Pako Aristi

Rosa ez da itzuli

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Askatasun nazionalaren alde borroka egin duenak espero du, eta are gehiago kartzelan 25 urte igaro ondoren, herria bere garaian zegoena baino egoera hobean aurkitzea. Horixe da Rosak izan zuen nahigabearen arrazoia kartzelatik atera zenean, bizitzak denoi dakarzkigun gorabehera pertsonalekin batera.

Rosa fikziozkoa da, ordea, baina bere fikziozko bizitzan ere ez du zorte handirik izan. Adiskide lituzkeen hedabideetan bizkarra eman diote, gehienek ez dute sakondu nahi izan haren arrazoietan, ez propagandarik ere eskaini. Penaz frogatu du Rosak generikoki abertzalea dei litekeen hedabide sarea nola urrundu den garai bateko posizioetatik, identitate menderatuontzat guztiz hilkorra den elkarbizitza politiko-kultural asimetrikoaren ideia besarkatuz.

Baina bere fikziozko bizitzak eman dion poz bat izan da ohartzea jende asko dagoela, oraindik, egoera honekin konformatzen ez dena, milaka eta milaka direla, eta iritsi da sinestera hor dagoela herri hau eraldatzeko benetako palanka, energia soziala, gogo nazionala. Hor, eta ez Gasteizko parlamentuan, Nafarroako gorteetan, ez Madrileko kongresuan, ez alderdi politikoetan.

Eta honek merezi du esplikazio bat, izan ere, Rosaren fikziozko bizitzaz ez da kritikarik agertu lehenago aipaturiko hedabideetan. Beste batzuetan agertu direnak, aldiz, guztiz ideologikoak ziren, eta hori Rosari murrizketa kognitiboa iruditzen zaio, bere bizitza ez baita soilik ETA izan, hor daude bere amaren alzheimerra, senitarteko sekretuak, amodio platonikoak, miresmen larregiaren ondorioak, mendekuak, traizioak... Gai asko, baina kritikak batean laburtzen dira: Rosaren fikzioan alderdi bat agertzen dela soilik, ez herri honek omen daukan pluraltasuna, ez gatazkaren sufrikario guztiak. Eta Rosak esplikatu behar izan du, fikziotik, herri bat menderatzen dutenean hiru giza-talde sortzen direla nagusiki, hiru korronte ideologiko, egoera ikusteko hiru modu.

Lehen multzoa menderakuntza justifikatzen duen taldea da, kanpokoa izan edo etxekoa, ondo ikusten dute konkista eta asimilazioa, ez dute konplexurik agertzen; horretarako daukate boterea, propaganda ahalmena, indarra, armada eta estatu baten zilegitasuna.

Bigarren multzoa egoera horri erresistentzia agertzen dion taldea da, edo, behintzat, deserosotasunaren kontzientzia duen jendea, egoera hau ez dela naturala, ez dela egokia, sanoa, ez dela justiziazkoa adierazten duena, eta gutxiago demokratikoa. Talde honek konfrontazioa bilatzen du, edo desobedientzia sinbolikoak egin ditzake. Rosaren kasuan erresistentzia armatua izan zen bere hautua. Hargatik Rosa asko harritzen da irakurtzen dionean Foro Sozialari, adibidez, orain, ETA desegin zenetik badirela elkarbizitza demokratikorako baldintzak, errealitateari begirada bat ematea aski baitzaio ohartzeko zeinen menperatuak gauden, asimilatuak, alienatuak. «Egoera horretan baldintza demokratikoez hitz egin liteke?», galdetzen du. ETA baldin bazen menderakuntza horren sintoma, uste dugu sintoma desagerturik gaitza sendatu dela?

