Angel Erro.
JIRA

Afaria

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Maiatzeko hauteskunde mahaietako karguak aste honetan zozkatu dira. Arrebak nire nortasun agiriko letra eskatu dit (zenbakia ba omen daki) eta broma egin dit mahaian egokitu zaidala esanez. Sinetsi diot eta berak uste baino disgustu gutxiago hartu dut. Agian horregatik egia aitortu dit hain azkar.

Aspaldian jarria dugu lagunok hitzordua hauteskundeen bezperan afaria egiteko. Egun berean Alde Zaharreko festak omen dira, guk hitzordua paratu ondoren jakin dugunez. Pentsatu dut txantxa bera egiten ahal niela adiskideei ere. Banan bana idatzi diet udaleko webgunean begiratu eta ikusi dudala egokitu zaiela esanez. Ez dute egiaztatuko. Bakoitzari kargu bat asmatu diot.

Olgeta asmoz hasitakoa beste zerbait bilakatzeko aukera bihur zitekeela ikusi dut laster. Berriz idatzi diet afarian ehuneko ehunean egon ezina deitoratuta. Gramo erdi bana hartzeko aukeraz hitz egin zen aspaldian, hura ere txantxetan, baina erdiek seriotan esanen zuten, edo genuen. Proposatu diet besteei ezer ez esateko (mundu guztia kuadrilla saltzeko prest baitago) eta nik taldean idatzita hitzordua atzeratzea proposatzeko. Espero bezala, nire ustezko falta denek ezinbestekotzat jo dute eta hurrengo baterako uztea adostu. Demokraziaren beste garaipen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.