galarazteko moduko lekukotasuna.

Friedrich gaztetatik langile mugimenduan eta antimilitarismoan militatu zuen anarkista bakezale alemaniarra izan zen (1894, Berlau; 1967, Le Perreux-sur-Marne). 18 urte zituela kartzela ezagutu zuen, armagintza industriaren aurka egindako sabotajea zela medio. 1924an, aipatutako liburuaren lehen edizioa argitaratu zuen. Bertan ageri ziren lehen mundu gerrako artxibategi militar eta medikoetatik egileak berreskuratutako argazki izugarriak. Gerraren ustezko heroitasuna biluztea zuen xede. Bere izpiritu internazionalistari jarraikiz, lau hizkuntzatan kaleratu zuen liburua: alemanez, ingelesez, frantsesez eta nederlanderaz. Argazki oso gordinak ziren, batere zentsurarik gabe, inolako galbaherik gabe, bere hartan. Hilabete batzuk geroago, material horiekinGerraren aurkako museoa ireki zuen Berlinen. Hiriko foro politiko eta kulturaletan erreferentzia garrantzitsua bilakatu zen; naziak boterera ailegatu arte. 1933an Friedrich atxilotu eta museoa suntsitua izan zen. Toki berean naziek SAren atxilotze eta tortura leku paratu zuten. Eskarmentua, lege.

Erbestean zegoela, Belgikan, museoaren bigarren saiakera egin zuen, harik eta Hitlerren tropek estatu hori ere okupatu eta Frantziara alde egin zuen arte. Han erresistentziara bildu zen. Azkenean, frantziar herritartasuna eskuratu zuen. Hil artean bakearen aldeko militante porrokatua izan zen.

Friedrichen liburua ez da soilik izuaren galeria bat. Egileak, gerraren arrazoiez jarduteko, Platonen ondorengo esana jasotzen du: «Gerra guztien zioa aberastasuna lortzea da». Eta hauxe gaineratzen du Friedrichek: «Egun gauza bera gertatzen da. Helburua bera da; dirua babestu, eta ondasunez eta botereaz jabetu. Horregatik, kapitalak jaun eta jabe eta jendea zapaltzen duen bitartean, gerrak izango dira». Ia ehun urte dute hitz horiek. Non gaude orain Putinen gas eta ikatza kezka iturri dugun honetan?

Liburuaren esker onen atala autentikoa da. Honela dio: «Mila esker nire torturatzaileei. Esker anitz fiskal alemaniarrei, liburu honen edizioan zehar nire materiala konfiskatu eta lapurtu zidaten pertsonei. Izan ere, atxilo egon naizen garai labur edo luzeak oso baliagarriak izan zaizkit bolumen hau hobetzeko. Nire ziegako bakartasunean beti topatu ditut ideia berri eta hobeak. Beraz, haiek ez-jakitun badira ere, fiskal horiei ere eskerrak eman behar dizkiet obra honen hobekuntza ahalbidetu dutelako».

Pablo Gonzalez jatorri errusiarra duen eta EHUko doktoregoko ikasle den euskal fotokazetariak 41 egun daramatza bere ziegako ilunean senide eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egin gabe. Eskandalu bat. Delitu oso lazgarria egin du: gerraren alde bietako iturriak alderatu. Komunikabideetan lengoaia belikoa egongelako azken zirrikituraino sartu zaigun honetan, badirudi batzuentzat Pavel-en portaera profesionala barkaezina dela. Zer egin dute euskal agintariek Gonzalezen askatasuna lortzeko? Poloniako enbaxadan aurkeztu al dute kexaren bat? Rzeswow-eko presondegira joan al dira? Borja Lazaro gasteiztar argazkilariak 3.008 egun daramatza Kolonbian desagertuta. Familiak haren arrastoa galdu zuen 2014ko urtarrilaren 14an. Ez. Hauek ez dira garairik onenak gerrako fotokazetari edo berriemaileentzat. Inoiz ez dira izan. David Beriain artaxoar eta Roberto Fraile barakaldar kazetarien hilketak urtebete egingo du hil honen 27an. Burkina Fason jazo zen.

Hola, Lecturas eta antzeko aldizkarietako azalak ikusten ohituta gaude aspaldi. Ez dute eskandalurik sortzen. Berton ageri diren bikote heterosexualen bizimoduak ez du zerikusirik agerkari horiek erosten dituen jendearen bizitzarekin. Aldizkariok ilusio bat saltzen dute, irri eta pose perfektua, atzean etxe dotore edo leku ederrak dituztela. Beren irakurleek ez dute inoiz errealitate edulkoratu hori ezagutuko.

Nik ez dakit izuaren berri bere hartan noraino eman behar den. Pertsona bakoitzaren pertzepzioa oso desberdina da. Argi daukadana da eztabaida beharrezkoa dela eta Ernst Friedrich-en liburuak merezi duela euskaraz ere argia ikustea. Bi urte barru, 2024an, kaleratu zeneko lehen mendeurrena beteko da. Ordurako izango al dugu? Izenburua argi dago: Gerra gerrari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.