Hirugarren multzoan status quo honen proposamen politikoetan parte hartzen dutenak daude, hartara euskal gizartean eragina lortuko dutelakoan. Baina subordinaziotik sistema ezin dela aldatu ohartzen direnean halako bipolaritate patxadatsu batean bizitzen hasten direnak, errealitateak etengabe ukatzen dizkien hitzak eta mezuak erabiliz galeriara begira, eta de facto menpekotasuna onartuz erabaki praktiko guztietan. Multzo hauek ez daude finko eta geldi, aldatzen doaz historiako une ezberdinetan, eta aldaera horietan jokatzen da herri baten existentzia eta etorkizuna.

Rosari, noski, bigarren multzoa iruditzen zaio interesgarriena, bere bizitza hor gauzatu eta garatu delako, erabakirik muturrekoena hartuz ondorio guztiekin: bere kondena bete zuen zintzo-zintzo, 25 urte, eta inoiz ez du kontzienteki herri hau galbidean eta salbidean ipini. Hori du bere bakea.

Okupazio politiko-militarrak sortzen dituen hiru giza talde horien markoan Rosak bere begietatik kontatu du historia, denek egiten duten bezala. ETAren historia, gure herriarenaren zati bat denez, Espainiatik ari zaizkigu kontatzen nagusiki, medio guztiak erabiliz: Patria nobela lehen multzoko ikuspuntutik idatzia da, eta laster serie bilakatuko digute, berdin La linea invisible telesaila ere, edo El comensal nobelan oinarritutako filma. Izan ere, menderatzaileen mezu hegemonikoa da gure espazio komunikatiboa osoki okupatzen duen airea. Eta erakunde autonomoena pentsamendu ofizialaren ongarria da, alderdi politiko guztiek bereganatu duten marko politikoaren erreferente bakarra. Kontua da bi joera nagusi hauen artean isilarazi nahi dutela herri honetan erresistentziaz geratzen dena. Eta hori da Rosaren kezka, kexa. Hor sentitzen du Rosak interesa eduki dezakeela bere bizitzak. Ez dago Madrilen, bere herrian zergatik ezin du bere historia kontatu eta normaltasunez zabaldu?

Euskal literatura irakurtzen baitu Rosak, eta ohartua da beste bitxikeria batez ere: gurean hobesten eta promozionatzen diren obrak Espainiaren hegemonia funtsean zalantzan jartzen ez dutenak direla, edo ez gehiegi, behintzat; autonomismoarekin atseginak direnak. Orain, kontsideratzea metropoliaren ikuspuntua dela unibertsala, eta mendekoaren kronika, aldiz, sektarioa, alde bakarrekoa, miopia ideologikoa iruditzen zaio; hori pentsatzea da, hain zuzen, menderatzaileak guk pentsatzea nahi duena.

Dena prestatua dago, ETAkide bat nobelan agertzen denean, damutua izan dadin, edo, gutxienez, barne oinazeak izan ditzan, egindako minaren kontzientzia. Horri deitzen zaio sakontasuna.

Inongo armadako soldadurik ez da damutzen egindako minaz. Dominak banatzeko orduan oinarrizko meritua da etsaiari kalte larriak eragin izana: «45 abioi alemaniar suntsitu zituen», edo «134 etsai garbitu zituen gure frankotiratzaile loriatsuak».

Biolentzia antolatu legitimoan meritua dena talde armatu klandestinoari gaitzespen modura aplikatzeak garbi adierazten du ez direla etikaz ari, politikaz baizik. Haien helburua ez da morala edo humanitarioa, herri baten kontrol ideologikoa mantentzea baizik. Honekin hasi, eta usurpazio hori posible egin zuen herriaren historia kontatzeko modua bahitu arte, atsedenik hartu gabe. Eta literaturak ere balio die horretarako.

Ez pentsa; ni neu ere ez nago ados askotan Rosarekin, ados ez nagoen bezala Aureliano Buendiarekin, Akab kapitainarekin edota Fakirrarekin. Baina afinitate ideologikoetatik landa dagoen beste plazer baten gailurra aurkitu dut haien orrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.