Isiltasun baten sintoma kezkagarria

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Esanguratsua egiten zait behatzea, Quim Torra inhabilitatu zutenetik, (ia) inork ez duela gure artean komentariorik argitaratu haren diskurtsoaren harira; are esanguratsuagoa, inhabilitazioaren kausa eta haren ondorioak, zein president-ak esandakoak, zerikusi zuzena daukatenean gurekin: gure oraingo egoerarekin eta etorkizun politikoarekin. Aztertzekoa litzateke isiltasun hori.

Inbidia sentitu nuen Catalunyako erakunde nagusiko lehendakaria, instituzioko gizon bat (rara avis, hori bai) era honetara mintzatzen entzun eta ikustean, esanguratsua iruditu zitzaidan bezala lehendakari bat prest egotea bere kargua galtzeko oinarrizko eskubide bat, adierazpen-askatasuna, erabakimenez defenditzearren. Gutxi gorabehera hauxe esan zuen molt honorable Torrak: 1978ko erregimenarekin eten gabe, beti katramilatuta biziko gara, autonomia bera da muga. Muga gaindiezina. Ezinezkoa da legetik legera pasatzea…

Inhabilitatu ondorengo diskurtsoan Quim Torrak adierazitakoa behin baino gehiagotan erabili da hitzetik hortzera, ahotik letretara, gure artean, gure hedabideetan eta gogoeta publikoetan. 1978ko erregimena hezurmamitu zenetik ohikoa izan da gure artean: 'aurrekoarekin ez da eten, eta hauxe da ondorioa: Espainiako estatuaren usteldura erabatekoa, eta gure ezina'. Tonu guztietan, holako zerbait. Berrogei urtetik gora goaz, eta autonomia-estatutua bera ez da gauzatu Euskal Herriko Euskadi deritzon erkidegoan.

Hau dena ez da ezer berria, gure arteko diskurtso normala izan da. Sinetsita nago orain ere horrela pentsatzen dutela askok eta askok, gure buruzagi politiko argienek ere bai, seguru, eta hor dago demostratzeko, batik bat ezker abertzaleak egin duen ahalegina «estatutu berria» gauzatzeko, aurrekoari bypass egiteko-edo, edota autonomiaz berba egin ordez burujabetzaz hitz egiteko. Eskertzekoa da ahalegin hori, baina hau ez da hitz kontua; eta nago ez dela batere probetxugarria beti horma berberarekin topo egiten ibiltzea (jakinik alferrik dela), eta nago, berrogei urteotan autonomia-estatutua erabat transferitu ez den bezalaxe, urteak eta urteak joan daitezkeela, Sisifo bezala, harritzarra gora igo nahian, eta ezinean.

Niretzat goian aipatutako isiltasuna sintoma bat da, eta nire hipotesia da isiltasun horrek adierazten duela, praktikan, ERCren politika berbera nagusitzen ari dela gure artean: erakunde autonomikoak kudeatu, batik bat parlamentuan, autonomian sakondu haren josturak barrutik leherrarazi arte, gero eta boto gehiago metatuz independentzizaleon hautetsontzian —ez dut esango EAJrena ere badela politika-molde hori, gehiegi esatea litzatekeelako; baina arlo nazionalari dagokionez, berdina: geroko geroa betikotuz—.

Nik ez dut zalantzan jartzen Catalunyako errepublikarrak independentziazale direla, baina ez balirabezala jokatzen ari dira; alegia, kontrakoa aitortu ondoren, eta kontrakoaren alde borroka eredugarria egin ondoren, autonomiaren garapenean tematuz, uste izanik «asko» direnean / garenean, legeak aldatuz, egun batean estatu espainoletik libratzeko gai izango direla / garela. Espainiako deep govern delako hori eta ezkertiar kontsideratzen diren partidu espainiarrak ez dira sekula prest egongo demokratikoki irabazitakoa demokratikoki aitortzeko. Arazoa gurea da, katalanena den bezala. Hurrengo hauteskundeetan katalan independetziazaleek gehiengoa lortzen badute %50eko marra gaindituz, 2017an sentitu zuten angustia berbera sentituko dute jauzi egiteko orduan, behingoz estatuaren kaiolako burdinak hautsi eta alde egiteko, zango azpian sarerik gabe egin behar delako jauzi. Zer gertatuko den jakitun, abisu eman du Quim Torrak berak: «%50a gainditzen badugu, ondorioak izan behar ditu; baina orain, ez auskalo noizko». Ondorioak baldin badauzka, ordea, oldarraldi berbera abiatuko du estatu espainolak, eskuinekoak eta ezkerrekoak baturik. Espainiatik inor ez da joaten haren indarkeria jasan gabe.

Nire ustean, arazoa mentala da. Beste gauza batzuetan okupatuta gaude. Denak ezinbestekoak, oro har: «jendearen baldintza materialak hobetzen». Eta ondo da, gure hautu historikoa baita kontsideratzea «arazo soziala eta nazionala txanpon berberaren bi aldeak» direla. Askatasun nazionalari dagokionez, ordea, auzia ez da konpontzen aurrekontuak onetsiz edo inbestidura baldintzatzen. Hor moztu egin behar da, egoera egonkortu ordez desegonkortuz, losintxa egiten hasiak diren lagun berriekin haserretuz; «irria ezpainetan» ahal duenak. Nire kezka da arazo nazionala ez daukagula lehen planoan, orain beste urgentzia batzuk daudelako-edo, eta, lehen planoan ez dagoenean, nazio-osotasuna ez dagoen bezala, batik bat subjektu politikoak ugaritu zirenetik, ahazteko arrisku handia dago. Kontuz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.