Pako Aristi

Kulturaren inperioak

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako aldizkari batean zetorren erreportajea, itxuraz injustizia bat salatzeko lantua zirudiena: ba omen dira idazle euskaldunak, katalanak, gailegoak eta asturiarrak, euren herri-hizkuntzan arrakasta izan arren, itzulirik Espainian irakurlerik lortzen ez dutenak. Katixa Agirreren Los turistas desganados aipatzen zuen tartean, zeinak jatorrizko bertsioan sariak eta txaloak jaso arren, Espainian ez duen jaso merezi zuen oihartzunik.

Hitzek, ordea, deskribatzen dutena baino gehiago esaten dute idatzi dituenaz, eta antzeko testuei darien nagusitasuna eta prepotentzia begien aurrera jaurtitzen digute euren testuinguruan irakurtzen hasiz gero. Politikoki menderatutako herriak literarioki ere menderatuak baitira, eta hori da kultura hegemonikoarekin daukaten harremanaren ezaugarri nagusia. Ez da kalitatearen arabera neurtzen haien balioa, indar harremanetan daukaten lekuarekin baizik.

Politikoki inperialista den nazioa, kulturalki eta linguistikoki ere inperialista da; badaki menderatutako herrien nazioarteko aitortza bere galbahetik igarotzen dela, bere kontrolpean daukala, eta kamuste-ahalmen hori erabili egiten du. Badaki erreferentzialtasun txartelak berak banatzen dituela, herrialde horien eskumen infra-politiko guztiak bezala, eta aldika, tantaka, operazio guztiz neurtuen bidez aitortuko dio mendeko herriko artistaren bati bere kalitatea, letra larriekin idazten den nazioarteko kulturaren kontzertuan. Zeren badaki, baita ere, menderatuei tarteka onura zenbait eskaini behar zaizkiela gustura egon daitezen; ukamen orokorrak oldarraldi nazionalak eragin ditzakeela, eta noizbehinkako sariek, aldiz, baretasuna, kultura inperialistarenganako konplizitatea, aitortuak izatearen sentimendu gozagarri otzana, metropolian onartuak izateko desira sortuz sortzaileengan, edo onartuak ez izatearen konplexu sakon eta ernegagarri bat.

Suso de Torok galizieraz idazten du, eta diagnostiko bertsua egina du: «Gure ahuldade politikoa dela eta, munduko beste hizkuntzetara iristeko derrigorrez espainolaren eremutik igaro beharra dago, zeina liburuen zabalkundea murrizten duen aduana bat baino ez den». Baina Arturo Casas teoria literarioaren irakasle galiziarrak zorrotzago esango du: «Gune hegemoniko guztien aspirazioa da haien zaindariek periferian seinalatzen duten hura bereganatzea, metabolizatzea, haren ezaugarri identitarioak kamustea. Botere hegemonikoaren baitan beti dago periferiarekin interlokutore pribilegiatu bat. Aduanak ditu gustuko. Hitz egiten du idazle edo intelektualekin, zentroan aurkezten ditu, eta zerrenda bat prestatzen du, hurrena aukeratuak izango diren ordezkoekin». Harkaitz Canok bizi izan du gertaera bitxi bat, Twist nobela aurkeztuz Madrilen, oro har nahiko txukuna izan zena, baina desagerpen misteriotsu batekin bukatu zena: La Razón egunkariko kazetari batek egin omen zion elkarrizketarik interesgarriena, baina inoiz ez zen testu hura argitaratu. «Hark ere izango zian jeferen bat...».

Liburuak itzuli, itzultzen dira, baina metropolian ez dute horien ezagutzarik bultzatuko; itzultzen da, ezinbestean, espainola dugulako Europako beste hizkuntzetarako balizko itzulpenak ahalbidetzen dituen instantzia bakarra; itzultzen da gure ezintasunaren froga bezala, boluntarismo handiz eta debalde; itzultzen da, ez irakurle ugariagoen bila, nazioarteko editoreentzako baizik; itzultzen da, hamar urtetik behin Espainian sari nazional bat ematen digutelako, eta ez obra ona denean, arazo politikorik sortuko ez duen idazlea detektatzen dutenean baizik; itzultzen da, euskarari bizkar emanda bizi direnen arrazoiak aitzakia huts direla baieztatzeko, itzulita ere ez zaiela zipitzik axola gure herriaren jatorrizko kultura; itzultzen da, erregu eginez bezala, leku baten eskaera, txikiak garela sinetsarazi digutenei esateko «txikiak, baina onak»; itzultzen da, enfin eta poema bukatzera doa, testua amen batean ahaztua geratzeko.

Kultura batek bestea menderatzen duenean, itzulpenak ez duelako jasotzailerik aurkitzen bestaldean. Baina gure sistema komunikatiboan ere etengabe ageri da gure prekarietate linguistikoa. Adibidez, urriaren 7an Juan Jose Ibarretxeren artikulu bat zetorren erdarazko euskal egunkari batean, «Olas...» izenburuduna. Gero euskaraz irakurri genuen, erredakzioan itzulia aipuarekin. Bi galdera pizten dizkit gertaera xume baina esanguratsu honek: euskaraz badakien pertsona baten testua itzultzeko lana hartu behar du euskal kazetariak? Eta bi: noiz ikusi dugu euskaraz idatzitako testu bat espainolezko egunkarietan traducido en la redacción aipuarekin? Ez da kalitatea arrazoia, botere harremanak baizik; interesa ez du kalitateak pizten, indar mediatikoak baizik, boteretsuak galbanizatzen ditu kultura azpiratuak, eta definitzen ditu, bazterreko, periferiako, erregional, txiki, hura gabe ezdeus direla sinetsaraziz.

Eta gure sufrikarioa bikoitza da: itzultzen ditugu, batetik, euskara ikasteko gogorik izan ez dutenen artikuluak, edo jakinda ere idazteko gogorik izan ez dutenenak, eta itzultzen ditugu, bestetik, gure liburuak, irakurri nahi ez dituztenen eskura jartzeko. Kultura bat beregaina ez bada, ez baditu garapen bide propioak, beste kulturekin berdintasunezko harremanak, ez badu gogo bizi bat, askatasun psikologikoa, indar politikoa, orduan sub-kultura bilakatzen da, hegemonikoen azpi-sail bat, haien zabalkunde zidorretan modu trakets batean ibiliko dena, indiferentziaz inguratuta, aldikako onguraz liluratuta, baden edo ez ote den zalantzan, zenbateraino ote den, noiz arte izanen den. Eta kultura hori bizi bada bere txikikeriaren kontzeptu galgarrian eroso sentitzen den klase politiko baten itxaropenean, galga bikoitz bat nozituko du, metropoliarena, batetik, eta bertako eliteena, bestetik; ez da kasualitatea Euskal Herriko eliteek egin zuten espainol hizkuntzaren aldeko hautu programatikoa, existentziala eta kulturala, tinko mantentzen dutena gaur egun ere.

Gure hizkuntzaren inexistentzia litzateke haientzat, bai metropoliaren jagoleentzat, bai bertako eliteentzat, ahopeka onartua bada ere, egoera perfektua; eta dolutzen zaie hala ez delakoz. Gure hazkundearen murrizketa kontrolatua darabilte, bitartean, arazoak gainezka egin ez diezaien.

Honela zuen izenburua erreportajeak: Egile periferikoak. Eta azpian: «Hauek dira Espainian irakurtzen ez ditugun egile espainolak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.